lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 22/11/2024

Azken inkesta soziolinguistikoen arabera, euskara larrialdi egoeran aurkitzen da Ipar Euskal Herrian

La Haine - Euskal Herria
2021ean populakuntzaren %21,1 bakarrik zen euskalduna eta Euskararen Erakunde Publikoak egin dituen prospekzioen arabera tasa hori %16koa litzateke 2050ean.

Azaroaren 8 eta 9 artean, European Language Equality Network (ELEN) erakundearen 2024ko Batzar Orokorra egin zen Bilbon. ELEN Europako lurralde-hizkuntzak sustatzeko eta babesteko lan egiten duen nazioarteko erakundea da. Gaur egun 175 erakunde kide ditu, 25 estatutan 50 hizkuntza ordezkatzen dituztenak, euskara barne. Egun batzuk beranduago, Baionan, prentsaurrekoa egin zuten Euskalgintzaren Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak Ipar Euskal Herriko euskararen egoeran eta beharretan sakonduz.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, zifra batek da hobekien islatzen duena larrialdi linguistikoa, hau da azken inkesta soziolinguistikoak utzi ondoko datua: azken urteetan balore absolutuan euskal hiztun kopurua mantendu bada ere, proportzioan beheititzeak segitzen du, eta 2021ean populakuntzaren %21,1 bakarrik zen euskalduna (eta Euskararen Erakunde Publikoak egin prospekzioen arabera tasa hori %16koa litzateke 2050ean). Datu kezkagarri horri gehitu behar zaio euskararen erabilera ere jausten ari dela, besteak beste hiztunek duten euskara mailagatik.

Hala ere, baikor izateko zeinuak badirela adierazi zuen Sébastien Castet Euskal Konfederazioko kideak, izan ere, “haurrentzat euskarazko irakaskuntza, euskarazko aisialdiak edo euskarazko haurtzaindegiak hautatzen dituzten gurasoak gero eta gehiago dira, gero eta heldu gehiagok euskara ikasi nahi dute eta euskaldunek euskararekiko duten atxikimendua eta jarrera sendotzen ari da”.

Euskal Konfederazioaren arabera, zeinu baikor horiek erakusten digute alde batetik Ipar Euskal Herrian jendartea orokorki prest dela euskara ikasi, erabili eta transmititzeko, baina beste aldetik Frantziako estatuak eramaten dituen hizkuntza politikak ez duela bat egiten herritar nahikunde horrekin, edo bederen ez diola behar heinean erantzuten.

Prentsaurrekoaren bukaeran, gaur egungo traba batzuk salatu zituzten. Lehenego, hizkuntza baten aldeko biziberritze politika eraginkorrik ezin dela eraman hizkuntza honek ofizialtasun estatusik eta lege corpus egokirik ez baldin badu, adierazi zuten. Holakoak izan bitartean, “euskara bezalako hizkuntza minorizatuentzat frantses Konstituzioaren aldaketa da lehen urrats gisa lortu behar dena”, eta bereziki bigarren artikulua seinalatu zuten, artikulu hori baita etengabe aitzinean ematen urratsak oztopatzeko (Ipar Euskal Herrian, Korsikan, Ipar Katalunian, Martinikan…).

Ondoren, hizkuntza eskubideen bermatzea exijitu zuten, izan ere, “azken urte eta hilabete hauetan gibelapena gertatzen ari da euskaldunen hizkuntza eskubideen errespetatzeari dagokionez”. Batzuk aipatzearren, "ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko duten eskubidea, bat-bateko itzulpen sistema batekin bilkura eta asanbleetan hautetsiei euskaraz mintzatzeko parada ematea (Bretainiako Eskualdean posible dena ez omen da, adibidez, Euskal Elkargoan posible, nahiz eta bi egiturak ber legislaziopean izan), auzitegian auzipetuei beren burua euskaraz defenditzeko aukera eman (lehen onartzen ahal zena eta gaur egun sistematikoki errefusatua dena)…"

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal