lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 28/04/2026

Espainiako Gobernuak %50 igo du aurrekontu militarra

Urko Apaolaza Avila
Espainiako Estatuak 40.000 milioi euro gastatu zituen iaz arlo militarrean eta gehien gastatzen duten hamabost herrialdeen artean dago jadanik.

Pedro Sánchezek Bartzelonan munduko "lider progresistak" bildu eta Irango gerraren kontrako mezuak jaurtitzen dituen bitartean, bere gobernuak inoizko gastu militar handiena egin du 2025ean, Delàs Bakearen Ikerketa Zentroak astelehen honetan emandako datuen arabera.

Zehazki, iaz Espainiako Estatuan 39.476 milioi euro bideratu ziren arlo militarrera. Horretarako, normalean Defentsa Ministerioko gastuei egozten ez dizkieten diru-partidak batu dituzte oraingoan aurrekontuan: "Badakigu, hain zuzen, Espainiako Estatuko gastu militarra ohikoan aitortzen dena baino askoz handiagoa dela", dio ikerketa zentroko txostenak.

NATOk agindutakoaren arabera, gastu militarrak Barne Produktu Gordinaren (BPG) %2tik gora izan behar luke estatuan, eta horretarako Ministroen Kontseiluak 2025erako 10.471 milioi euroko igoera erabaki zuen Defentsako aurrekontuetan, 33.123 milioi euroraino. Baina Delàs-en arabera, are gehiago izan da igoera, ia 40.000 milioi euroraino iritsi arte, eta gastua BPGren %1,83 izatetik %2,42 izatera igaro da.

Helburua lortzeko, Espainiako Gobernuak armagintzako proiektu erraldoiak onartu ditu –Modernizazio Programa Bereziak eufemismoa erabilita– eta enpresa militarrei maileguak eman dizkie, ustez I+G arlorako. "Gainera, oso larria da egun martxan dauden programei buruz dagoen gardentasun falta", dio Delàs zentroak, eta horietan zeharka zein zuzenean "israeldar enpresek edo euren bazkideek" parte hartzen dutela iradoki du.

Top 15 barruan

Egindako igoerarekin, munduan armetan gehien gastatzen duten hamabost estatuen rankingean sartu da Espainiako Estatua. Hala azaldu du SIPRI Stockholmeko Nazioarteko Bakearen Institutuak berriki publiko egindako beste txosten batek.

Horren arabera, gainera, Top 15etik gastu militarra gehien handitu duen herrialdea da Espainia, eta Europako herrialdeen artean bigarrena, Belgikaren atzetik.

Espainiako Gobernuak %50 igo du aurrekontu militarra eta gehien gastatzen duten hamabost herrialdeen artean dago jadanik

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal