lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 18/07/2026

Euskal Selekzioa ofiziala izan dadila eskatuko dute Munduko Kopako finalaren egunean

La Haine - Euskal Herria
Arratsaldeko 19:00etan mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

Gizonezkoen Munduko Kopako finala jokatuko dute igande honetan, uztailaren 19an, Espainiako eta Argentinako selekzioek. Hori dela eta, pantaila erraldoiak jarriko dituzte Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan partida jarraitzeko. Egoera horren aurrean, espainolismoari aurre egiteko eta Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko asmoz, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioak deitu dituzte iganderako, 19:00etan.

Gasteizen, Farolonen izango da hitzordua, "Euskal Herrian Euskal Selekzioa, asimilaziorik ez!" lelopean. Donostian, berriz, Bultzada Txuriurdinak antolatu du mobilizazioa, Bulebarretik abiatuta. Talde horrek gogor kritikatu du Donostiako Udalak iganderako pantaila handia jartzeko hartu duen erabakia. Haien esanetan, "futbola aitzakia bihurtzen da espainiar nazionalismoa indartzeko; baztertzailea eta inposatzailea den nazionalismo hori, hain zuzen ere. Horren ondorioz, hari lotutako ikurrak eta mezuak normaltasunez zabaltzen dira gure kaleetan". Era berean, nabarmendu dute beharrezkoa dela kaleak berreskuratzea “inposizioaren eta zapalkuntzaren” normalizazioari aurre egiteko. Horrez gain, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea eta nazioarteko kirol lehiaketetan ofizialki aritzeko eskubidea aldarrikatu dituzte.

Bilbon ere manifestazioa egingo dute. Mobilizazioa La Casilla plazatik irtengo da, eta parte-hartzaileei elastiko berdea nahiz ikurrinak eramateko eskatu diete. Iruñean, mobilizazioa Nabarreria plazatik abiatuko da, "Euskal Herriak askatasuna. Espainolismoaren gora-zarrari ez!" lelopean. Deialdiarekin batera argitaratutako adierazpenean azaldu dute Espainiako Selekzioak ez duela Euskal Herria nazio gisa aitortzen, eta “gure herrian espainolismoaren zein erreakzioaren” ikur gisa jarduten duela.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal