Euskal zaleen harmailak eta Palestinarekin Elkartasunak egun osoko egitaraua prestatu dute

Azaroaren 15ean gizonezkoen Euskal Selekzioak Palestinaren aurka jokatuko du Bilbon. Karga sinboliko handiko hitzordua izango da. Nazioarteko hainbat erakundek genozidioaren aurrean isiltasunari eusten dioten bitartean, elkartasunak ozen egingo du oihu San Mamesen, Palestinako Estatua aldarrikatu zela 37 urte beteko diren egunean. Hori dela eta, Euskal zaleen harmailak eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak egun osoko egitaraua prestatu dute. Eguerdian Palestinako kirolariak omenduko dituzte, 13:00etan, Arriaga plazan. Ekitaldian hainbat euskal kirolarik hartuko dute parte. Ondoren, kalejira egingo dute; Areatzatik abiatuko da, 18:30ean, eta San Mamesen bukatu.
Egitarauaren berri emateko, gaur arratsaldean egin dute agerraldia San Mamesen. Antolatzaileak azpimarratu dutenez, euskal selekzioaren partidak beti dira bereziak, besteak beste, "gure selekzioa jokatzen ikusteko aukera" ematen duelako eta historikoki aldarrikapenerako egunak izan direlako: "Euskal Herriko langileriaren zapalkuntza soziala eta nazionala salatzeko, ofizialtasuna aldarrikatzeko eta gainontzeko herri zapalduekiko elkartasun internazionalista adierazteko egunak izan ohi dira euskal selekzioaren partidak". Azaldu dutenez, "are bereziagoa" izango da autengo partida, "Palestinako Selekzioa aurrez aurre izateagatik, palestinar herria pairatzen ari den sarraskiaren erdian". Beranduago, gogoratu dute Palestinan kirola ez dagoela genozidiotik salbu, izan ere, "Israelgo Estatu terroristak urte luzez jazarri die Palestinako kirolariei". Baieztapen horren froga gisa, hainbat datu heman dituzte: "2023ko urriaren 7tik Israelek gutxienez 1.300 kirolari palestinar hil ditu, horietako 421 futbolariak. Horrez gain, 300 kirol instalazio inguru suntsitu dituzte. Bitartean, ezin dugu ahaztu Israeli alfonbra gorria jartzen zaiola nazioarteko kirol txapelketa guztietan, eta bere krimenak zuritzeko tresna estrategiko gisa erabiltzen duela kirola estatu sionistak".
Euskal zaletuen harmailek eta Palestinarekin Elkartasunak adierazi dute "beharrezkoa dela mobilizatzen jarraitzea palestinar herriaren eta erresistentziaren alde, eta Israelen eta Mendebaldeko bere konplizeen kontra". Izan ere, beraientzat "Trumpek inposatu duen ‘bake akordioak’ ez du ez askatasunik ez bakerik ekarriko Palestinarentzat. Mendebaldeko indar inperialistek bultzatutako planek, bi estaturen soluzio faltsuak barne, ez du Israelen hedapen koloniala geldituko". Palestina askatzeko "lurralde osoaren deskolonizazioa, preso politikoen askatasuna eta errefuxiatuen itzulera" bermatu beharra dagoela esan dute, eta, haien iritziz, horretarako aukera bakarra dago: Israelgo Estatua desegitea. "Ezingo dugu genozidioa gelditu estatu genozidak irauten duen bitartean", ohartarazi dute. Bukatzeko, salatu dute partidako segurtasun arduradunak "Ibaitik itsasora" esaldia, amnistia ikurra eta Palestinaren erresistentziaren aldeko leloak zentsuratu dizkietela.







