lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 20/05/2023

"Egungo erregimenetik gertu dauden hedabideek bakarrik daukate askatasunez informatzeko eskubidea"

Kepa Ugarte Martiarena
Edurne Correari (La Haine) elkarrizketa

Edurne Correa (La Haine): "Dirudienez, egungo erregimenetik gertu dauden hedabideek bakarrik daukate askatasunez informatzeko eskubidea".

La Haine kontrainformazio atariko Edurne Correa iruindarra martitzenean Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu dute, "terrorismoa goratzea" egotzita. Komunikabide horren Twitter kontuan, 2021eko abenduan, Iñaki Etxeberria euskal preso politiko ohiari Iruñeko Alde Zaharrean egindako harrerari buruz argitaratu zen bideoa aitzakiatzat hartu dute.

Hori dela eta, La Hainek dei egin du adierazpen eta informazio askatasunaren aurkako eraso berri hau publikoki salatzera. Halaber, "mugimendu sozialekin kaleetan zein ikuspegi antifaxista batetik informatzen" egiten duten lanari eutsi dio.

Kepa Ugarte Martiarena / Euskarazko kazetaria / EH

Ez dirudi txio hori inori gorazarre egitea leporatzeko modukoa denik...

Txioa bera, bideoa eta harekin batera doan testua, informazio hutsa bezain krudela baino ez dira, inolako aldarrikapen edo jarrera politikorik gabekoa. Iruñeko Alde Zaharrean gau hartan gertatzen ari zenari buruzko informazio objektiboa. Zentzugabea da terrorismoa goratu izanaren salaketa bai ala bai jartzen saiatzea.

Bere interes informatiboagatik argitaratu zen bideoa da, eta bitxiena da komunikabide konbentzional askok euren webguneetan ere argitaratu zutela. Jakina, argitaratu zuten gainontzeko kazetarien artean, bakar bat ere ez dute deitu, terrorismoa goraipatzea leporatuta deklaratzera. Estatuaren mezua argi dago: "gertuko hedabideek argitaratzen badute, ez da terrorismoa goratzea; baina, La Hainek argitaratzen badu, bai".

Gure aldetik, batzuen eta besteen jokabidea ezberdin neurtzeko daukaten jarrera salatzen dugu; baina, lasai gaude. Ez dirudi auzi honek ibilbide luzea duenik (edo, hobeto esanda, ez luke eduki behar Estatu honetan justizia balego).

Zergatik La Haineri eta zergatik orain? Zer mezu zabaldu nahi du Auzitegi Nazionalak?

La Hainek 22 urte baino gehiago daramatza informazioa ematen kaletik, batzarretatik, mobilizazioetatik… Erregimenaren status quo-a zalantzan jartzen duten gizarte-mugimenduen ahotsa den hedabide bat gara, zapaldutako klasearen ikuspegitik informazioa ematen duen hedabide bat; Estatuaren gehiegikeria guztiak desinformatzea, justifikatzea eta haien aurka borrokatzen dutenak kriminalizatzea helburu duten komunikabide handiak ez bezala.

Eraso berri honek ez gaitu batere harritzen. La Haine beti izango da Estatuaren errepresio-makineriarentzako helburu bat, hain zuzen ere sistematik at informatzeko eta mugimendu eta gizarte-erakunde antifaxista, antikapitalista, antinperialista, antipatriarkal eta abarrentzako topagune izateko duen eginkizunagatik.

Eta, jakina, Estatuari ez zaio ahaztu La Hainek epaiketa garrantzitsu bat irabazi zuela, zeinean muntaia polizial bat desmuntatu genuen; 6 urteko espetxe-zigorra eskatzen zidaten, akusazio faltsuetan oinarrituta. Halaber, ez zaio ahaztu behin absolbitu ondoren Polizia salatu nuela lekukotza faltsua emateagatik eta muntaia egiteagatik. Laburbilduz, gu harrapatzeko gogo handiak dauzkate.

Eraso berri honek zalantzan jartzen al ditu adierazpen- eta informazio-askatasunak?

Egia esan, Estatu honetan askatasun horiek aspalditik daude zalantzan (edo zuzenean ez dira existitzen). Azken urteetan adierazpen-askatasunaren kontra gertatu diren errepresio-kasu guztiak ikustea besterik ez dago: Pablo Hasel, Valtonyc, La Insurgencia, titiriteroak, "Armiarma operazioa" deiturikoagatik kondenatuak izan ziren lagun guztiak (horien artean ni neu), "sentimendu erlijiosoei irain egiteagatik" zabaldutako auziak (hala nola, alu intsumisoaren prozesioa egin zutenak) edota Willy Toledo aktorearena. Zerrenda amaigabea da.

Eta Euskal Herriko informazio askatasunari dagokionez ere, zentzugabekeria judizialen zerrenda luzea dugu: "Egin" egunkaria, Egin Irratia, "Euskaldunon Egunkaria", Apurtu.org, Ateak Ireki, Gazte Sarea… Beraz, ondoriozta dezakegu askatasun horiek urratu egin direla Espainiako Estatuan. Are gehiago, dirudienez, erregimen hori zalantzan jartzen ez duenak bakarrik du adierazpen-askatasuna, erregimenaren inguruko hedabideek baino ez dute informazio-askatasuna. Gainerakoei edozein unetan etor dakiguke salaketa judizial zentzugabe bat, orain guretzat espreski osatu duten eta bere kabuz eusterik ez duen hau bezalakoa.

Eta, jakina, modu okerrean izendatutako progresuzko gobernu honek aurreko guztien ildo beretik jarraitzen du. Legedi bidegabeak, kriminalizatzaileak eta abusuzkoak indargabetu beharrean, Mozal Legea bezalakoak indargabetuko zituztela esanez hauteskundeetan emandako hitza urratu dute. Nazio Batuen Erakundeak eta Europako Kontseiluak iritzi-delituak erreformatzeko egindako eskakizunei muzin egin diete (besteak beste, terrorismoa goratzeko delituak) eta, azken batean, tresna berberak erabiltzen jarraitu dute disidentzia politikoa jazartzeko, kriminalizatzeko eta zapaltzeko. -

Hala ere, uste duzue eraso zabalago baten parte dela. Zein da adierazpen-askatasunari erasotzeko helburua?

Kasu konkretu honetan, errepresioak preso politikoen aldeko mugimenduak ere jopuntuan dauzka, eta Iruñeko Alde Zaharreko herritarrak kriminalizatzeo helburua ere badauka. 25 urte preso daramatzan pertsona bat hartzeagatik, haien afektu, babes, maitasun eta elkartasun adierazpenak kriminalizatzen dituzte. Mezu hau helarazi nahi diete: errepresaliatuei elkartasuna adierazten dienak, salbuespeneko legedia eta espetxeetako baldintza gogorrak salatzen dituenak, haien bide bera jarraitzeko arriskua dauka.

Ze tresna erabiltzen dute horretarako?

Estatuak eskura dituen tresna guztiak erabiltzen ditu gizarte-mugimenduek aurrera egitea oztopatzeko, dela isunekin, espetxe-zigorrekin, gizarte-mugimenduetan poliziak infiltratuz, torturekin eta tratu txarrekin, edo presoei baldintza gogorrekin ezarriz; bereziki, preso politikoei.

Eta, jakina, Estatuak salbuespenezko auzitegiak ere erabiltzen ditu, hala nola, Auzitegi Nazionala, Ordena Publikoko Auzitegi frankistaren oinordekoa. Auziaren instrukzioa egiten ari den epailea, Ismael Moreno, horren adibide ona da: polizia frankista ohia da. Eta, besteak beste, txotxongilo eta guzti ikuskizun bat egin zuten titiritero batzuei behin-behineko espetxealdia ezarri zien. Egun Auzitegi Nazionala dwiturikoak bere izena bakarrik aldatu zuela erakusten duen adibide argia da. Diktaduran sortutako auzitegi faxista bera izaten jarraitzen du.

Zer dei egiten duzue eraso honen aurrean?

Gurea ez ezik, eskubideen eta askatasunen aurkako erasoa diren auzi guztiak publikoki salatzera deitzen dugu. Kasu zehatz honetan, adierazpen- eta informazio-askatasunaren aurkako erasoa ere badela azpimarratu nahi dugu.

Horretaz gain, gu ez ezik, une honetan kazetaritza kritikoa jorratzen duten lagun asko ere auzipeatuta daudela salatzera dei egiten dugu. Eta, bide batez, honetan dabiltzan lagun guztiei erregimenetik kanpo informazio-sareak sortzen jarraitzera animatu nahi ditugu.

.

La Haine nuevamente en el punto de mira de la represión: nos acusan de enaltecimiento del terrorismo https://sareantifaxista.blogspot.com/2023/05/la-haine-nuevamente-en-el-punto-de-mira.html
https://sareantifaxista.blogspot.com/2023/05/edurne-correa-la-haine-dirudienez.html

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal