Grupo Vocento eta Cadena Ser seinalatu ditu JARKI antolakunde iraultzaileak
Antolakunde iraultzaileak ohartarazi du manipulazioa dela hedabide hauen ogibidea eta estatu kapitalisten makinariaren parte direla.
El Correo egunkariaren egoitza bati eta Prisa taldeko Radio San Sebastian irratiari “Gerra inperialistaren konplize“ lelopean margoketak egin dizkie JARKI antolakundeak. Ekintza honen bitartez, Grupo Vocento eta Cadena Ser bezalako komunikabideak kapitalismoaren eta inperialismoaren bozeramaileak direla salatu egin du. Maiatzaren 1aren harira antolakundeak egin duen bigarren ekintza da hau. Izan ere, hainbat banketxe seinalatu zituen joan den astean, hauek industria armamentistikarekin daukaten erlazioa salatzeko.
JARKI antolakunde iraultzaileak salatu duenez, “eskubide zibil eta politikoen murrizketaren testuinguruan”, askatasun politikoa errotik ezabatzen ari dira. Bide horretan, informatzea ez dela “aukera ona” adierazi du antolakundeak, “negozio errentagarria ez den heinean”. Hortaz, hainbat hedabide kapitalaren krimenen eta inperialismoaren “enbataren aurrean” isilik geratzetik urrun, hauei laguntzeko lanean aritzea deitoratu du: “kazetariz mozorrotutako burgesiaren eta kapitalaren mesedepeko bozeramaile baimenduak ditugu Euskal Herriko prentsan lanean. Etika eta informazioa zuhurtasunez eta zehaztasunez ematea baztertuta, harpidetzak, salmenta kopuruak eta instituzio zein enpresekiko harreman onei eustea da euren lehentasunezko kezka bakarra. Kapitalen zerbitzupeko propaganda aparatuak, objektibotasuna eta linea editoriala ipar beharrean, marketing-era eta euren burua zilegitu eta zuritzeko fartsari eusteko terminoak besterik ez direnak. Ugazaben ordenaren eta bakearen izenean, hauen irudia eta ilusioa eraiki eta hauen parametroetako berriak fabrikatzen dituzten morroiak”.
Antolakunde iraultzailearen ustez, manipulazioa da Sud Ouest, Prisa, Vocento, Planeta... bezalako taldeen ogibidea, eta estatu kapitalisten “estrategia jazarlea” hauspotzeaz gain, honen makinariaren parte dira: “Burgesiaren zuzeneko diktaduran beraien agintea zuzenean disimulu barik aurrera daramaten duten bitartean, hedabideek Euskal Herri Langilea zapaltzen dutenen neurrirako errelatoa eraikitzen dute, zapaltzaileen errealitatearen arrakalak josiz. Era horretan, “informatzeko” garaian zapaltzen gaituzten eta beren borreroak zuritu nahiz justifikatzen dituen eta, aldi berean, zapalduak deabrutu eta kriminalizatzen dituzten logika manikeoa baliatzen dute. Izan ere, egia desitxuratuz eta informazio makurren bitartez kapitala eta inperialismoaren jarduna zilegitzen dituzten berriak ekoizten dituzte, hauen krimenak eta erroko izaera ezkutatuz”.
Komunikabideei erreferentzia eginez, antolakunde irautzaileak salatu du hauek “Euskal Herriko klase zein nazio zapalketaren aurka antolatu eta borrokatzen direnen aurkako marko diskurtsibo zein ideologikoa” hornitzeaz arduratzen direla, “bazterketa eta jazarpena erraztea” xede duen giro aproposa sortuz gizartean. Gainera, “inposatutako ordenarentzat eta bakearentzat” mehatxutzat jo litezkeen edukiak “bigarren mailara” zokoratzen dituzte edo hauen garrantzia indargabetzea bermatu.
Bukatzeko, JARKI-k inperialismoaren eta miseriaren konplizean diren hedabide hauen isiltasunarekin eta manipulazioarekin apurtzeko beharra azpimarratu du. Bide horretan, argi utzi du beharrezkoa suertatzen dela inperialismoaren eta miseriaren “konplize” diren hedabideak salatzea eta “buru-belarri ezkutatzen diharduten gezurrak” biluztea nahiz egia gordina argitara eramatea.







