lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 07/11/2023

Klase ertaina errealitatea ala mitoa?

ZUZIA-Jarki antolakunde iraultzailearen aldizkaria
Gizarte batean, ongien eta bizitzarako baliabideen ekoizpena oinarrizko atala da, azken finean pertsona talde horren biziraupena eta garapena ekoizpenaren araberakoa delako.

Klase sozialez hitz egitean gizarte batean bereizketa bat burutzeaz ari gara. Klase sozialak existitzeak gizarteko sektore ezberdinen artean mailakatze bat (edo bereizketa bat) burutzea suposatzen du:ezaugarri batzuk direla eta X pertsona klase baten parte da, eta beste ezaugarri batzuk betez gero, Y pertsona beste klase sozial baten parte da. Definizio hau abiapuntu izanik, gakoa klase baten ala beste baten parte izateko bete behar diren ezaugarrien definizioan datza, horrela, ezaugarri mota ezberdinak erabiltzen direlarik klase sozialen tipologiak burutzeko.

Klase sozialak ekoizpen harremanen arabera Gizarte batean, ongien eta bizitzarako baliabideen ekoizpena oinarrizko atala da,azken finean pertsona talde horren biziraupena eta garapena ekoizpenaren araberakoa delako. Horrela, merkantzia eta zerbitzuen ekoizpenerako, pertsonon eta ingurumenaren artean kokatzen diren baliabideak behar dira: tresnak, makinak, eraikuntzak... Analisi marxistaren aburuz, ekoizpenean erabiltzen diren baliabide hauen jabetzaren arabera zehazten da klase soziala: alde batetik, ekoizpen baliabideen jabetza edo/eta kontrola duten pertsonen klasea, eta bestetik ekoizpen baliabideen jabetza ez dutenen klasea.

Ikuspegi honen arabera, historian zehar bi klase nagusi hauen arteko harreman ezberdinak egon dira (esklabotza eta feudalismoa, esaterako), gaur egungo munduko gizarteen gehiengoan, ekoizpen baliabideen jabeak burgesak direlarik eta jabetzarik ez dutenak langileak direlarik. Langileok burgesentzat egiten dugu lan, haien fabriketan, bulegoetan, haien ibilgailuetan, telematikoki haien jabetza den softwarea erabiliz... Ekoizpen baliabideen jabetzak bere baitan daramatzan klase interes kontrajarriek klase gatazka sorrarazten du. Kapitalismoaren kasuan, langileek burgesentzat lan egiten dute, eta ekoiztutako merkantzia edo zerbitzua burgesen jabetza izanik, burgesek soldatan ez diete langileei ekoiztutako denbora osoa ordaintzen. Langileen interesa ekoizpen baliabideen sozializazioa lortzea da, burgesen esplotazioarekin amaitzeko, eta alderantziz, burgesen interesa ekoizpen baliabideen jabetza pribatuarekin jarraitzea da, langileen esplotazioaren bitartez gainbalioa xurgatzen eta kapitala metatzen jarraitzeko. Interes guztiz kontrajarriak, alegia.

-Klase sozialak ekoizpen harremanen arabera

Gizartearen analisi marxistaz gain, historian zehar beste analisiak burutu dira beste motatako ezaugarrietan oinarrituz. Soziologia eta antropologia bezalako ikerketa arloak garatzen joan diren heinean, planteamendu ugari gauzatu dira gizarte ikerketan. Jakintzaren esparru hauetan oinarrituta, gizarte eta garai zehatzetan ekoizpenarekiko harremanaz gain, beste faktore batzuek gizarteko azpitaldeen bizitza eredua baldintzatzen dute. Bertan kokatzen dira erlijioa, arraza, izaera nazionala, etnia edo generoa, besteak beste. Abiapuntu hori izanda, gizartean status mailak zehaztuta burutu izan dira gizarte bateko klase sozialen analisia, hau da, "klase sozialak" ekoizpen harremanetatik at ulertuta. Horrela, gizarteetan arrazaren araberako mailakatzeak edo estratifikazioak, edota familien kontsumo ereduaren eta erreputazioaren araberako sailkapenak ere burutzen dira.

-"Klase ertaina" kontzeptuaren jatorria

Klase ertaina kontzeptuaren garapena soziologiaren arloan eman zen, gizartearen ikerketara bideratutako zientziaren esparruan hain zuzen. “Klase ertaina" kontzeptuaren erabiltzaileen esanetan, gizartean klase baxua, ertaina eta altua daude. Korronte honetan klaseen arteko bereizketa burutzeko sarri aberastasuna, boterea eta prestigioa aldagaietan oinarritutako sailkapena burutzen da. "Klase ertaina"-ren definizioen artean honakoa ere topatu dezakegu: "gizartearen frakzio kopurutsuena da klase ertaina, balore determinatu batzuk partekatzen dituena, egonkortasun finantziarioa duena eta bizi kalitate ona duena, bere oinordekoei pasatzea espero duena". Bertan etxebizitza, aisialdia, osasun arreta, hezkuntza maila, jubilazio duina, ezohiko gastuei aurre egiteko gaitasuna... bezalako aldagaiak aipatzen dira. Azken finean, "klase ertaina" aipatzen dutenek klaseak kontsumo (gastu) patroien arabera eta jabetzan duten diru kantitatearen arabera sailkatzen dituzte. Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGA, ingelesez OECD), horrela definitzen du klase ertaina: "urte eta erregio zehatz batean, bertako bataz besteko errentaren % 75 eta % 200en artean kokatzen diren familiek osatzen dute klase ertaina". Hau da, Euskal Herriko bataz besteko errenta 2022. urtean 25.000 €- tan kokatuko balitz, 18.750€ eta 50.000€ arteko diru-sarrera garbiak dituzten pertsonek osatuko lukete Euskal Herriko klase ertaina, ELGA-ren definizioa erabiliz.

-"Klase ertaina" klase gatazkaren ukazio gisa

Klase ertainaren inguruan, lehendabiziko gauza deigarriena bere definizioan dagoen zehaztapen eta kontsentsu falta da. Korronte, ikuspegi edo antolakunde bakoitzak bere definizio propioa egiteko gaitasuna du "klase ertaina" aztertzeko orduan, eta honek analisi garaian zailtasunak besterik ez ditu sortzen. "Klase ertaina" kontzeptuaren izaerarekin jarraituz, bere erabilerak gizarte zientzietan eta masa hedabideetan klase zapaltzailearen interesekin bat egiten du. Lehenik, "klase ertaina" kontzeptua aitzakia gisa erabilita, gizarte klaseen analisia ekoizpen harremanetatik aldendu eta pertsonon diru kantitatean oinarritzen da, diru kantitatearen arabera klase batean ala bestean egonik. Horrela, ekoizpen harremanetan sortzen diren esplotazioa eta etsaitasuna analisitik era makurrean desagerrarazten dituzte "klase ertaina" kontzeptuaren erabiltzaileek. Honek, azken finean, klase gatazkaren ukapena dakar, klaseak zehazteko orduan klase baten eta bestearen artean konfrontaziorik ez dagoelako: haien hitzetan klase altuak diru gehiago du, baina bere merituagatik da, eta era berean, klase baxuak diru gutxiago du, baina aurrezten ez duelako edo formakuntza falta duelako. Gizartean ez dago esplotatzailerik analisi faltsu hau erabiliz gero.

Noski, bizi baldintza hobeak dituzten langileak zein bizi baldintza okerragoak dituzten burgesak existitzen dira gaur egungo Euskal Herri zapaldu eta kapitalistan. Lehenengoek burutzen duten papera edo funtzioa esplotazioan garrantzitsua denez, klase zapaltzaileak soldata handiagoak izatea bermatzen die, langileei erauzitako gainbaliotik ordainduak direnak, oro har. Bertan kokatzen da, adibidez, enpresa bateko jabetza ez duen zuzendari edo gerente bat, hau da, kapitalistak ezarritako egunerokotasunerako enpresaren kudeatzailea. Baldintza okerragoak dituzten burgesen egoera, aldiz, burgesen arteko lehiaren baitan desabantaila posizio batean edo zuzenean porrot egoeran egoteagatik izan ditzakete bizi baldintza kaskarrak, adibidez: ordu asko eskainiz haien enpresa edo negoziazioaren kudeaketara, besteak beste, bezero sareak lortzeko, lehengaiak merkeago topatzeko...

Langile zein burgesen diru sarrera eta bizi baldintzen ezaugarriak dibertsoak izateko aukerak ez du esan nahi klase sozial baten baitan elkartu daitezkeenik soldata handiko langileak eta burgesak. Klase bakoitzak gizartearen ekoizpen moduan posizio zehatz bat betetzen du, eta klase gatazkaren garapenaren arabera klase bakoitzaren baitan ezberdintasunak sortzen doaz: soldatapeko langile batzuk kapitalarentzako funtzio garrantzitsuak betetzean bizi baldintza hobeak jasoz, eta burges batzuk besteekin ezin lehiatzean, haien bizi baldintzak okertuz eta sarri soldatapeko langile bilakatuz.

Hortaz, "klase ertaina" existititzen dela ondorioztatu daiteke, jainkoaren ideia existitzen den bezala: erlijio bakoitzarentzat jainkoak izen bat du eta izaera bat du, baina ez da materialki existitzen. "Klase ertaina"-ren definizioa bera planteatzerako orduan agertzen den koherentzia falta dela eta, errefusatu egin behar dugu honen erabilera. "Klase ertaina" kontzeptua ideologia zapaltzailearen parte dela ondorio argia da, gizarteak bizirauteko behar dituen ongien ekoizpenean dauden kontraesanak ezkutatzen ditu eta. Klase gatazka desagerrarazten du analisian, nahiz eta klase gatazka egon badagoen. Honen aurrean, ekoizpen harremanen araberako klase sozialak azaleratzea dagokigu iraultzaileoi, bai historiaren garapena era egokian ulertzeko, bai zapalketak gainditze aldera alternatiba iraultzailea eratzeko oinarri gisa: klase gatazkan zapaldu gisa antolatzeko eta borrokatzeko.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal