lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 11/02/2026

Iaz, gutxienez 84 langilek galdu zuten bizia Hego Euskal Herrian

La Haine - Euskal Herria
2025eko zifra azken hamarkadako altuena da. Hala ere, hamarkada honetan, gutxienez 696 langile hil dira lan istripuz.

Soldatapeko lanean erregistratutako heriotzen berri eman dute jadanik iturri sindikalek. Guztira, 84 langile hil ziren lan istripuz iaz Hego Euskal Herrian, eta horrek orain arteko markak hautsi ditu. Izan ere, 2025eko zifra azken hamarkadako altuena da. 84 hildakoetatik, 25 ez traumatikoak izan dira; 17, kolpeen edo harrapaketen ondorioz; eta 3, altueratik erorita, besteak beste. Sektoreei dagokienez, errepideetan merkantziak garraiatzen ari ziren beharginen artean izan dira lan-heriotza gehien, 22 garraiolari hil baitira. Makineriarekin lanean ari zirela harrapatzeen edo bestelako arazoen ondorioz bizia galdu duten langileak hamasei izan dira, eta eraikuntzan hil direnak, berriz, hamabi. Azken hamarkadan, 696 lan heriotza zenbatu dituzte eta salatu dute Euskal Herrian istripuen kopurua etengabe ari dela handitzen.

Bestetik, 2025ean enpresek eta mutualitateek Hego Euskal Herrian 95.000 lan istripu baino gehiago izan zirela adierazi zuten, eta horietatik erdia baino gehiagok bajak eragin zituztela. Hala ere, sindikatuek salatu dute Osalanek kasu askotan ez duela lan jatorria aintzat hartu, eta istripu asko ez dituela erregistratu. Era berean, Eusko Jaurlaritzak istripu hilgarrien kopuru garrantzitsu bat zenbatzeari uko egiten diola salatu dute. Izan ere, sindikatuek identifikatutako 50 istripuetatik 30 baino ez ditu aitortzen. Garraiolarien heriotzak, obra zibilekoak, heriotza ez-traumatikoak edo in itinere edo in mision gertatutako hainbat ez dira kontuan hartzen. Kanpoan uzten dira istripua gertatu ez zen autonomia erkidegoan alta emanda ez dauden langileen heriotza guztiak. Lan heriotza bezala ukatu diren 2025eko heriotzen artean, kasu honetan Nafarroan, bereziki larria dena aipatu nahi izan dute: 2025eko martxoaren 5ean azken hamarkadetako istripurik larriena gertatu zen: 4 pertsona hil ziren Fiteron, bi kamioik aurrez aurre talka eginda.

Bukatzeko, patronalak sortzen duen prebentzio eta lan arrisku falta gaitzetsi dute. Nafarroako Gobernuak argitaratutako txosten batean adierazten denez, enpresen % 80an ez dute prebentzio neurririk hartzen.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal