lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 02/05/2026

Estatu frantsesak ezarri duen soldaduska salatzeko ekintza egin du JARDUN Koordinadorak

La Haine - Euskal Herria
Baionako Suprefeturan kateatu ziren hiru kide atxilotu zituzten eta hauei babesa adierazten ari ziren pertsonen aurka bortziki oldartu ziren indar errepresiboek.

Atzo, Maiatzaren Lehenean, JARDUN Koordinadorak bi ekintza egin zituen Baionan, Frantziar estatua inposatzen ari den soldadutzaren aurka protesta egiteko. Alde batetik, Baionako Gendarmerie Nazionalean prentsaurreko bat egin zuten. Prentsaurrekoan gendarmeek bisualki hor zeuden kide guztiak identifikatu zituzten, hor zegoen mundu guztiari argazkiak ateraz. Prentsaurrekoan "Frantzia eta Espainiako estatuen nahiz euren instituzioen eskutik gerra eta miseria Euskal Herriaren patua" direla salatu zuten. Era berean, Euskal Herri Langilearen odola xurgatzeaz gain "munduko hamaika txoko gudu-zelai bilakatuta, inperialismoari aurre egiten diharduen Erresistentzia Ardatzaren odolaz eta heriotzaz negozioa" egiten ari direla adierazi zuten. Bukatzeko, antolakuntza independentzia eta sozialismorako indar askatzailea izan behar zela aldarrikatu zuten.

Prentsaurrekoa burutzen ari zen momentu berean koordinadorako hiru kide Baionako suprefeturan kateatu ziren. Suhiltzaileak joan ziren arte egon ziren kateatuta, eta hauei babesa adierazten ari ziren pertsonen aurka oldartu ziren indar errepresiboek.
Hiru kateatuak atxilo eraman zituzten Baionako komisaldegira, eta atxilotuei elkartasuna adierazteko 14.30etan elkarretaratzea burutu zuten bertan, ASKE antolakunde antirrepresiboak deituta. Baina Frantziako Polizia bortizki oldartu zitzaien bertaratutakoei: negar gasa bota zien eta hainbat pertsona zauritu zituen. Gazte bat larrialdietara eraman behar izan zuten. Eraso polizial hau salatzeko, elkarretaratzea burutu zuten arratsaldeko 19.00etan Baionako Herriko Etxean.

Aske utzi dituzte hiru gazteak

ASKE antolakundeak jakinarazi du Baionako suprefeturan kateatu ziren hiru kideak aske utzi dituztela, bi urtez Frantziar Estatuan sartzeko debekuarekin. Arratsaldeko 19.30etan aske utziko zituztela jakinarazi zioten abokatuari, baina gaueko 1.00erarte ez zituzten askatu. Antolakundeak salatu duenez, atxilotuen zain zeuden kideei gezurretan ibili zen Frantziako Polizia, atxilotuak bertan ez zeudela eta Pau-eko komisaldegira lekualdatu zituztela esanez. Horretaz gain, komisaldegitik euren kabuz ateratzen utzi beharrean, furgoneta batean atera zituzten, atxilotuak Espainiako Poliziaren eskuetan utzi eta hauek Irungo komisaldegi kanpoan utziz. Hau dena abokatuari ezer esan gabe egin zuten, eta atxilotuei inolako deirik egiten utzi gabe egin zuten, kideen artean nahasmendua sortuz. ASKE antolakundeak salatu du eguerdiko elkarretaratzean zein atxiloaldian zehar Frantziako Poliziak izandako jarrera, baita Espainiako eta Frantziako Polizien arteko kolaborazioa ere.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal