lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 01/07/2025

Iruñeko Udaltzaingoak eta Foruzaingoak batera egindako Karpi operazio poliziala kritikatu dute

Ahotsa
Arrazakeriaren aurka eta migranteen eskubideen alde lan egiten duten eragileek operazio honetan arrazismoa eta kriminalizazioa sustatu dituztela salatu dute.

Duela gutxi Iruñeko Udaltzaingoak eta Foruzaingoak batera egindako “Karpi” polizia-operazioak Nafarroako Gobernuaren webgunearen, komunikabideen eta sare sozialen bidez izan zuen hedapena salatu dute Iruñeko hainbat kolektiboek.

“Uste dugu esku-hartzean erakutsitako ikusgarritasuna bereziki beharrezkoa ez dela horrelako aurrez planifikatutako operazioetan. Izan ere, ulertzen dugu ekintzaren erakustaldi publiko eta mediatikoak, prozesu eraginkor edo proportzionatu bat bermatu baino gehiago, propaganda edo zigor sozialerako tresna bihurtzen duela, zigorraren antzezpenaren bidez gizarte eta komunikabideetan inpaktu sozial eta mediatikoa sortzea bilatuz. Gainera, uste dugu jarduteko modu honek oinarrizko printzipioak arriskuan jartzen dituela, hala nola errugabetasun-presuntzioa, oraindik epaituak edo kondenatuak izan ez diren pertsonak publikoki agerian uzten direnean”, aipatu dute Iruñean egindako agerraldian.

Arrazakeriaren aurka eta migranteen eskubideen alde lan egiten duten eragileek salatu dute operazio honetan atxilotutako pertsonen nazionalitatea, jatorri etnikoa edo administrazio-egoerari buruzko xehetasunak eman zirela, eta honek “gizarte-estereotipoak indartzen ditu eta dagoeneko ahul diren komunitateen kriminalizazioan aktiboki laguntzen du, diskurtso arrazista eta xenofoboak elikatuz”. “Behar gabeko alarma soziala” piztea leporatu diete operazio honen arduradunei, eta bizikidetza eta baita ere kohesio soziala kaltetetzea eta gorroto eta bazterketa diskurtsoak indartzea.

Eragile hauek argi utzi nahi izan dute gatazka politiko eta sozialak ez direla errepresioz konpontzen. “Europako biztanleko polizia kopuru handiena duen lurraldean, politika sozialetan inbertsio publikoa etengabeko murrizketa burokratikoen menpe dago, gero eta jende gehiago eskubide eta baliabide gabe utziz”.

Testuinguru honetan, gorroto eta bazterketa diskurtsoak ez elikatzeko deia egin dute. “Segurtasuna, kontrola eta ordena merkantzia politiko gisa saltzeak, ezkerretik eskuinera, ematen duen etekin politikoak erakusten du beldurra bihurtu dela mobilizazio elektoralaren motor nagusi mundu mailako ziurgabetasun gero eta handiagoaren testuinguruan. Segurtasunik ezaren kausa estrukturalak —arrazakeria estrukturala, prekarizazioa, miseria, aukeren falta, eta abar— aurrez aurre jarri ordez, herritarren ondoeza kudeatzeko bide teknokratikoari heltzen zaio: polizia gehiago, kamera gehiago, zigor gehiago. Ildo hau ez da soilik statu quo-aren mesedetan aritzen, baizik eta erabat egokitzen zaio klase ertainen antsietateei, zeinen lehentasuna ez baita errealitatea eraldatzea, baizik eta haren desegitearen aurrean babestea. Horrela, segurtasuna fetitxe elektoral bihurtzen da, eta ordena, kontrol mekanismoak sendotzeko aitzakia, gerora beti kolektibo ahulen aurka erabiltzen direnak”.

Horregatik eskatu dute “prekarizatutako sektoreen kriminalizazio estrukturala betikotzen duten praktikak berehala etetea”.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal