lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 23/03/2017

Hezkuntza sistema propioaren alde, kalera!

Ernai

Europa 2020 plan neoliberaletik etorritako haizeek lur hartu zuten 2011.urtean Espainian. LOMCE izenez ezagututako lege proposamena besapetik atera eta espainiar parlamentura eraman zuen Wert ministro ohiak.  Ikasleok espainiar konstituzioaren bedeinkazioz, lan merkaturako pieza bilakatzeko plan borobila.

Gerora sortutako iskanbila ederki makilatu zuten dimisio antzeztuekin, egindako lanagatik saria jaso ostean, nola ez. Titular eta eztabaiden erdigunean zegoen hizketagaia desagertzen joan zen gutxinaka-gutxinaka. Ez ordea ikasgeletatik. Mamu ikusezin bat bezala ikasgeletaraino sartu zaigu liburuetan, etxerako lanetan, apunteetan, arbeletan…

2016-2017 ikasturtean LOMCE legearen aplikazioaren azken fasean gaudela suposatzen da, zehaztutako edukien eta kurtso amaierako errebaliden aplikazio zuzenean. Aldaketa hauek merkatuaren logika txertatu eta estatu espainiarreko elite ekonomikoei mesede egiteko diseinatuta daude.

Hezkuntza sistema erreforma bidez diseinatu eta norabidetu dute lan merkatura geroz eta gazteago, esplotatuago eta zapalduago joan gaitezen. Eskolatik fabrikara, esku-lan merke eta sumisoak izan gaitezen.

Euskal Herrian ere ez da kontrakorik gertatu. 2013.urtean, LOMCE onartzearekin batera, PNVko Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak ere HEZIBERRI 2020 plana atera zuen eusko labelarekin besapetik. PNVren laguntxoen interes ekonomiko zein politikoen mesedetarako hezkuntza plana.  EHUn 3+2 erreforma neoliberalarekin borobildu zuten beraien asmoa. Dena ikasleon mesederako omen.

Urte guzti hauetan ordea, hezkuntza komunitate osoaren oihu irmoa entzun da kale zein ikasgeletan. LOMCE, Heziberri eta 3+2 erreformei ezezko borobila eman zaie Euskal Herriko txoko desberdinetan egindako ehunka mobilizaziotan. Gaur sindikatuek eta bihar ikasleok deitutako mobilizazioak ere horren adibide dira. Milaka herritar hezkuntza sistema propio baten aldeko borrokan kalean, lan baldintza eta ikas baldintza duinak aldarrikatuz.

Ernai gazte antolakundetik ere dei egiten diogu euskal gazteriari eta baita herritar orori ere hezkuntza sistema propio baten aldeko borrokan kaleak betetzeko eta inposatu nahi dizkiguten erreforma eta plan neoliberalei  hortzak erakusteko.

Hezkuntza herritik eta herriarentzat, denok kalera!

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal