Azken egunetan, emakumeen aurkako bi eraso izan dira Euskal Herrian

Aurreko ostiralean, Iruñeko Karpa Unibertsitarioa festaren testuinguruan, emakume bat taldean bortxatu zuten lau gizonek. 22:00ak aldera jazo zen erasoa, Amaia Kirol Hiritik gertu, Ilargierdiaren parkean. Dirudienez, emakumea konortea erdi galduta aurkitu zuen lagun talde batek. Polizia bertaratu zen, eta anbulantzian eraman zuten ospitalera. Gertakari hauen harira, Udaltzaingoak lau erasotzaileak atxilotu ditu astearte honetan Iruñean. Azaldu dutenez, poliziak DNA probak agindu ditu, eta emaitzen zain daude.
Bestetik, Irunen emakume bat hiltzen saiatu da haren bikotekidea; berrogei urteko gizonezko bat. Gertakariak igande goizeko lehen orduan jazo ziren. Gizon batek lepotik heldu zion bikotekide izandako emakume bati eta itotzen saiatu zen, etxeko eskaileretan. Bizilagunek lagundu zioten emakumeari; erasotzailea urrundu eta atxiki zuten, Ertzaintzaren patruilak iritsi ziren arte. Emakumeari eraso egiteaz gainera, indarrez sartu zen haren etxebizitzan, eta altzariak eta hainbat tresna elektriko apurtu zituen. Hainbat hedabide jakinarazi dutenez, gizonak emakumearengandik urruntzeko agindua izan zuen aurretik, baina neurri judizial hori jada ez zegoen indarrean.







