Gasteizko Udalak 1.500 euroko isuna ezarri die hainbat sindikatuei

Gasteizko Udalak 1.500 euroko isuna jarri die ELA, LAB, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuei joan den martxoaren 17an deitu zuten greba orokorraren harira. Sindikatuek gaur esan dutenez, jasotako zigor administratiboa "kartel eta pankarten bidez" informatzeagatik izan da.
Sindikatu deitzaileek argudiatu dutenez, "ahalegin militante handia" egin zuten "grebaren testuinguruaz, arrazoiez eta helburuez informatzeko", eta horretarako "hainbat euskarri informatibo, batzar eta bilera" egin zituzten.
Sindikatuen ustez, udalak "langileen aurkako jarrera antisindikala erakusten du" zigor administratiboa ezartzeagatik. Diotenez, horrelako isunekin "aldarrikapenak isilarazi" nahi dituzte, bai eta "greba eskubideari eraso" egin ere.
Sindikatuek ez dute uste "kasualitatea denik" isuna 1.500 eurokoa izatea, hori baita egun horretan eskatu zuten gutxieneko soldataren zenbatekoa. Ohar batean, sindikatu abertzaleek EAJ eta PSE alderdiei eskatu diete "langileen aurkako jarrera hau bertan behera uzteko" eta 1.500 euroko gutxieneko soldata "errealitate izan dadin inplikatzeko".
Momentuz, udalak ez du horren inguruko informaziorik eman; maila publikoan bederen, egunaren bueltan soilik ezagutu zen udalak grebaren biharamunean salaketa bat jarri zuela Udaltzaingoan, Gasteizko Batailaren monumentuan grebalari batek egindako pintaketa baten harira.







