lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 07/03/2024

Aske utzi dituzte atzo goizean atxiloturiko 6 euskal militanteak

Kazeta.eus/La Haine
Hauetako bost Baionako Auzitegi Korrekzionalean auzipetuak izanen dira ekainaren 11n, hainbat delitu egotzirik.

Sei gazte lapurtar atxilotu zituzten haien etxeetan martxoaren 6ko goizeko lehen orduetan, gertakari ezberdinei loturik. Seietako bat egun bereko arratsaldean utzi zuten aske, agintariek bilatzen zuten pertsona ez zela jabeturik. Beste bost gazteak, Hendaia eta Urruña artekoak, martxoaren 7 honetako arratsalde hastapenera arte ukan dituzte Baionako komisaldegian.

Berriki aske utzirik, ekainaren 11n Baionako Auzitegi Korrekzionalean epaituak izatearen beha geratu dira. Delitu ezberdinak egozten dizkiete bakoitzari, Lapurdiko hiriburuko Jérôme Bourrierrek jakitera eman duenez. «Aurpegia estalirik taldean eginiko degradazioengatik, taldean autoritate publikoen kontrako bortizkeriagatik eta aztarnak ematea errefusatzeagatik, hau da, aztarna digitala eta DNA», zehaztu du prokuratzaileak.

Uztailaren 14ko eguneko eta erretreten erreformaren kontrako manifestazioetako bateko gertakariei lotuak dira egozpenak. Hain zuzen, lau gertakari badira. Uztailaren 14an andeatzeak egin, Hendaiako tren ttipiko gidaria erasotu, higiezin agentziak degradatu eta erretreten erreformen kontrako manifestazioko istiluetan polizia erasotu izana leporatzen diete.

Goizeko 06:00etan hasi zen polizia gazteen etxeetara sartzen eta hauek miatzen, gazteetako biren gurasoek emandako informazioaren arabera. Baionako komisaldegira eraman zituzte denak eta atxilotuen mugikor eta ordenagailuak ere hartu zituzten, baita hauen pisukide hainbatenak ere.

Azken bi urteetako uztailaren 14ko frantziar egun nazionalean eginiko protestak dira, besteak beste, atxiloketen jatorrian. Joan zen uztailaren 14a kari, U14 kolektiboak manifestazioa gauzatu zuen Donibane Lohizunetik Ziburura, «jai egun arrotz eta inposatua» salatu asmoz. Protesta horretan zehar, Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak «frantziar banderak kendu eta lurrera botatzeagatik» ezarri zuen kolektiboaren kontrako salaketa, «frantziar ikurraren aurkako laido delitua» delakoan.

Egozten zaien beste gertakarietako bat egun berean Hendaiako tren ttipia erasotu izana da. Bertan «turistak kanpora» bezalako tagak egin eta gidariarekin istiluak ukan zituzten eta azken honek zein Hendiako Herriko Etxeak gertakariak salatu zituzten.

Bide beretik, 2023. urte hastapenean zehar Baionan izan ziren erretretren errefomaren kontrako manifestazioetako batean, poliziarekin izan ziren istiluetan parte hartu izana leporatzen diete. Beste egozpenetako bat higiezin agentzietan degradazioak egin izana da.

Gertakari hauen aurrean sustengu zabala jaso zuten atxilotuak eta arratsaldean 150 gazte inguru manifestazioa burutu zuten Baionako auzitegitik Herriko Etxera arte, ASKE antolakunde antirrepresiboak deitutako mobilizazio batean.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal