lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 03/12/2017

Borrokatu dezagun euskararen alde, euskaraz borrokan!

Ernai
Proiektu kolektibo, emantzipatzaile eta integral baten alde, euskalduntzea lehen lerroan!

Euskaraz bizi eta Euskal Herri euskaldun bat amesten dugunok, nekez ospa dezakegu Euskararen Eguna euskararen zapalkuntza egoera normalizatzen dutenek ospatzen duten kutsu folklorikoarekin. Hil zorira eramandako hizkuntzak bizi nahiaren borrokaz biziberritzea lortu du, herri oso bat izan baitu euskalduntzearen aldeko gogo grinari atxikirik.


Euskal Herriak hamaika kultura eta hizkuntzekin garatutako harremanen bidez bere burua moldatu eta elikatu du. Eta kultur aniztasuna pozez hartzen dugu. Euskal Herriak, euskal kulturak zein euskarak, ordea, bi estatu kolonizatzaileren oldarraldi eta jaukimenduei aurre egin behar izan die.


Gure herria gatibu mantendu nahi dutenek euskal kultura ezabatu edota asimilatzea dute xede. Euskarari balio soziala kentzea, zuzenean erreprimitzea zein folklorizatzea homogeneizazio prozesu baten parte dira. Frantziar eta Espainiar estatuen eraikuntza beste ezein nazioen gainetik frantziar eta espainiar nazio arrotzak jaun eta jabe izan daitezen garatuak izan dira.


Herri txikien hizkuntza zaharrek ez dute baliorik estatu inperialistentzat, ez eta merkatuaz eta irabaziez baino ulertzen ez duen sistema kapitalistarentzat ere. Sistema anker honen aburuz, truke baliorik ez duen eta merkantzia bilakatu ezin daitezkeen hizkuntzak soberan daude munduan. Hala erakusten digu munduaren mapak. Herrialde inperialista nagusien hizkuntzek gure eguneroko bizitzetan geroz eta pisu gehiago dute, urtero 25 hizkuntza hiltzen diren bitartean. Ibilbide hau jarraituta heldu den mendera iritsi orduko gaur egun ezagutzen diren 5.000-6.000 hizkuntzetatik erdiak desagertuta egonen dira.


Horregatik hain zuzen ere berebiziko premia da euskaldunontzat burujabetza egitasmoan sakontzea, euskararen aldeko praktika eta politika eraginkorrak aitzinarazteko baliabide guztiez jabetzea. Euskararen folklorizazio eta sasi-asimilazioa ekidin eta ezaguera zein erabilpena bermatuko duten euskara plan eraginkorrak gorpuztea.


Euskararen aldeko politika instituzionalek agorpen zantzu eta ezintasun nabariak adierazi dituzten bitartean, herri egitasmoek euskararen aldeko borroka oparo baten berri ematen digute: herri hedabide ezberdinetatik hamaika kultura adierazpidetara, euskaltegietatik herri egitasmo solidarioetara. Balioan jarri nahi ditugu euskaraz borrokatzen diren gazte mugimenduak, zein gazte mugimenduetatik euskalduntzearen alde egindako lana ere. Euskalduntze Gida, gazte euskaltzaleen topaketak eta Korrikan bultzatutako gazte kilometroa lan horren adierazle dira.


Euskararen zaurgarritasun egoera Euskal Herriaren zatiketaren mapak gogortzen du. Ipar Euskal Herrian euskarak duen erabateko aitortza eza eta Nafarroa Garaiko zonifikazio linguistikoak zama gehigarria ezartzen dio euskalduntzeari. Tokian tokiko ezberdintasunak ezberdintasun, euskal gazteriak ezin du ontzat eman Euskal Herri osoan euskarak eta euskalduntzeak duten trataera. Tamalez baieztatu behar dugu egungo hezkuntza sistema euskaldun hiztun osoak sortzetik urrun kokatzen dela. Alabaina, euskal hedabide publikoengan egiten den inbertsioa eta euskararen trataera eskasa salatu beharrean gaude. Euskarak egunerokoan zinezko erabilpena izan dezan, bizitza sozialaren bazterretik erdigunera eraman behar dugu, dagokion protagonismoa emanez.


Euskararen erabilera norbanakoaren afera gisa kokatzen duten euskalduntze estrategien aurrean, ahalduntze pertsonal eta kolektiboa bultzatzen duten egitasmoen alde lerratzen gara. Goitik behera zehazten diren hizkuntza politikei, behetik gorako herri dinamiken bidez erantzutearen alde agertzen gara.


Euskal Herriaren euskalduntzearen aldeko olatu berri baten hasiera sumatzen dugu. Egiteko horretan, euskara ardatz, birrindua den euskal nazioa berreraikitzeko egitasmoari lotzen gatzaizkio. Prozesu hau gure larrutan bizi nahi dugu. Ernaiko kideok gure buruak euskalduntzeko eta gure eguneroko jarduna euskaraz egiteko konpromisoan sakontzeko hautua egina dugu. Bide horretan azken Kongresuan erabaki bezala, euskararen egoeraren inguruan hausnartzeko eta antolakundearen nahiz militanteon bizitza erabat euskalduntzearen alde barne prozesua aurrera emanen du.


Proiektu kolektibo, emantzipatzaile eta integral baten alde, euskalduntzea lehen lerroan!


Euskararen alde borrokan eta euskaraz borrokan!

 

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal