lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 16/01/2025

Militantzia politikoaren debekurik ez!

Kai Karasatorre Martinez
"Finean, beraien militantzia politikoa debekatu dute, sententzian horrela esplizituki jaso gabe. Hala ere, kondena hau ez da soilik 5 gazte horien kontrakoa, militante politiko ororen kontrakoa baizik"

Herenegun eman zuten jakitera bost gazte lapurtarren kontrako sententzia. 15 hilabeteko espetxe zigorra gibelapenaz 2 gazteri, 500 euroko isun banarekin; 140 orduko lan behartua eta 500 euroko isun bana beste 2 gazteri; eta, azkenik, 1.700 euroko isuna beste gaztearentzat. Hori guztia nahikoa ez, eta manifestazioetara joateko debekua ere ezarri diete, hau delarik denen artean larriena. Are gehiago, horri guztiorri hilabeteetan pairatutako jarraipenak eta miaketak gehitu behar zaizkio, SIRASCO (informazio zerbitzua, inteligentzia eta delinkuentzia antolatuaren kontrako analisi estrategikoa) izan dutelarik ikerketa aurrera eramaten.

Sententziaren kondena guztiak aztertuta, ondorioa argia da: militantzia politikoaren kontrako sententzia bat da, gazte hauen konpromiso politikoa bertan behera uzteko asmoa duena. Hau ez da harritzekoa. Izan ere, 5 gazte lapurtarrak militante izatearren izan dira epaituak, eta militante gisa izan dira kondenatuak. Beraz, argi eta garbi esan behar da: hau epaiketa politiko bat izan da. Horren erakusgarri dugu ekintza konkretu batengatik epaitu ordez, manifestazio eta ekintza politiko ugarietan parte hartzea leporatuta izan zirela epaituak. Horrenbestez, aurkezten zen proba aurkezten zelarik ere, sententzia idatzia zegoen, eta sententziak gazte hauek militantzia politikotik jokoz kanpo uztea izan behar zuen.
Konstituzio frantsesak dio Frantzian elkartzeko eskaerak egin eta helarazteko askatasuna eta eskubidea dagoela, betiere segurtasun publikoa edo ordena publikoa auzitan jartzen ez duen bitartean; hau da, manifestatzeko eta biltzeko eskubidea dago, frantziar estatuaren eta burgesiaren interesen kontra ez doanean. Konstituzio honek Euskal Herriko zapalkuntza nazional eta soziala bermatzeaz gain, argi geratzen da barruan jasota dagoen paragrafo bakoitzak bere antitesia ere baduela: bere goi eta behe-ganbara, hots, askatasuna izenburu nagusian eta askatasunaren ezeztapena oin-oharrean.

Eta hau horren adibide bat besterik ez da. Izan ere, Frantziako egun nazionala Euskal Herrian inposatzea eta zapalkuntza nazionala salatzeagatik edota erretreten kontrako erreformaren kontra borrokatzeagatik auzipetu dituzte nagusiki. Eta borroka horiek ez dira onargarriak frantziar estatuarentzat. Are gehiago, mehatxu bat suposatzen dute. Horren ondorioz kendu dizkiete gutxieneko eskubideak militante hauei, militantzia politiko bat aurrera eramateko ezinbestekoak direnak. Finean, beraien militantzia politikoa debekatu dute, sententzian horrela esplizituki jaso gabe.Hala ere, kondena hau ez da soilik 5 gazte horien kontrakoa, militante politiko ororen kontrakoa baizik. Eta mezua argia da: onargarriak ez diren mobilizazio eta borroka moldeak erabiltzen dituen pertsona eta antolakunde orok militante hauek izan duten patu berdina edo okerragoa izango dute. Horren ondorioz, soilik asimila eta onar ditzaketen borroka politikoak burutzea dute helburu, borroka iraultzailea suntsitzeko.

Horren guztiorren aurrean, Euskal Herrian horrelako erasoei aurre egiteko baldintzak sortzea dagokigu, ezin dugulako onartu militantzia politikoari trabak jartzerik eta are gutxiago debekatzerik. Erantzuna, aldiz, ezin dugu unean une eta tokian toki eman. Geuri dagokigu Euskal Herri mailan antolatu eta militantzia politikoaren kontrako erasoei aurre egingo dieten borrokak martxan jartzea, borroka hauek amnistiaren helburupean kokatu behar ditugularik. Izan ere, errepresioaren kontrako borroka ezin dugu soilik modu defentsiboan ulertu. Errepresioa gauzatzen duen oinarria suntsitzeko borroka burutu beharra dugu, soilik horrela lortuko baitugu Euskal Herri Langilearen kontrako jazarpena gainditzea.Beraz, hemendik, antolatzeko eta borrokatzeko deia luzatzen dut, errepresioaren kontra, militantzia politikoaren defentsan eta amnistiaren helburuaren alde arituko den borroka indartzeko.

Erori, zutitu eta segi, geurea baita garaipena!

Kai Karasatorre Martinez (ASKE antolakundeko kidea)

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal