Flotillaren eta Palestinaren defentsan mobilizatu dira Euskal Herriko hainbat txokoetan


Global Summud Flotilla ekimenaren Euskal Herriko ordezkaritzak hainbat mobilizazio antolatu ditu, aldarrikatzeko "flotilla askatzea", Israelekin harremanak haustea eta estatu sionistari armen enbargoa ezartzea. Jendetza batu da Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko deialdietara eta flotillaren, Israelen aurkako boikotaren eta palestinar erresistentziaren aldeko oihuak izan dira nagusi, baita Israelgo Estatua gauzatzen ari den genozidioaren aurkakoak ere. Iruñean, manifestariek merindadeen plazako errepidea hartu eta ordubete baino gehiagoz eten dute trafikoa.
“Beste behin ere, Israelek eraso egin dio giza eskubideak babesten dituen nazioarteko mugimendu zibil bati”, salatu du Gazarako Mugimendu Globalak, elkarretaratzeen bukaeran irakurri duten agirian. “Beste behin ere, gobernuak isilik dira, edo komunikatu hutsalak egiten dituzte, eta bitartean apartheid-ean eta okupazioan oinarritutako erregimen batekin armak salerosten dituzte, itunak negoziatzen dituzte eta harreman horiek normalizatzen dituzte”. Era berean, Mendebaldeko gobernuen konplizitatea txarretsi du mugimenduak.
Horrez gain, salatu dute Israelgo Estatuaren “existentziak berak, mundua arriskutsuago” bihurtzen duela, eta, zentzu horretan, entitate sionista eta genozidaren “suntsiketa” aldarrikatu dute. Gaineratu dute mendebaldeko hainbat estatuk Palestinako Estatua aitortu izanaren moduko pausoak “herriaren borrokaren fruitu” direla, eta, horregatik, borrokatzen jarraitzera deitu dute: “Herri langilearen elkartasunak ez dauka mugarik. Palestinar herriak eta erresistentziak tinko dirauen moduan, gure egitekoa da Israelen konplize guztiei bakerik ez ematea, munstro sionista desagerrarazi arte”.
Bukatzeko, larunbatean Iruñeko kaleak betetzera deitu dituzte herritarrak, “palestinar erresistentziaren alde, Israelgo Estatuaren desegitearen alde eta konplize guztien aurka”.