Bertan behera utzi dituzte Sarako eta Baionako herriko etxeek euskarari egindako aitortzak

Jadanik karguan ez badago ere –Simon Fetetek ordezkatu zuen abuztuaren 24an–, Pirinio Atlantikoetako prefet ohiak eginiko eskaeretako bat bete du Paueko (Okzitania) Auzitegiak: aurreko astean bertan behera utzi zuen Sarako (Lapurdi) eta Baionako herriko etxeek euskara herriko hizkuntza gisa aitortzeko erabakia. Girier prefet ohiak egin bezalaxe, auzitegia Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluan oinarritu da sententzia hori egiteko. Hain zuzen, konstituzioaren artikulu horrek soilik frantsesa onartzen du Frantziako Estatuko hizkuntza ofizial bakar gisa, eta ez da posible beste bati ofizialtasuna ematea.
Martxoko herriko bozen testuinguruan, Euskal Konfederazioak dei egin zien bozetara aurkeztu ziren hautagaiei euskararen aldeko erabakiak har zitzaten. Bada, uztailaren hasieran hartu zuen erabakia Sarako herriko etxeak, herri kontseiluan: euskara herriko hizkuntza gisa aitortu zuten ofizialki, frantsesarekin batera. Egun batzuk beranduago, Baionako herriko etxea batu zitzaien –euskaraz gain, gaskoia ere aitortu zuten herriko hizkuntza gisa –. Keinu sinboliko bat izanagatik ere, Auzitegi Administratibora eraman zuen auzia prefet ohiak. Ondorioz, Baionako eta Sarako auzapezek auzitegian deklaratu zuten aurreko asteartean.
Halere, bi herriko etxeek ez dute onartu auzitegiaren erabakia, eta helegitea jarri diote Bordelen. "Juridikoki eta politikoki arrazoi dugula erakutsi nahi dugu, eta horretarako bide legaletik segitu behar dugu", adierazi zuen Pantxo Etxegarai Baionako Hizkuntza Politikako zinegotziak. Izan ere, Etxegaraik azpimarratu zuen "aukera guztiak" ustiatuko dituztela, eurentzat euskara "kausa unibertsala" baita.
Manifestazioa azaroaren 21ean
Auzitegiak hartutako erabakiaren aurrean, Euskal Konfederazioak dei egin du azaroaren 21erako deitu duten manifestazioan parte hartzera: Euskararen garaia da lelopean, hizkuntza eskubideak bermatzeko lege babesa eta hizkuntza politika publiko eraginkorragoa eskatuko dituzte. "Euskararen egoera hobetzeko, beharrezkoa da norabidea aldatzea", adierazi zuten erakundeko kideek Baionan ekainean eginiko agerraldian. Hain zuzen, lau neurri hauek aldarrikatuko dituzte: Ipar Euskal Herrian euskararen koofizialtasuna, Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren aldaketa, hizkuntza gutxituen aldeko lege bat eta hizkuntza politika eraginkorra.







