lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 27/03/2025

Astindu dinamikako kideek NUPeko sarrera blokeatu dute

La Haine - Euskal Herria
Agerraldian salatu dutenez, Euskal Herrian indarrean dauden unibertsitate sistemak frantziar eta espainiar estatu zapaltzailei erantzuten diete.

Atzo, ASTINDU dinamikako kideek NUPeko sarbidea blokeatu zuten eta han komunikatu bat irakurri zuten. Honetan, Euskal Herrian indarrean dauden unibertsitate sistemak “frantziar eta espainiar estatu zapaltzaileen sistema politikoaren” parte direla eta hauen “interesei” erantzuten dietela azaldu zuten. Ondoren, Euskal Herriko ikasleek horren eraginez pairatzen dituzten ondorioak aipatu zituzten: “Estatuok inposatutako hezkuntza eredu kapitalistaren ondorioz, Euskal Herriko ikasle asko euren jaioterritik urrun ikastera behartuta daude, euskarazko goi mailako hezkuntza jaso nahi baldin badute. Izan ere, Euskal Herria estatu zapaltzaileek inposatutako bost administrazioren pean banatuta dago, bakoitzak euskararekiko errealitate ezberdinak inposatu dituelarik, bere hezkuntza ereduarekin batera”. Dinamikaren ustez, estatuon xedea argia da: “izaera artifizialeko lurraldetasunaren eta banaketa administratiboaren inposizioaren bitartez, Euskal Herriaren alienazioan sakontzea eta hezkuntza euren asimilazio estrategiaren makinarian txertatzea”.

Gauzak horrela, Euskal Herriko ikasle askorentzat ikasketak euskaraz egiteak “euren jaioterria utzi, herrialdez mugitu eta beste toki batzuetara bizitzera joan behar izatea” dakarrela adierazi zuten eta horrek eragindako gastu ekonomikoak aipatu zituzten: garraioari, alokairuari zein mantenuari begirako bestelako gastuak, esaterako. Segidan, euskaraz ikasteak “Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ikasleen zama ekonomikoa areagotzea” suposatzen duela salatu zuten, nahiz eta “EHUra jota ere askotan ikasketak euskaraz egin ahal izatea bermatuta ez eduki”. Izan ere, “euskarazko irakasgaien eta graduen eskaintza gero eta mugatua egoteaz gain, ustez euskaraz diren gradu asko erdaraz baitaude”. Ekintza hauekin, “frantziar eta espainiar estatuek hizkuntza zapalkuntza indartuta” ikusten dutela esan zuten, “asimilazio nazionalean sakonduz”.

Beranduago, ikasleek egunerokotasunean unibertsitatera bertaratzeko beharrezkoa den garraioaren errealitateari erreparatu zioten: “enpresa pribatuen eskutik kudeatua den garraio sistema honek ikasleen beharrizanei erantzun beharrean, etekin ekonomikoa ateratzea du oinarri, estatuok inposatutako lurralde eta banaketa administratiboaren arabera diseinatuta dagoelarik”. Hori dela eta, ikasleek garraioaren ondorioz pairatu behar dituzten bi arazo nagusiak izendatu zituzten: Alde batetik, gastu ekonomikoa, eta, bestetik, egunero suposatzen dien denbora galtzea.

Bukatzeko, eta guzti honen aurrean, Unibertsitate Euskaldun Bateratuaren eraikuntzan aurrerapausoak ematera dei egin zuten: “Lurralde banaketari amaiera jarri eta Euskal Herrian inposatutako muga administratiboak gaindituz, unibertsitate bakarra izatea merezi dugulako, estatuek inposatutako asimilazio estrategiari kontrajarrita Euskal Herriaren nazio izaera oinarri izan behar duena. Sistema kapitalistaren hezkuntza eredu merkantilista eta honetaz egiten duen instrumentalizazioarekin amaitu eta kalitatezko zein doako hezkuntza eredu propioa garatzea ahalbidetu behar duena. Azken finean, Unibertsitate Euskaldun Bateratua hezkuntza eredu propioaren bitartez Euskal Herriaren klase eta nazio zapalkuntzaren gaindipenera bideratutako tresna izan behar da”.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal