ECIA eta SAPA enpresa armamentistikoak seinalatu ditu JARKI antolakunde iraultzaileak

Margoketak agertu dira ECIA eta Sapa enpresa armamentistikoen egoitzetan. “Gerra inperialistaren erantzuleak” mezua irakur daiteke pintaketetan, eta, ekintza honen bitartez, JARKI-k morteroak egiten dituen ECIA eta ekoizpen militarrari zuzendutako SAPA enpresak inperialismoa armez hornitzearen eta hau elikatzen duen gerraren negozioaren kontura bizi direla salatu du. Maiatzaren 1aren harira antolakundeak egin duen hirugarren ekintza da hau. Izan ere, hainbat banketxe eta komunikabide seinalatu zituen pasa den asteetan, hauek industria armamentistikarekin daukaten erlazioa salatzeko.
JARKI antolakunde iraultzaileak adierazi duenez, “armen indarrez eraikitako ordena eta hauen bitartez inposatutako bakea da kapitalarena”, eta ohartarazi du sistema horren oinarrian “bortizkeria” dagoela. Antolakundaren arabera, estatu kapitalistek “bortizkeria eta gerra baliatuta” bermatu dute euren nagusitasuna. Antolakundeak zabaldutako komunikatuan, “demokraziaz eta elkarbizitzaz” hitz egiten denean benetan “Euskal Herri Langilearen sumitzeaz” eta “burgesiaren zuzeneko diktaduraz” ari direla salatu dute. Halaber, nabarmendu dute langileak “elkarren aurka euren gerretan aritzera behartuta” daudela, banaketa sustatuz eta “suntsiketarako tresnak” erabiltzera bultzatuta.
Antolakunde iraultzailearen esanetan, egoera horren muinean dago “alienazioa”, eta, bide horretan, kritikatu dute “etsaiaren ideologia eta armak geure egitea” internazionalismoa, elkartasuna eta klase kontzientzia bazterrean uzten dituela. Gainera, salatu dute “heriotzaren salerosketa” eguneroko errealitate bihurtu dela, askotan oharkabean pasatzen dena.
Antolakundeak azpimarratu du badirela “bizitzak eta herriak birrintzeaz bizi direnak”, eta horien helburu bakarra “negozioa eta mozkina” dela, “kapitala aberri bakarra” izanik. Testuinguru horretan, Euskal Herrian “militarizazio egoera” aspalditik inposatua dagoela ohartarazi dute, kaleetan presentzia polizial handia dagoela eta armagintza enpresa ugari kokatzen direla azalduz.
Bestalde, antolakundeak kritikatu du armen negozioa estatuen babespean egiten dela: “protesta kriminalizatzen den bitartean, armena negozio zilegia da”, diote, eta jarduera hori “legezkotasunaren baitan normaltasunez” garatzen dela salatu dute. Horren harira, Frantziako eta Espainiako legediak “burgesen interesak babesteko” idatzita daudela gaineratu dute.
Komunikatuan, gerraren negozioa “oso errentagarria” dela azpimarratu dute, “txikizioz, miseriaz eta odolez eutsitako negozioa” dela esanez. Halaber, kritikatu dute produktuen balioa “heriotza edo suntsiketa graduaren eraginkortasunean” neurtzen dela.
Azkenik, antolakunde iraultzaileak adierazi du ez dagoela jarduera hori justifikatzerik: “bakarra da armagintzak ekoiztutako produktuaren erabilgarritasuna, odola eta triskantza”. Horren aurrean, politikarien eta instituzioen diskurtsoak “hitz hutsak” direla esan dute, eta ondorioztatu dute “Euskal Herriko etsaiarekin konfrontazioa” dela aldaketa errealak lortzeko bide bakarra.







