Hartzekodunen konkurtsoan sartu da Tubos Reunidos
Enpresak 1.300 langile inguru ditu, eta 260 milioi eurotik gorako zorra pilatuta. Amurrioko lantengian, langileak greba mugagabean daude martxotik.
Hartzekodunen borondatezko konkurtsora sartzea erabaki du Tubos Reunidos S.A.-ko Administrazio Kontseiluak. Atzo arratsaldean jakinarazi zion erabakia multinazionalak Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari. Enpresak 1.300 langile inguru ditu, eta 260 milioi eurotik gorako zorra metatua; horietatik, 150 milioi SEPIri dagozkio. Konpainiak argudiatu du azken hilabeteetan bere altxortegian pairatu dituen "tentsioengatik" hartu duela erabakia, eta Amurrioko fabrika geldirik egoteak egoera larriagotu duela. Horregatik, enpresak ziurtatu du "berehalako kaudimengabezia egoeran" dagoela.
Amurrioko lantengian, langileak greba mugagabean daude martxoaren 15etik, 179 kaleratzeen aurka. Gauzak horrela, espediente bitartez egin nahi zituzten kaleratze guztiak eten ditu momentuz enpresak. Berez, zuzendarirtzak iragarri zuen finantzazioa lortu ezean, ez zituztela gauzatuko eta, konkurtsoa dela medio, ezer ezean geratu dira une hauetan.
Tubos Reunidosko langileen batzordearen gehiengoak grebari eustearen alde egin du, asteazken honetan zuzendaritzarekin egingo duen bileraren zain. Era berean, maiatzaren 7rako deitutako langileen batzarrera ez dela joango iragarri du, "aurrekari arriskutsua" litzatekeelakoan. Tubos Reunidosko langileek elkarretaratzea egin dute astearte honetan enpresaren Bilboko bulegoen aurrean, enpresak hartzekodunen borondatezko konkurtsoa aurkeztu eta biharamunean. "Bihar erabakiko dugu zer pauso emango ditugun. Argi dago erreferendum batek ez duela bertan behera utziko langile-batzordearen gehiengoak deitutako greba; izan ere, deitzaileek utz dezakete bertan behera, ez beste inork", ohartarazi dute. "Fase berri honetan elkarrizketarako eta negoziaziorako aukera izatea espero dugu", adierazi dute, eta zuzendaritzari egotzi diote ez dela "ia batere" sinesgarria.







