lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 15/05/2025

Gaurko egunez, duela 48 urte, Amnistiaren Aldeko bigarren astea amaitu zen

Agentziak/La Haine
Astean zehar zazpi pertsona hil ziren Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren errepresioaren ondorioz.

1975eko azaroaren 20an Francisco Franco diktadorea hil eta gero, erreforma politikoaren garaian, giro nahasia izan zen. Garai hartan 21 euskal preso politiko zeuden kartzeletan, haietatik lau Frantziako estatuan. Urruti zegoen preso guztien askatasuna eta amnistia, baina eskaera horien aldeko babesa handia zen Euskal Herrian. Amnistiaren aldarrikapena bi zentzutan hartzen zen: alde batetik, euskal presoak kaleratzeko eskatzen zen, eta, beste aldetik, berriro preso gehiago egon ez zitezen. Eskaera horietan oinarrituta egin ziren 1977an amnistiaren aldeko hiru asteak, otsailean, maiatzean eta urrian.

Amnistiaren Aldeko II. Astea hauteskundeen atarian izan zen, maiatzaren 8tik 15ra. Espetxeetan dozenaka preso zeuden oraindik. Aste hura zeharo tragikoa izan zen. Amnistiaren Astea batzar eta lan geldialdiekin abiatu zen Hego Euskal Herrian. Hilaren 12ra arte, ez zen apartekorik gertatu, baina egun horretan grebarako deia zegoen egina, eta eguerdian Guardia Zibilak bortizki desegin zuen Errenteriako manifestazioa. Balaz zauritutakoak asko izan ziren, eta batzuk, larri. Hildakoak, berriz, hiru: Gregorio Maritxalar bala batek jo zuen balkoian zegoela, eta egun batzuk geroago hil zen, ospitalean; Rafael Gomez subfusil baten tiroa jasota hil zuten, paseatzen zebilela. Clemente del Caño Ibañez auto batek harrapatu zuen, Bilbo-Behobia autobidean, guardia zibilek barrikada bat kentzera behartu zutenean.

Julio Marques larri zauritu zuten, Errenterian. 21 urte zituen orduan, eta manifestazioan zegoen, maiatzaren 12an. “Guardia zibilak agertu, eta manifestariei oldartu zitzaizkien. Gu kuartelillora joan ginen korrika, eta Guardia Zibila tiroka hasi zen gure kontra; jo zuten lehenengoa ni izan nintzen”, azaldu zuen. Donostiako ospitalera eraman zuten, larri.

Hurrengo egunean, Guardia Zibilaren jarrera ez zen aldatu Errenterian, eta hango gertaerek Euskal Herri osoan izan zuten eragina. Liskarrak areagotu egin ziren, eta ondorio tragikoak beste herrialdeetara ere zabaldu ziren. Maiatzaren 13an, greba orokorra Hegoalde guztian egin zen: mobilizazioak, itxialdiak eta gose grebak. Jose Luis Cano gau hartan hil zuten, Iruñean. Tiroz errematatu zuen polizia batek, Caldereria kalean. Errenteriarra zen, baina Donostian bizi zen. La Voz de España egunkarian egiten zuen lan, tipografo, eta CCOO sindikatuko kidea zen.

Jose Luis Cano hil zuten egun berean hil zuten Luis Santamaria, 72 urtekoa, Iruñean hura ere. Poliziak jaurtitako gomazko pilota bat ondoan erori zitzaion, etxeko balkoian, eta bihotzekoak jota hil zen.

Manuel Fuentes gaztea, berriz, Ortuellan (Bizkaia) hil zuten, hurrengo egunean, gauean. Korrika hasi, eta guardia zibil batek buruan tiro egin zion. Amnistia astearen amaiera greba orokor berri batekin burutu zen. Manifestazioak bortizki sakabanatu zituzten poliziek, eta Pedro Olaiz Olaizola oso larri zauritu zuten.

Amnistiaren asteen inguruan, bestalde, polizia espainarrek Francisco Javier Nuñez hil zuten, Bilbon. Jipoi bat eman ziotela salatzeko epaitegira joan ostean, polizia espainiar batzuek pistola atera eta indarrez koñaka eta errezino olioa edatera behartu zuten. Ondoren hil egin zen.

Urte berean ekin zioten erreforma politikoari Espainian. Eta 1977ko urriaren 17an onartu zen Amnistia Legea. 1977ko abenduan, Fran Aldanondo Ondarru irten zen kartzelatik. Azken euskal presoa zela esan zuten, baina espetxeak ez ziren erabat hustu, eta gaur egun 100 euskal preso politiko baino gehiagok bahituta jarraitzen dute.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal