lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 05/05/2026

Desobedientziaren bidea hartuz, Bernat Etxepareko ikasleek euskaraz erantzunen dute Matematika proba

La Haine - Euskal Herria
Ipar Euskal Herriko ikasleek behin eta berriz galdegin dute proba hori euskaraz pasatzeko eskubidea izatea, baina Frantziak ukatu die eskubide hori oraingoz.

Matematika proba euskaraz pasatzeko ukazioaren aurrean, azken egunotan Ipar Euskal Herrian desobedientzia ekimenak ematen ari dira. Atzerapen baten ondoren, apirilaren hasieran iritsi zen Bordeleko Akademiak lehen mailako baxoko (16-17 urte) Matematika azterketa euskaraz egiteko egindako eskaerari emandako ezezkoa. Horren harira, hezkuntza komunitate euskaltzalearen erantzuna berehala heldu zen: alde batetik, Azterketak Euskaraz dinamikak “Baxoa euskaraz!” leloa zuten kartelak jarri zituen Akademia Ikuskaritzaren Baionako eta Donapaleuko egoitzetan; bestetik, Akademiara eta Hezkuntza Ministeriora gutunak modu masiboan bidaltzeko ekimena abiatu zuen, eta adierazi zuenez, 5.000 gutun baino gehiago igorri dira.

Bide horretan, prentsaurrekoa egin dute gaur Bernat Etxepare lizeoan, eta lehen mailako ikasleek jakinarazi dute matematikako azterketa euskaraz erantzungo dutela. Lizeoko 150 bat ikasle dira azterketa pasatzera deituak. Ez dute zehaztu zenbatek parte hartuko duten desobedientzia ekintzan, baina baieztatu dute guztien babesa dutela Azterketa ekainaren 12an eginen da. Ikasleek jakitun dira desobedientzia ekintza horrek ondorioak ekar ditzakeela; izan ere, zuzentzaileek Bordeleko Akademiaren irizpideei jarraitzen badiete, euskaraz egindako azterketak ez lirateke zuzenduko. Hori dela eta, “ikasle guztiek ez dute amaieraraino joaterik izanen”; hala ere, azterketa hizkuntza batean zein bestean egin, erabakia elkarrekin hartu dutela azpimarratu dute. Gainera, lizeoko hezkuntza komunitate osoaren —guraso, irakasle eta langileen— babesa ere badute. Aldarria zabaltzeko, izenpe bilketa bat ere abiatu dute berriki.

Aspaldidanik egin izan da baxoko azterketak euskaraz egiteko eskaera. Frantziako Estatu mailako azterketa denez, ikasleek frantsesez erantzun behar izaten dute, nahiz eta historikoki salbuespen bat izan duten: hainbat belaunaldik Historia eta Geografia euskaraz egin ahal izan dituzte. 2012tik aurrera, matematika proba ere euskaraz egiteko aukera izan zuten hala nahi zuten ikasleek. Hala ere, 2019an Parisen lizeoaren eta baxoaren erreforma onartu zen, eta azterketaren eredua erabat aldatu zuten, urte osoan lortutako noteei garrantzi handiagoa emanez. Ordutik, baxoko azterketak frantsesez bakarrik egiten dira.

Aurten, gainera, Frantziako Gobernuak beste azterketa bat gehitzea erabaki du: hemendik aurrera, leheneko ikasleek matematika proba aurreratua egin beharko dute. Ipar Euskal Herriko ikasleek behin eta berriz eskatu dute proba hori ere euskaraz egiteko eskubidea bermatzea, baina Frantziak ukatu die eskubide hori oraingoz. Ikasleek argi adierazi dute egoera hori onartezina dela: "Beste atzerapauso bat ezarri nahi digute, eta gure hizkuntza eskubideak are gehiago urratu. Lehen euskaraz egin zitekeen matematikako baxoa orain frantsesez egitera behartu nahi gaituzte", azaldu dute. "Gure arrazoiak ezagunak eta partekatuak dira Euskal Herrian: euskaraz ikasten dugu, eta euskaraz egin nahi ditugu azterketak".

Desobedientziaren bidea ez da berria: azken urteotan, behin baino gehiagotan erabaki dute hainbat ikaslek eta irakaslek Frantziako debekuei aurre egitea. Brebetako azterketa euskaraz erantzun izan dute, eta zuzenketa alternatiboak ere antolatu dituzte; ikasleei baxoko ahozko nagusia euskaraz aurkezteko aukera eskaini izan diete; eta 2021ean, Etxepare lizeoko berrogei bat ikaslek filosofiako proba euskaraz egin zuten, protesta gisa.

Halaber, agerraldia baliatu dute euskal gizarteari borroka hori babesteko eskatzeko. Horretarako, lehen hitzordua igande honetan berean dela zehaztu dute, Herri Urratsen. Era berean, ikastolen bestaren ondotik helduko diren hitzorduetara adi egoteko ere erran dute. Mezu argi batekin bukatu dute: “Euskara da bide bakarra!”.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal