Donostian faxismo eta arrazakeriaren gorakada salatu dute hiriko hainbat eragilek
11:30ak baino lehenago jendez beteta zegoen Alderdi Eder. Talde faxistek kontramanifestazioa deitu zutela eta, urduritasuna zegoen giroan. Azkenean, faxistarik ez da agertu, eta normaltasun osoz igaro da prentsaurrekoa.
Hiriko 37 eragilek sinatutako manifestua irakurri dute bertaratutakoek, Donostian, arrazakeria eta faxismoaren gorakadarekin arduratuta. “Azken hilabeteetan gaiak dimentsio berri bat hartu duela uste dugu: pertsona arrazializatuen, eta batez ere, bazterketa egoeran daudenen aurkako biolentzia inoiz baino gordinagoa eta sistematikoagoa da eta horrekin batera, kolektibo horren aurkako kriminalizazioa orokortzen ari da”.
Ondorengo kasuak aipatu dituzte: “Etorkinak jipoitzeko” hainbat auzoetan sortzen ari diren taldeak, Poliziaren indarkeria, eta “pertsona arrazializatuen aurpegiak argitaratzen eta biolentziarako deia” egiten duten Instagram eta Telegram kanalak. Hain zuzen, kanal hauetako batetik gaurko antolatuta zegoen agerraldiaren kontrako manifestazioa antolatzen saiatu dira. Alderdi Popularrak deialdia babestu zuelakoan tirabirak sortu dira haien kanalean, eta azkenean, ez da ia inor gerturatu. Haien taldean, ordea, honako mezua zabaldu dute: “Segurtasun protokoloek eragotzi egin dute gure kontzentrazio baketsua. Informatzen jarraituko dugu”.
Segurtasuna aitzaki
Agerraldian nabarmendu dutenez, ugaritzen ari dira “arazo guztien errua, eta bereziki, ‘segurtasun faltarena’, etorkin eta pertsona arrazializatuei leporatzen saiatzen direnak. Diskurtso faxistak, mezu xenofobo eta arrazistekin etorkinak etsai gisa seinalatzen dituztenak”.
Hirian, azkenaldian, lapurretak direla eta kaleko liskarrak direla, asko zabaltzen ari diren mezuak dira honakoak. “Diskurtso hauen jo puntuan, nagusiki, Afrika iparraldetik etorritako kideak daude, Atzerritartasun Legea eta islamofobia direla medio erabateko bazterketa egoeran aurkitzen direnak”.
Horregatik, deitzaileek salatu dute “pertsona hauen aurkako biolentzia inoiz baino gordinagoa ari dela izaten. Egungo ezegonkortasun egoerak jarrera atzerakoi zein faxistak indartu ditu, bertakoen ongizatearen aitzakiapean, sektore pobreenen aurkako zapalkuntza justifikatzen dute, kasu honetan kolektibo honena”. Eskuin muturraren estrategia salatu dute honen atzean: “Pobrezia orokortuari aurre egin eta erantzuleak seinalatu beharrean, prozesu horren konplize bilakatu nahi gaituzte”. Zentzu horretan, aipaturiko sare sozialen kanalak kritikatu dituzte, baita ere, mezu hauen hedapena egiten duten hedabideena.
Egoeraren “gordintasuna” ikusirik, aldarrikatu dute ezinbestekoa dela “mugimendu, zein diskurtso faxistei, arnasgune bat bera ere ez uztea eta jarrera atzerakoiak arbuiatzea”. Bide beretik, “egiturazko pobreziari aurre egitea eta bazterkeria betikotzen duen Atzerritartasun Legearekin” amaitzeko aldarrikatu dute. Azkenik, “kale mailako antolakuntzan sakontzeko” deia egin dute” bai faxismoari ateak ixteko, bai pobreziari aurre egiteko” eta “antolakuntza eta kultura antierrepresibo, antirrazista eta antifaxista” indartzeko.