Hiru euskal artistetatik batek bere jardun artistikoa uztea pentsatu du azken urtean
Lanarteak Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak, Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzen lehenengo inkesta burutu eta emaitzak ezagutzera eman ditu urte amaierarekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso zuen ikerketak eta Aztikerren lanabesekin egin zen. Bertan 245 profesionalek parte hartu dute. Txostenak erakusten dituen datuen arabera, inkesta bete dutenen heren batek, azken urte honetan bere jardun artistikoa uztea pentsatu duela adierazi zuen.
Diziplinen arabera, ilustratzaileak eta komikigileak dira, bereziki, euren lan baldintzekin batere kontent ageri ez direnak. Sortzaile horien artean, %50ak pentsatu du pintzelak alboratzea. Arte eszenikoetan eta ikusizko arteetan dabiltzanen artean ere, hurrenez hurren %44,8ak eta %44,4ak izan dute buruan amore ematea. Burutazio horixe bera adierazi du musikarien %38,7ak, itzultzaileen %36,4ak, bertsolarien %27ak eta idazleen %21,3ak. Horren arrazoiak azaltzerako garaian, txostenak sei ideietan laburbildu ditu: “nekea, presio administratibo gehiegizkoa; baldintza txar edo gogorrak, diru eza eta ezegonkortasuna, osasun mentala eta egindako lanaren eta bueltan jasotakoaren arteko desoreka”.
Lanarteak argitaratutako inkestak euskaraz jarduten duten artisten lan baldin-tzen larritasuna azaleratu du. Txostenak erakusten duenaren arabera, jarduera artistikoaren truke artista batek urtean, bataz beste, 12.073 euro gordin jasotzen ditu eta, ezinbestekoa zaio, diru sarrera hori beste zenbait iturri ba-tzuekin osatzea. Ogibide nagusitzat jarduera artistikoa baino ez dutenek, aldiz, zertxobait gehiago irabazi zuten 2024an: 12.330 euroko irabazi garbia –batez besteko, 5.698ko gastu gordinak kenduta– izan zituztela ematen du aditzera txostenak. Alegia, gordinean, 1.027,5 euro hilean. Ondo ulertzeko eta beste modu batera esanda, lanbide arteko gutxieneko soldatak dioena baino 100 euro gutxiago hilabetean.
Diziplinaka aztertu ezkero, ikus-entzunezkoetan dabiltzan profesionalek lortu zuten irabazirik handiena, 14.536 euro. Horien atzetik datoz itzultzaile lanean dabiltzanak, batez beste, 13.808 euro eskuratuta eta, ilustrazioan edo komikigintzan aritzen direnek 12.728 euro irabazi zituzten. Zerrenda atzetik aurrera xehatuta, ikusizko arteetan lan egiten dutenek 1.128 euro eskas lortu zituzten; musikariek, 4.467 euro; bertsolariek, 5.333 euro; literatura edo gidoigintza ogibide dituzten idazleek bertsolariek baino zertxobait gehiago, 5.424; eta arte eszenikoetan taula gainera igotzen direnek, 6.418.
Euskal kultura larrialdi egoeran
Gainera, hizkuntzari erreparatuta, irabazietan ere desberdintasun handiak daudela erakusten du Lanartearen ikerketak. Euren sormen lanak soilik euskaraz egiten dituzten artisten irabazi garbia 4.717 eurokoa izan zen; aldiz, euskaraz eta erdaraz jarduten dutenenak 9.672ra iritsi ziren.
Ikerketan parte hartutako 245 artisten %95ak euskarazko kulturaren aldeko politika-neurri gehiago eskatu ditu, euskal kulturak “iraun nahi badu”. Konkretuki, %80,1a ados agertu zen “Euskarazko kulturak bere aldeko politika-neurri gehiago behar ditu, iraungo badu” aldarrikapena baieztatuz; artisten %14,4, aldiz, harago joan zen, eta erabat ados agertu zen. Ariketa berean, inkestan parte hartu zutenei, zenbait baieztapenekiko atxikimendua maila galdetu zieten. “Euskarazko ekosistema osasuntsu dago” esaldiaren aurrean, inor ez zen ados agertu. %21,6a ez zen batere ados, eta %41,1ak desadostasuna erakutsi zuen. Gainera, %70,6aren iritziz, ez omen dago euskarazko lanentzako nahikoa zirkuitu, sare edo plaza. Ildo beretik, inkesta betetakoen %80 baino gehiagoren ustez, gaztelaniaz lan egiten dutenek baino laguntza gutxiago jasotzen omen dute euskaraz jarduten dutenek. Are gehiago, ia %90ak dioenez, EITBk ez du euskara eta euskal kulturaren transmisioa ziurtatzen.