lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 24/12/2024

Fitoren aldeko sostengu-taldeari elkarrizketa

Lantzean Behin
“Espetxe barruan preso bakoitzak bizimodua atera behar du eta horretarako lagunak eta senideak baino ez dauzka”

Joan den otsailetik dago Arabako Zaballa espetxean Gaizka Astorkizaga “Fito” preso politiko bilbotarra. Orduan, 2 urteko kartzela-zigorra ipini zioten, desordena publikoak egotzita. Irailean jasotako beste zigorra espetxean betetzen ari zenari gehitu zaio, 5 urte eta erdi guztira. Aurretik, bi aldiz egon zen kartzelan, banketxeetan sabotajeak egitea egotzita: 4 urte bete zituen lehenengoan, eta 9 hilabete bigarrenean. Hori dela eta, Fitok ia hamarkada bat eman zuen Espainiako estatuak bahituta. Senide eta lagunek sostengu-taldea sortu dute, Fitok espetxe barruan behar dituen baliabideak izan ditzan.

Lantzean Behin / Bilbo (Euskal Herria)

- Zergatik erabaki zenuten Gaizka Astorkizaga “Fito” euskal preso politikoari laguntzeko talde bat sortzea?

Ikusi genuen presoen kolektiboa, une honetan, erabat desegituratuta dagoela, eta haietako batzuk erabateko babesgabetasun-egoeran daudela. Gaur egun, preso batzuek ez dute laguntza juridikorik, laguntza mediko nahikorik edo laguntza emozionalik. Gaizkak dituen behar horiek asetzea izan zen talde hori sortzeko arrazoia; elkartasun-sarea, oro har, deseginda dagoelako. Horregatik elkartu ginen, espetxe barruan estaldura bat emateko Fitori. Dirua, arropa, bisitak eta behar duen guztia senide eta lagunok kudeatzen dugu.

Bestalde, Fitori laguntzeko taldean gauden batzuk errepresioaren aurkako eta presoen aldeko mugimenduetan militatzen aritu gara. Eta egungo egoera politikoa dena da. Hori da errealitatea.

• Zeintzuk dira zuen aldarrikapen nagusiak Fitori eta bere ildo ideologikoari jarraitzen dioten euskal preso politikoei dagokienez?

Aurreko galderan esan dugun bezala, espetxe barruan, preso bakoitzak bizimodua atera behar du eta horretarako lagunak eta senideak baino ez dauzka. Jakin behar da mediku-kontuetan ere laguntza behar duela Gaizkak, asistentzia medikoa kartzelan ez delako egokia.

Horrek guztiak zerikusia du egoera politiko berriarekin. Askapenerako euskal mugimenduaren egitura desagertu zenean, presoak izan ziren kaltetuenak; hain zuzen ere, helburu horien alde gehien eman dutenak. Errepresioa jasan behar izan dute inolako laguntza-sarerik gabe. Beraz, sare hori modu indibidualean artikulatu behar izan da berriro.

• Zuen ustez, zenbait sektorek euskal preso politikoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea ontzat eman dute, irtenbide gisa?

Bai, ziurrenik, gertuago daudelako. Gainera, familiaren eta lagunen bidaiek odoluste ekonomikoa ez ezik, kezka handia ere suposatzen zuten presoentzat, bidaian istripuak izateko arriskuagatik. Hala ere, haiek barruan eta batzuetan baldintza okerragoetan jarraitzen dute. Gauza jakin batzuek okerrera egin dute, posta-trukea, esaterako. Preso batzuek denbora gehiago behar izaten dute gutunak Zaballatik senide edo lagunengana iristeko. Gaizkari lagunei idazten dizkien gutunak itzultzen dizkiote. Bestalde, Fito bisitatzea ukatu zieten beste pertsona batzuek zigor-aurrekarien ziurtagiria aurkeztu behar izan dute, arazoa konpontzeko.

• Amnistia osoa defendatzen duzue presoen auziaren konponbide gisa?

Errepresio-egoera bat dago oraindik. Eta amnistia independentziaren eta sozialismoaren ondorioa da, bestela errepresioak jarraituko du eta preso berriak egongo dira. Gure kasuan, elkartasun-talde bat gara, eta, beraz, taldeko kide bakoitzaren aukera pertsonala da bertan parte hartzea. Beraz, ezin dugu orokortu, talde hau Gaizkaren aldekoa delako eta bakoitzak bere pentsaera duelako. Euskal preso politiko batekiko elkartasunak batzen gaitu.

• Egungo egoera ahaztu gabe, zuen ustez, zer eginkizun bete beharko lukete euskal preso politikoek?

Ezin diegu eskatu borrokari eusteko, kontsekuenteak eta koherenteak izateko, kartzeletatik kanpo presoen gaiari buruzko mugimendurik ez dagoenean. Desmobilizazio-egoera hori ipurdiko galanta izango da presoentzat, gizartean bizitzen ari den etapa “berria” ikusten dutenean.

Fito orain dela gutxi sartu da, eta badaki zein den egoera, baina denbora handia daramatenek... Gainera, Harrera bezalako erakundeak desagertu egin dira, ia ez du funtzionatzen... Eta arazo tekniko, ekonomiko eta emozional guztiak lagunen eta senideen gain geratuko dira berriro.

• Zuen ustez, zer egin behar du gizarteak presoen afera konpontzeko?

Ez dago erantzun sozialik, hurbilekoa eta indibiduala bakarrik. Behin eta berriz errepikatzen ari garen bezala, presoen gertukoak bisitez, deiez, diruaz... arduratzen ari dira. Talde txiki batzuk baino ez dira presoen gaiarekin kontzientziatuta daudenak, baina gizartean ez dago mugimendurik.

https://sareantifaxista.blogspot.com/2024/12/fitoren-aldeko-sostengu-taldea-espetxe.html

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal