lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 01/09/2026

Berangoko ongietorriaren auzia baloratu dute zenbait euskal preso politikok

La Haine - Euskal Herria
“Ongietorriak ospatzea aldarrikatzen dugu eta horregatik epaitu dituzten lagunei gure aitortza eta esker ona helarazi nahi diegu”

Berangoko ongietorriaren auziko 16 auzipetuak absolbitu izana ospatu dute euskal preso politiko batzuk, eta prozesuan parte hartu dutenen jarrera eta azken urteotan egindako mobilizazioak nabarmendu dituzte. Garikoitz Etxeberriak, J. M. Etxeberria Goierrik, Jon Kepa Preciadok, Patxi Ruizek eta Mikel San Sebastianek sinatutako gutun batean adierazi dutenez, “urte batzuetako ikerketaren osteko epaiketak amaiera pozgarria izan du”.

Preso politikoen esanetan, auzia “prozesu errepresibo” baten barruan kokatu behar da. Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako epaiketari dagokionez, “erakunde eta alderdi faxisten, epaileen, fiskalen eta guardia zibilen elkarlanarekin” gauzatu zela salatu dute. Halaber, epaiketan “errepresioa eta militante politikoen eskubideen urraketak” nagusitu zirela diote.

Bereziki aipatu dituzte auzipetuek epaiketan erakutsitako jarrera eta militantzia politikoaren defentsa. Haien arabera, “tentsio giro horretan auzipetuen aldetik jarrera duinak eta koherenteak nabarmendu ziren”, eta euren militantzia politikoa “anbiguotasunik eta lotsarik gabe” aitortu zuten.

Presoek auziaren izaera politikoa ere azpimarratu dute: “Inork ez du zalantzarik izan behar afera politiko baten aurrean gaudenaz”, adierazi dute. Haien esanetan, “euskal preso politikoen ongietorriak ekitaldi politikoak dira”, eta auzian entzundako argudioek hori erakusten dute. Horren harira, ongietorriak ospatzea aldarrikatu dute eta auzipetuei “aitortza eta esker ona” helarazi diete.

Gutunean, auziaren inguruan azken urteotan, eta bereziki azken hilabeteetan, izandako mobilizazioak nabarmendu dituzte. “Hitzaldiak, elkarretaratzeak, Euskal Herrian eta atzerrian elkartasun keinuak, arlo ezberdinetako taldeen eta pertsonen sostengua...” aipatu dituzte. Euskal preso politikoen arabera, mobilizazioen garrantzia ez da soilik zenbatekoan neurtu behar. “Garrantzitsuena errepresioaren aurrean dugun jarreraren nolakotasuna da”, adierazi dute. Ildo horretan, “militantzia politikoaren aitortza eta defentsa” borrokaren “zati ezinbestekoak” direla nabarmendu dute.

“Bidean egindako lana” goraipatu dute

Absoluzioaren berri pozgarria izan arren, prozesu osoan zehar egindako lana ez ahazteko eskatu dute: “Afera honen inguruan mobilizatu diren sektoreak, aldarrikapenak, adierazpenak, elkartasun politikoak, auzipetuen jarrera koherenteak eta duinak ezin dira absoluzio horren itzalpean geratu”.

Era berean, hamasei auzipetuek urte hauetan “kartzelaren mehatxupean” bizi izandakoa gogora ekarri dute. Haien ustez, prozesua “azken urteotan Euskal Herrian eman den borroka kolektiborik sendoena izan da”.

Gutunaren egileek belaunaldi gazteen parte-hartzea nabarmendu dute: “Batzuentzat, esperientzia berria izan da. Batez ere militante belaunaldi gazteentzat”. Gainerakoentzat, berriz, prozesuak “ildo zuzenean jarraitzen dugunaren baieztapena” ekarri duela esan dute.

Azkenik, auzipetuen “erantzukizun politikoa” eta herritik jaso duten “sostengua eta konpromisoa” azpimarratu dituzte, eta haiei zuzendutako besarkada batekin amaitu dute gutuna: “Prozesu osoan erakutsi duzuen jarrera eredu izan baita guretzat, eta hain zuzen horixe izan delako mobilizazio handi honen motorra”.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal