Euskara eskakizunen aurkako epai berri bat izan da Gipuzkoan
CCOOk abiatutako helegiaren ondorioa izan da euskararen normalizazioaren kontrako epaia.
2024ko urrian administrazio orokorrerako 34 goi mailako teknikari posturako lan deialdia egin zuen Gipuzkoako Aldundiak, eta lanpostu guztientzako ezarri zuen euskara eskakizun maila gorena, C2-a. Neurri honen kontra egin zuen CCOO sindikatuak: eskakizun maila hori “gehiegizkoa” dela argudiatu zuen, eta arrazoia eman dio Donostiako auzitegi batek. Aldundiak epaiaren aurkako helegitea aurkezteko aukera du, baina erakundeak jakinarazi duenez, horrelakorik ez du egingo.
Sindikatuak berak eman du albistearen berri, eta funtzio publikoan aritzeko euskara eskakizunen auziari buruz duen ikuskera azpimarratu du berriz ere: administrazio publikoetan “era masiboan eta neurrigabean” ezartzen dira, eta langileak babesgabe daude exijentzia horien aurrean. C2 maila eremu oso jakin batzuetan soilik eskatu beharko litzatekeela uste dute CCOOn: “Linguistikaren arloko langileei soilik eskatu beharko litzaieke, bestelako lanpostuetara zabaldu gabe”. CCOOk adierazi duenez, sententzian jartzen du diputazioak ezarritako euskara eskakizunak “era bidegabean” gainditzen duela legeak ezarritako derrigortasun indizea.
1997ko 86/1997 Dekretuak ia 30 urtez arautu du euskararen erabilera EAEko administrazio publikoan. Dekretu horren arabera, “nahitaez bete beharreko indizeak” zehazten zuen zenbat lanpostuk izan behar zuten euskara eskakizuna. Indize hori erroldako datu soziolinguistikoetan oinarritutako formula baten bidez kalkulatzen zen: euskaldunen kopurua gehi “ia euskaldunen” erdiaren batura. Adibidez, udalerri batean euskaldunak biztanleen %30 badira eta “ia euskaldunak” %20, kalkulua honela egingo litzateke: 30 + 10 (20/2). Ondorioz, lanpostuen %40k izan beharko lukete euskara eskakizuna. Urte luzez, erakunde askok indize hori gutxienekotzat jo dute; azken urteotan, ordea, hainbat epailek gehieneko muga gisa interpretatu dute. Epaien ondorioz, zenbait erakundek euskara eskakizunak apaltzeari ekin diote. Jaurlaritzak berak ere baztertu egin du 86/1997 Dekretua bere horretan mantentzea, eta Gasteizko Legebiltzarrean administrazio publikoan euskara eskakizunak arautzeko sistema berria ezartzeko prozedura abian da.







