lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 15/11/2023

Astindu dinamika sortu da Hego Euskal Herriko Unibertsitateetan

La Haine - Euskal Herria
Ikasle dinamika berriak urrian abiarazitako aurkezpen kanpainaren bidez, bere burua ezagutzera eman eta irakurketa ezberdinen bitartez hezkuntza sistemaren funtzioak aztertu ditu.

Astinduk urriaren 15ean aurkeztu zuen bere burua sare sozialetan, “hezkuntza sistema, estatu espainiarraren zein burgesiaren interesak babesteko tresna” dela aitortuz eta “zapalkuntza ororen gaindipenerako baldintzak sortuko dituen hezkuntza ereduaren beharra” azpimarratuz. Honela, dinamikak, “egungo hezkuntza sistemaren problematika ezberdinen azterketa teorikoa egiteko, hauen inguruko kontzientziazioa sustatzeko eta hauei aurre egingo dieten antolakuntza eta proposamen politikoak praktikara eramateko” beharra ikusten du. Bide honetan, ikasleen interesak babestuko dituen hezkuntza eredua lortzeko “Euskal Herri independiente eta sozailista gauzatzea beharreko baldintza” dela aipatu du.

@Nup_Astindu

@IbaetaAstindu

@GasteizAstindu

@LeioaAstindu

Urri eta azaro bitartean propaganda lanetan aritu da dinamika Nafarroako Unibertsitate Publikoko kanpusean zein Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako, Ibaetako eta Gasteizeko kanpusetan.

Astelehen honetan Astinduk lehenengo irakurketa argitaratu du, hezkuntza sistemaren funtzioak aztertuz, honen gaineko kontrola daukaten egiturak identifikatuz, problematika ezberdinak azaleratuz eta hezkuntza esparrurako alternatiba politiko baten antolakuntzaren beharra azpimarratuz.

https://www.jardunkoordinadora.org/astindu-dinamikak-urrian-abiarazitako-aurkezpen-kanpainako-irakurketa-argitaratu-du/

Antolakuntza eta borrokaz, hezkuntza sistema kapitalista astindu

Hezkuntza, gizatalde ezberdinen izatearen biziraupenerako eta garapenerako instituzio garrantzitsuenetakoen artean kokatzen da. Hezitzaile eta ikasleen arteko harreman sare zabal eta ziklikoa da hezkuntza, familia eta eremu txikietatik, estatu administrazio eta administrazio pribatuetatik pasata, maila internazionaleko aktoreen eraginez zeharkatutako prozesuez osatzen dena. Orokorrean, hezkuntzak, gizabanako berrien pertsonalitatea sortzeko eta gizarteen izatea birproduzitzeko funtzioa betetzen du, horretarako oinarrizkotzat jotzen diren ezagutzak hedatuz, gizartearen balio eta arau kulturalak sozializazio prozesu luze baten bitartez asimilaraziz eta hezkuntza prozesua bukatzean, gazteak pertsona heldu eta osatu modura, gizartera txertatzeko baldintzak sortuz. Horrela, heziketa sistemaren funtsa, harreman sozial ezberdinetatik eratorria den mundu ikuskera normatiboa denboran zehar eta tokian-toki mantentzea da, harreman sozial horiek betikotzeko belaunaldi berriak sortuz.

Hego Euskal Herriko hezkuntza sistemaren gaineko kontrol nagusia espainiar estatuarengandik zein botere pribatuengandik eratorria da, harreman soziopolitiko eta ekonomikoetan hegemonia daukaten aktoreengandik hain zuzen. Estatu espainiarrean, organo zentralen esku dago hezkuntzaren ordenazio orokorra, programazio orokorraren diseinua, oinarrizko ikasgaien zehaztapena eta tituluen espedizioa, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Aldundian bertako politikari eta administrazioen esku geratzen delarik oinarri hauen azpiko inplementazio zehatza. Bide honetan, Europar Batasunak hezkuntzaren luzera begirako planak zehazten ditu, estatuentzako gomendio modura. Arlo pribatuan, itunpeko zentro zein zentro pribatuak eta botere politikoan eragin zuzena daukaten beste sektoreetako enpresari ezberdinak dauzkagu, Hego Euskal Herrian hezkuntza sisteman presentzia handia daukatelarik. Arlo honetan estatuarekin elkarlanean aritzen dira, betiere beraien interes ekonomiko zein ideologiko partikularrak lehenetsiz.

Espainiar estatuak, Lehen Hezkuntzaren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren funtzio nagusiena den ikasleen sozializazio prozesuaren gidaritza erabiltzen du asimilazio ideologikorako. Honela, adibidez, gaztelerazko irakaskuntza derrigortzen dute edo haiei komeni zaien kontakizun historikoa irakasten dute, euskal herritarron nazio kontzientzia deuseztatzeko helburuarekin. Modu berean, administrazio hauek guztiak sostengatzen dituen eredu politiko eta ekonomikorako beharrezkoak diren balioak ikasleen artean hedatzen dituzte. Funtzio hauek, ezkutuan edo zeharka gauzatzen dira hezkuntzaren egunerokotasunean, ikasle-pertsona arketipo zehatzak sortzeko asmoz. Honela, pentsamendu kritikorako gaitasunak baztertu eta botere harremanak zilegitzeko baldintzak sortzen dituzte. Asimilazio prozesu hau guztiz barneratzen ez duten ikasleak daudenean eta politikoki antolatzen direnean, neutralizazio modu zuzen eta esplizituei bide ematen diete, zigor akademiko edo errepresio forma ezberdinen bitartez.

Erdi mailako zein goi mailako heziketa instituzioek, hau da, batxilergoak, lanbide heziketak eta unibertsitateak aurreko funtzioak betetzen dituzten bezala, beste funtzio batzuk ere badituzte, hauen artean, pertsonak lan merkatura jaurtitzea, hauek sistema ekonomikoak zehaztutako baldintzak onartu eta estatuaren instituzioentzako funtzio ezberdinak gauza ditzaten. Honela, fase honetan hezkuntza sistemaren helburu nagusia, berau sostengatzen duen sistema politiko eta ekonomikoaren beharrak asetzea da, modu honetan, hezkuntza, giza kapitala sortzeko makineria erraldoia bilakatuz.

Astindu, aipaturiko arazoen zein aipatu gabe geratu diren beste hainbaten azterketa teorikoa egiteko, hauen inguruko kontzientziazioa sustatzeko eta hauei aurre egingo dieten proposamen politikoak praktikara eramateko dinamika modura jaio da. Astindu, Ikasleriak jasaten dituen eta bizitza osoan zehar beste forma batzuetan ematen diren dominazio harremanak lurperatzeko grina duen dinamika berria da. Dena den, argi izan behar dugu, heziketa sisteman jazotzen diren arazoak ez direla errealitate isolatu baten parte. Lehen esan bezala, heziketa sisteman ematen diren harreman sozialak harreman sozioekonomiko eta politikoen isla dira, baita hauek betikotzeko tresna ere. Bertan identifika ditzakegun arazoei aurre egiteko, oinarrizko arazoetara joko duen alternatiba politiko baten beharra argia da. Honek ez du arlo espezifiko honetan lan egin behar ez denik esan nahi, baizik eta arlo honetan lan egiteko izaera integraleko proposamen politiko baten baitan txertatuta egon behar dela, benetan eraginkorra izan dadin.

Zentzu honetan, Astindu dinamikak Jardun Koordinadoraren ildo politikoarekin bat egiten du. Hortaz, ezinbestekoa da ikasleriaren kontzientziazioa eta antolakuntza indartzea; horrela lortuko baita soilik ikasleon beharrak asetuko dituen hezkuntza eredua eraikitzea. Horretarako, zapalkuntza ororen gaindipenerako baldintzak jarriko dituen Euskal Herria Independiente eta Sozialista gauzatzea beharrezkoa izango da.

Ez zaitez geldirik geratu,

Astindu Euskal Herriko Unibertsitateak!!

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal