lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 10/03/2022

Jardun koordinadorak 2022ko Aberri Eguna aurkezteko prentsaurrekoa egin du.

Jardun

Gizarte kapitalistan zapalketa eta esplotazioa dira eguneroko ogia.
Beldurtuta nahi gaituzte, euren murrizketei eta errepresioari aurre egin ez diezaiegun. Horren adibide ditugu azken bi urteetan Covid-19ren aitzakipean hartutako neurriak eta, hauek baliatuta, txakurren gehiegikeria nahiz inpunitatea agerian utzi dituzten irudiak. Hala ere, gertakari zehatz hauetaz haratago, horrelakoak bai Frantziako, bai Espainiako estatuen legedietan jasota dauden lege ezberdinengatik babestuak dira, Mozal legearekin ikus dezakegunez, besteak beste.

Hori dela eta, edozein ekimen burutzerako orduan existitzen diren oztopo burokratiko eta zailtasun guztiei, jazarpenaren beldurra gehitu behar zaie. Dena den, jazarpena norberak zein ingurukoek jasotako errepresio gordinaren bidez ez ezik, zigor eta isunen mehatxuen bidez zabaltzen den gaitza dugu, hedabideak beldurraren gaitza hedatzerako orduan tresna eraginkorra suertatzen direlarik. Izan ere, hauek indarrean dagoen diskurtso burgesa indartzearekin batera, jazarpenean diharduten indar zapaltzaileekiko kolaborazioa normalizatzen dute. Euren jarduna zuritzen duten bitartean, izaera iraultzaileko edozelako adierazpen edota antolakuntza forma kriminalizatzen duten bitartean, euren mesedepeko testuinguru errepresiboa normalizatzen dute beldurra baliatuta.

Horrela uler daiteke bakarrik, adibidez, gerraren mamua astinduta, NATO bezalako instituzio inperialistak eta kriminalak zilegiztatzeko ematen ari diren mugimenduak; izurriak, gerrak, terrorismoa edota bestelako gertakariak ederto baliatzen baititu burgesiak, bere proiektu politikoaren nagusitasunari eusteko. Izan ere, ustez demokratikoak diren estatu kapitalisten instituzio burgesak hautatzerako orduan abstentzioak gora egiten duen bitartean, kapitalismoak ez dauka inolako arazorik bere maskara kendu eta demokraziaren bitartez bere burua zilegiztatu beharrean, beti gertu dituen beldurraren eta biolentziaren bitartez bereari eusteko.

Gainera, indibidualismoan murgilduta nahi gaituzte. Horretarako, egungo gizartean gizabanakoaren goraipamena sustatzen da. Ideologia menperatzailea barneratzeaz haratago, bakoitza norbere epe motzeko interesen eta nahien arabera aritzea sustatzen da, elkartasuna eta lankidetza bezalako kontzeptuak lausotuz doazelarik egunetik egunera, langileen arteko antolakuntza eta mobilizaziorako prestutasuna deuseztatzeko helburuarekin. Ez da kasualitatea, lantokietan beharrean etxetik burututako lan kantitateak gora egitea, izurriaren eta telelanaren aitzakipean, hainbat sektoretan normalizatzen ari den errealitatea baita.

Aurretik aipatutako elkartasuna eta antolatzeko aukera murrizten ari dira kapitalistak, langileriari egunerokotasunean enpleguko arduretatik deskonektatzeko oztopoak jartzen dizkioten bitartean, hauek alienatzeko eta desmobilizatzeko asmo sendoarekin. Izan ere, langileok gure lan indarra saltzearen truke soldata urria jasotzen dugun bitartean, lanpostuetan egonkortasunik ez dugun bitartean, langileon segurtasun neurriak bermatzen ez diren bitartean, nagusien mehatxuak jasan behar ditugun bitartean, iraupen luzeko langabezia jasan edo biziraun ahal izateko lan kontraturik gabe lan egitera behartuta gauden gizarte honetan, kontzientzia hartzea eta antolatzea lehen lerroko mehatxuak bilakatzen dira kapitalarentzat. Argi eduki ERTE, ERE eta bestelako figurak darabiltzaten estatuetan, estatua bera zein bere instituzioak langileria menpean mantentzera bideratuta daudela. Baina askotan telelanaz hitz egiten duten bitartean, badirudi etxebizitza bermatutako afera dela, langileriak eta, batez ere, langilearen zatirik gazteena etxebizitza lortzea ezinezkoa izateaz gain, alokairua ezin ordainduta dihardutelarik.

Euskal Herriko zein Espainiako edota Frantziako estatuetako burgesiak bere interesak ordezkatzen dituen alderdi ezberdinak ditu, estatu kapitalistaren instituzioek euren interesen mesedetan dihardutelarik.
Burgesiaren eta langileriaren arteko etengabeko demaren eta menperatze logikaren baitan uler daitezke bakarrik hauek baina. Estatuetako burgesen aberastasuna handituz doan bitartean, oro har, Euskal Herriko langileon baldintzak okertzeko, kaleratze boluntarioen baldintzak kaskartzeko, eta enpresek haien langileen prekarietatea areagotzeko beta ematen zien 2018ko Frantziako estatuko lan erreformak. Edota kaleratzeak merketu, aldi baterako lanaren figura indartu eta hitzarmen kolektiboen figura erasotzen zituen Espainiako estatuko 2012ko lan erreformak.

Bien bitartean, euskal burgesiaren interesei erantzuten dieten ustezko alderdi abertzaleek, estatuek Euskal Herria jazartzeko orduan klase zapalketari eutsi, eta nazio gisa asimilaziora bideratutako tresnak bere egin dituzte. Hauek egunerokotasunean duten eragina ezkutatzen lagundu dute, autonomismoaren iruzurra betikotuz, estatuek erraztutako hondarren kudeaketak inposatutako markoak auzitan jarri gabe borrokatzen diren bitartean. Are gehiago, ustezko burujabetza honetatik euskaldunen arteko batasuna murriztu, eta parametro ideologikoetan aurrerapen nahiz autonomia faltsuaren irudia sustatzen dute, nazio zapalketaren muina eta ondorioak ezkutatzeaz gain, erreformismoari bidea irekitzen diotelarik.

Horrela, Euskal Herria banatzen duten mugen indartzea eta betikotzea ematen ari da, bai fisikoki eta baita kulturalki ere, Euskal Herria gaur egun, oraindik ere, Frantziako eta Espainiako estatuen menpe dagoen nazioa delarik. Estatu hauek Euskal Herriko nazio auziarekiko ukazio posizioa mantentzen dute, burgesiaren klase interespeko estatuen proiektu nazionalaren parte bezala. Izan ere, klase gatazkaren baitan, estatu nazionalaren figura burgesiaren mesedetan merkatu bateratua arautzera bideratuta doa. Bai Frantziako, bai Espainiako estatuetan, Euskal Herriaren azpiratze egoera betikotzerako orduan, ukazioa dute euren estrategiaren ardatz, hau izaera politiko, administratibo, militar, kultural zein linguistikoaren alorreko asimilaziora bideratutako jazarpenaren bitartez laguntzen dutelarik. Esan bezala, estatuek Euskal Herria azpiratzeko orduan darabilten motibazioa nazio parametroetan ulertu beharra dago, hau klase gatazkaren logikan kokatuz, askotan ilunetan dauden errealitateak izan arren, egunerokotasunean eragiten dizkiguten problematiken jatorria baita hau.

Baina Euskal Herria izaera geografiko, linguistiko edota etnikoetatik haratago, naziotasunari erreferentzia egiten dion kontzeptu politikoa da. Nazio izaera honek, elementu historiko, linguistiko edo kulturalez haratago, euskaldunon kontzientzian eta borondatean du oinarria. Honen aurrean, Euskal Herriko langileon alternatiba bakarra, independentzia eta sozialismoa ditugu. Horretarako, konfrontazio politikoa prozesu iraultzailea abiarazteko beharrezkoa den ziklo berriaren oinarria izan behar da, Euskal Herriko langileon zapalketaren gaindipena bermatu behar duen, eta klaserik gabeko gizarte baterako lehen urratsak emateko tresna izan behar den Euskal estatu independiente eta sozialista baten erdiespenera begira.

Ildo horretatik, luzera begirako perspektibapean, ideologizazio eta erradikalizazio graduala eman beharra dago Euskal Herriko langileriarengan, honen aktibazioa eta mobilizazioa sustatuz, Euskal Herri Langilea konfrontazio politikoaren parametroetan lerratuz joateko.
Bide horretan, azken helburua izan behar da, Euskal Herri Langilea zanpatuta mantentzen duten inposatutako instituzio burgesekiko apurketa bultzatu behar duen izaera integraleko alternatiba iraultzailea osatzea.
Estatuaren botereguneak borrokatu eta langileriaren lorpenak bermatzeko tresnak eraikitzen joan behar dena, zapalduak haien egoeraz jabetu eta antolatzen hastean, parametro iraultzaileetan jarduten hasten baitira.

Testuinguru horretan, Aberri Eguna erresistentzia eta apurketarako tresna izan behar da, lanketa ideologikorako elementua, alegia. Aberri Eguna Euskal Herriko langileen arteko batasunerako tresna izan behar da, baina ezin da, inolaz ere, Euskal Herriko langileon lepora, gure odol eta izerdia xurgatuz bizi diren burgesekiko zubiak eraikitzeko aitzakia izan. Zapaltzaile eta zapalduen artean ez baitago elkar ulertze posiblerik, hauek sustatzera bideratutako posizioek zein posizio neutroek bakarrik zapaltzaileari egiten baitiote mesede. Aberri Eguna erresistentzia eta izaera politikoko lanketarako eguna dugunez gero, euskal nortasunaren eta erresistentziaren zein sufrikarioaren ikur den espazio batean burutu beharra dago. Kapitalismoak sustatutako indibidualismoa gainditu eta izaera kolektiboko aldaketarako bitartekaria izan behar da Aberri Eguna. Hori dela eta, JARDUN koordinadorak, apirilaren 17an Gernikan burutuko duen Aberri Egunean parte hartzeko deia luzatzen dio Euskal Herriko langile orori, bai 12:30etan Gernikako kaleetan barrena burutuko den manifestazioan, bai 13:30etan burutuko den ekitaldi politikoan.

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herri sozialista!

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal