lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 24/04/2024

Madrid! Madrid! Madrid! México lindo y queridotik

Karlos Turrillas
Etxean, umetatik entzun izan ditugu gerra garaiko istorioak. Aitxitxa Peperen urpekontzitik hasita, Amama Ireneren Santa Katalinako talaiatik pasata, den denak gogoratzen ditut

Igande goizean lasai esnatu zen hiria. Ez zuen hotzik egiten, ezta berorik ere ez. Kaleak ia hutsik zeuden eta noizbehinka, gaupaseroren baten itzala ikusten zen dinbili-danbala, alkoholez zikindutako espaloi likatsua zapaltzeak eragiten duen soinu banda berezi horrek lagunduta etxera heldu nahian. Hau ez zen nire kasua. Nire norabidea kontrakoa zen. Hauek tabernatik etxera, ni etxetik lanera. Hala ere, denbora dudanean, lanera joan baino lehen tabernan egiten dut geldialdia beti. Kaferik gabe jardunik ez. Eta kafearekin batera egunkaria irakurri eta berriak errepasatzen ditut. Hortxe izaten da twitter ere, bere informazio arinarekin, bideo motzekin eta ia beti tontakeriez armatutako txioekin.

Goiz hartan lanera joan behar nintzenez, aurreko gauean ez nintzen asko luzatu. Giro aparta zen kalean. tenperatura paregabea eta Atlethic-ek Errege Kopako finala jokatzen zuen Mallorcaren aurka Sevillan. Futbola ez da nire afizioen artean zerrendan lehena, ezta bigarrena ere, eta horregatik lagunekin kaña pare bat hartu ostean, etxerako bidea hartu nuen formal-formal, txapelketaren emaitza ezagutu gabe.

Biharamunik ez, eta lantokian sartu baino lehenagoko kafearen tarte goxo hartan gogoratu nintzen aurreko eguneko futbol partidaz. Zer egin ote zuten lehoiek? Egunkariko azalak argi utzi zidan, baina badaezpada, txioen mundura sartu nintzen bideo eta iruzkinak kuxkuxeatzera.

Garaipenaren inguruko txioek, ez dakit zergatik (algoritmoa akaso) Madrilgo Alkatearen ezkontzaren inguruko bideo eta iruzkinekin partekatzen ziren. Eta futbola gutxi interesatzen bazait, pentsa Almeida jaunaren ezkontza. Hala ere, futbolarekin bezala, kuxkuxeatu nahi horrek ezkon dantzaldiaren bideoa ikustera behartu ninduen. Argi dago Almeida jauna ez dela munduko dantzaririk finena, ados, baina niretzat bideoak bazuen zerbait polita. Onartu behar dut ezkonberriak Agustin Lara musikari mexikarraren Madrid izeneko txotisa dantzatzen ikusteak memoriaren txoko berezi horietan gordeta ditudan ezkutuko oroitzapen bat ekarri zidala gogora. Eta oraingoan, abesti bat izan zen iraganerako bide eta bidelagun.

Etxean, umetatik entzun izan ditugu gerra garaiko istorioak. Aitxitxa Peperen urpekontzitik hasita, Amama Ireneren Santa Katalinako talaiatik pasata, den denak gogoratzen ditut. Baina istorio guzti hauen arten, beti izan da protagonista nagusi bat, dudarik gabe: gure Osaba Pacoren abenturak.

Francisco Turrillas zuen izena, nahiz eta gure etxean osaba Paco deitzen diogun, eta Donostiako Parte Zaharrean jaio zen. Gaztetatik izan zuen abenturarako grina eta, agian, horregatik ibili zen kazetari lanetan “La Voz de Guipuzcoan”, besteak beste. Kirol erreportajeak, kronikak eta kritikak idazten zituen guda baino lehen, boxeo, pilota zein kotxe karreren inguruan. Hala ere, artxibo lanek lagunduta, badakigu kritika sozialaz ere idazten zuela, 1935eko Donostiako Kañabera-Arrantzaleen Sindikatuko kideei egindako elkarrizketak kasu. Osabak garatu zuen kontzientzia soziala bere familiaren egoera ekonomikoagatik zetorkion agian eta, gauzak horrela, Errepublika garaian, EAE-ANVko militante egin zen. Gerra Zibila hasi zenean militar matxinoen aurkako borroketan izan zen Polloeko hilerrian, Loiolako kuartelean zein Bulebar inguruko zonaldeetan. Eta hori gutxi balitz bezala, Eusko Indarra batailoi ekintzaileko sortzaileetako bat izan zen, Mario Salegik jaso zuen moduan:

Hor sortu zen ANVren Euzko Indarra batailoia osatzeko ideia. Groseko garajean gordetzen genituen armak talde hori osatzen genuenon artean banatu genituen, hain zuzen ere.

(...) Armak hartu eta ANVren pelotoi hori sortu genuen. Bertan ziren, halaber, Paco Turrillas, Donostiako kirol kazetaria, Ramon Urkolaga medikua, Laniella eta Rapa, CNTtik zetozenak.


Artileria pieza bat Orduñako frontean. Ezkerrean, txapelarekin eta zigarro bat erretzen, Francisco Turrillas. Eusko Lurra, 1936.

Donostiako borroken ostean, alderdiko militantea izateaz gain kazetaria ere bazenez, Eusko Lurra aldizkariko guda-korrespontsal gisa aritu zen gatazkaren lehen hilabeteetan. Iturri guztiek diote ez zela ohiko korrespontsala, bere burua aurkezten zuen beti leku arriskutsuenetara joateko, eta baditugu adibide asko: Legutio hartzeko euskal ofentsiban tanke batean sartu zen erasoaren abangoardian, “El Abuelo” delako hegazkinean indar matxinoek hartutako Gasteizko zeruetatik pasatzea lortu zuen eta hiriaren argazkiak atera ostean, ziztu bizian itzuli behar izan zen hegazkin faxistengandik ihesi… Horrelako kontuetan nahiko kamikazea zela esan daiteke. Baina abentura guzti horien artean, bada bere jarrera aldatuko zuen bat. 1937ko otsailean Agirre Lehendakariak Asturiaseko frontera bidali zituen 3 euskal batailoi: Amayur jeltzalea, Indalecio Prieto sozialista eta Eusko Indarra ekintzailea. Eta nola ez, Pacok, “bere batailoiarekin” joan nahi izan zuen. Areceseko bataila sarraski hutsa izan zen, ANVk guda osoan zehar baja gehien izan zituen unea (100 hildakotik gora ordu gutxitan). Nalon ibaiaren fronte horretan, Pacok, bere lagun asko galdu zituen, eta kontatu zuenez, bertatik bizirik ateratzeko luma alde batera utzi eta fusila hartu behar izan zuen nahitanahiez. Erredakziora itzultzean, bere dimisioa aurkeztu zuen kazetari gisa eta Eusko Indarra batailoira bueltatu zen teniente rangoarekin.

Hilabete gutxi igaro ziren Arecesetik Santoñara. Eta guda galduta, faxistek Duesoko kartzelan sartu eta heriotz-zigorra ezarri zioten. Gosea, gaixotasunak eta zorriak ziegalagun izan zituen. Gauaren isiltasuna fusilen hotsek apurtzen zuen egunero, norberaren ordua noiz helduko zen pentsatzeak sortu dezakeen ikara eta desesperazioak lagunduta. “Paco, gaur zure txanda da” esan zion goiz batean espetxeko zuzendariak. Berria jakin zuen egunean bertan, Pacok eta beste hiru lagunek espetxetik ihes egitea lortu zuten, gauaren iluntasuna eta Kantauri itsasoak zekarren euri zaparrada aprobetxatuz. Ez ziren txakurren ezta guardien bala faxisten beldur, izan ere, heriotza gertuegi duzula dakizunean, ez baita ezer galtzerik.

Bidea luze eta gogorra izan zen Irungo Santiago zubira arte. Oinez egin zuten, berriz ere gauaren babesean eta gure mendietan bizi diren baserritarren laguntzaz. Guda eta espetxealdian Herioren etengabeko bisitak saihestu eta gero, azkenik gertu zuten muga. Gertu zuten behingoz askatasuna. Edo hori uste zuten. Zubian, Gendarmeek Frantziar Estaturako sarrera ukatu zieten, eta Guardia Zibilari entregatzeko mehatxua egin eta jarraian, Paco eta bere lagunak Bidasoara bota zuten euren burua Ipar Euskal Herri aldera igeri eginez pasatzeko nahiarekin. Ez zuten lortu. Pacoren lagunak Guardia Zibilak tiroz akatu zituen ibaian bertan. Berak zorte hobea izan zuen. Bala artean atzera egin ahal izan zuen eta Donostiako etxe batean ezkutatzea lortu, familiako lagun batzuei esker.

Babes zalantzagarria eskaintzen zion Donostiako Konstituzio Plazako apartamentua handia zen baina, hala ere, ezin izan zuen erabili. Paco ez zen zulotik ateratzen apenas. Hilabetez “sator-gizon” bihurtu zen bere hirian bertan, jaio zen etxetik bi kaletara. Bertan zela, behin baino gehiagotan sartu zen polizia pisua miatzera eta ez zuten aurkitu. Soilik janaria eramaten zion bere lagun ezezagunaren bisitak jasotzen zituen. Behin kaletik hartutako kartel bat ere eraman zion etxera, horrelaxe zioen: “Se busca. Francisco Turrillas. Vivo o muerto”.

Egoera oso larria zen eta, auskalo nola, baina Donostiatik Portugaleraino ihes egitea lortu zuen, Oliveira Salazar diktadoreak agintzen zuen momentuan. Diktadura batetik beste batera bidaiatu zuen. Baina ez zen beste aukerarik. Portugal zen Mexikorako itsasontziak ateratzen ziren kaia, ez zen beste biderik. Eta azkenean lortu zuen.

Mexico lindo y querido zioen abestiak. Eta atzean utzitako gaitz eta penuria guztiak ikusita, momentuko Pacoren pentsamenduak rantxera honen letratik asko aldenduko ez zirela pentsatu izan dut beti. Oso fededuna ez bazen ere, hiriburura heltzean egin zuen lehenengo gauza Guadalupera erromesaldia izan zen, agian arimaren bekatuak garbitzeko, edo ziurrenik, gudako egoera latz horietatik bizirik ateratzeagatik bere burua ez zen norbaiti eskerrak emateko. Eta zer hobe, eskuzabalik hartu zuen lurrari baino?

Gaur egun, ohikoa da jendez lepo dauden hiriburu handietako leku ezagunetan pertsona mozorratuak topatzea eta turistek hauekin argazki bat ateratzea oroigarri gisa. Halaxe ikusi nuen Moskuko Plaza Gorrian Lenin eta Stalinekin, Erromako Koliseoan Julio Zesar eta gladiadoreekin edo Madrilgo Puerta del Solen Spiderman eta Pikatxurekin. Pacoren humore famatuaren erakusle, erromesaldia amaitzean Basilika kanpoan argazki eder bat atera zuen. Mexikar kapela erraldoi bat jantzi zuen, gezurrezko bibote beltz handi bat jarri eta balaz betetako bi bandolera gurutzatu zituen bularrean. Hori gutxi balitz bezala, jostailuzko pistola bat hartu eta asto baten gainean jarri zen. Hortxe gure Pancho Villa donostiarra! Argazkiaren bi kopia eskatu zituen. Bat harentzako, eta bestea El Duesoko zuzendariari bidali zion espetxera.

Bizitza berri bat hasi zuen, beste herrialde batean. Deserrian. Egoera ekonomikoa ez zen onena, baina bertako errefuxiatu euskaldunek asko lagundu zioten. Bizitza berria bai, baina ohitura zaharrak ezin galdu. Euzko Deya aldizkariaren sortzailetako bat izan zen, baina bere afizio nagusia pilota zen eta lur berri hauetan Jai Alai baino kirol arrakastatsuagorik, gutxi. Horrela, pilota kazetari lanak ere egin zituen Cancha aldizkariko buru zela. Kontu horietan adituak diren pertsonen iritziz, Paco pertsona oso garrantzitsua bihurtu zen, garaiko pilota kritiko onenetarikoa.

Euskal Etxeako lagunekin, beste gudari beteranoekin eta garaian Mexikotik zebiltzan zenbait pertsonaia famaturekin egin zuen harremana. Horien artean, Agustin Lara musikari eta konpositore mexikarra. Oso lagunak zirela badakigu, eta askotan ordu txikitan amaitzen ziren parranda ahaztezinak egiten zituzten errefuxiatu bohemioz eta pertsonaia famatuz betetako mansioetan, alkoholak gidatutako pianoaren soinuak lagunduta. Guda atzean utzita, eta ikusitakoak ikusita, bizitza bizitzeko aukerarik ezin galdu.

Halako egun batean, osaba Pacok Agustin Lararen dei bat jaso zuen:

- Aizu Paco, zerbait ezberdina konposatzen ari naiz eta zuen iritzia nahi dut kontu hau ixteko.

- Eta zer da ba?

- “Madrid” izena izango duen txotis bat.

- Agustin, adarra jotzen ari zara ala? Gu euskaldunak gara, eta gauza horiek guri bost.

Musikariaren insistentzia zela, Agustinen etxean aurkeztu ziren Pako eta euskal kuadrilla guztia. Eskaldunek biziki gustoko zuten Lararen konpainia; ziotenez, musikariaren etxean Mexikoko whisky onenak gordetzen ziren, eta noski, hauek berriz dastatzeko aukera ezin izan zuten galdu.


Agustín Lara (ezkerrean), Guillermo Amuchastegi pilotari ondarrutarra (pianoan) eta Francisco Turrillas (eskubian). Mexiko, 1948.

Txotis batek ezin izan zuen kikildu deserriak sortutako anaiartea. Kuadrillako gehienak ez ziren inoiz Madrilen egon, baino horrek ez zuen axola. Madrid! Madrid! Madrid! En México se piensa mucho en ti! abestu zuten behin eta berriz alkoholak lagundutako abertzale euskaldun batek Espainiako hiriburuarekiko izan dezakeen nostalgiaz, baina horrelako letra batek sor dezakeen herrimina beste modu batean sentituz. Urrun zen gaztetan ezagututako Euskal Herria, jada ez zen existitzen, ez bazen iraganaren oroitzapenek isurtzen zituzten malkoetan. Eguzkiaren lehen izpiek leihoa jo zutenerako, ederki apainduta zegoen kantua, eta hain “mini” ez zen Agustin Lararen etxeko minibar-a Sonorako basamortua baino lehorrago.

Madrid 1948an aurkeztu zen eta lehen unetik arrakasta ikaragarria izan zuen. Ez soilik Mexikon, gerraosteko Madrilen ere bai. Gaur egun, espainiar hiriburuaren abesti erakusgarrienetako bat dela esan daiteke, Almeida jaunaren ezkontzak erakutsi bezala. Baina gutxik pentsatuko lukete frankismo garaiko Madril hartan, abestiaren apainduren atzean euskaldun erbesteratu kuadrilla bat izan zitekeenik.

Paco bere herrira itzultzearen beldur izan zen beti. Ez soilik jasan zezakeen errepresio politikogatik, bere liburuak irakurri eta gero, askotan pentsatu izan dut bere benetako beldurra askoz ere sakonagoa zela. Agian bere beldur sakon hori etxera itzultzean zer topatuko zuen izan zitekeen. Gudan eroritako lagunen hilobiak, inoiz ezagutu ez zuen familia bat edota atzean utzitako Euskal Herria aurrerantzean existituko ez zela. Auskalo.


Agustín Lararen omenezko eskultura Madrilgo Lavapiés auzoan

Soilik behin bakarrik aurre egin zion erraietan gordetako ikarari. 1986ean ongi etorri beroa egin zioten Donostian oraindik bizirik jarraitzen zuten lagun eta alderdikideek. Hala ere, malko eta besarkada artean igarotako egun gutxi horiek azkar amaitu ziren. Eta jada ezagutzen ez duzun herri batek sor dezakeen deserosotasun eta kontraesanak hor jarraitzen zuten. Mexikora itzuli baino lehen Madriletik pasa zen; gau ahaztezin hartan hainbeste abestutako Madrid horrekin topatzeko asmoz. Lavapiés auzora gerturatu zen eta bertan den Agustin Lararen eskulturaren aurrean, ozenki eta jendeak pentsatuko zuenaren beldurrik gabe, argi hitz egin zion aspaldiko lagunari:

Agustin! Hemen naiz! Azkenean itzuli naiz!

Francisco Turrillas 1987an hil zen, deserrian. Euskal Herritik urrun, bere México lindo y queridon.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal