lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 20/02/2018

Otsailaren 22an Arrasatera, greba eskubidea orain! Iraultzaieon arteko elkartasunak ez du mugarik!

Ikasle Abertzaleak,
Ez dugu atzera pausurik emango, Arizmendi zure hitza bete arte!

 Ondoko ohar honen bidez, Arrasatera ostegun honetan hurbiltzeko deialdian berretsi eta Euskal Herriko langile klaseari, eta bereziki honen kapa iraultzaile eta antolatuari bertaratzeko deia luzatzen diogu. Beste alde batetik Arizmendiko zuzendaritzari zuzentzen gatzaizkiogu argi adieraziz ikasle borrokak ez duela etenik, aurrera joko dugula jartzen dizkiguten oztopoak jartzen dizkigutela, borroka hau ez delako IA eta zuzendaritzaren artekoa, klase gudaren ondorio bat baizik, zapalduon interesen alde lerratu den eta egungo egoera betikotu nahi dutenen artekoa baizik.

 Dei egiten dugu langile klasearen aldeko borrokan berrestera, horretarako elkartasun iraultzailea praktikara eramanez. Zapalduok baturik jardun behar dugu, sistema kapitalistan estrukturalak diren zapalduon aurkako erasoei kolektiboki erantzunez, hau da klase gisa jardunez. Sektorialak diren borroka oro orokortu beharra dugu. Klase bat eta bakarra gara, klase gisa jardutea dugu burgesiari aurre egiteko modu bakarra. Ez dugu elkartasuna auzi moral gisa ulertzen, praktika iraultzaile gisa baizik, elkartasun sareak sortu beharra ditugu, bai ikastetxeetan eta baita ikastetxeetatik kanpo ere, langile klasearen arazo guztiei kolektiboki erantzunez. Kanporatua den langilearen alde lerratuko gara,, erasotua den emakumea babestuko dugu, langile klase osoak pairatzen dituen erasoei erantzungo diegu, etsaia burgesia delako, bera delako pairatzen dugun egoeraren erantzule nagusia.

 Arizmendiko ikastolan urteak dira greba eskubidearen aldeko borroka hasi zutenetik ikasleek. Zuzendaritzak espero gisa jokatu du, horrelako kasuetan burgesiaren interesak (egungo egoeraren egonkortze eta erreprodukzioa) defendatzen dituen edozein gestorek bezala, zapalduok engainatzeko edozein trikimailu, mehatxu eta gezur erabiliz. Baina nazkatu gara. Ez dugu beraien hitzetan sinesten, greba eskubidea nahi dugu Arizmendiko ikasleok, eta ez hitz politez apaindutako promesarik.

 

Kooperatiba bat direnaren horretan aurpegi zuritzeko hamaika aitzakirekin betetzen dute ahoa askotan. Ez da gure nahi eta egin beharra gaurkoan kooperatibismoa zalantzan jartzea, ezta gutxiago ere, baina izan kooperatiba, ikastetxe publiko edo katolikoa ere, badakigu, egungo esplotazio eta zapalkuntza egoerak erreproduzitu, gestionatu edo asko jota erreformatxoak egiteko tresnak direla hezkuntza instituzioak, kasu honetan Arizmendi ikastola ere bai. Bereziki Arizmendi ikastola, ikasle iraultzaileon borroka eta beharrei bide eman ordez, etengabeko oztopoak jartzen ari direlako, zapalduon borrokan paper garrantzitsua jokatzen duen greba bezalako tresna bat ukatuz. Gainera, paternalismo eta handitasun haizez beteriko mespretxuz ikasleak gutxiesten, zertan ari garen jakingo ez bagenu bezala.

 

“IAk jarrera bat du, baina ez da ikasle mugimendu bakarra, ezta ikastetxeko komunitatea osatzen duen eragile bakarra, denona entzun eta adostu beharko dugu”

 

Arizmendiko zuzendaritza kideek ez dute gure jarduna ulertzen. Ez gara ikasle guztien ordezkari, ez dugu izan nahi, ezin gara ikasleon ordezkari izan, ikasleria bera bakarrik delako bere ordezkaria. Ikasle zapalduon interesen alde borrokatzen duen antolakundea gara, eta ez, ez dugu onartzen beraien “eztabaida-mahai” hori. Ez dugu IA eta zuzendaritzaren arteko negoziaketa mahai bat nahi. Ikasleek bere gain hartuko dute erabakia, horretarako gu, ikasle guztiek gutxi barru nahi eta behar dutenean, mota guztietako erasoez defendatzeko erabili ahalko duten autodefentsa mekanismo baten alde ari gara lanean: GREBA ESKUBIDEA! zuzendaritzak ez du zer esanik ikasleekiko, berdin zaigu zer dioten.

 

Zapalduon hezkuntzaren eraikuntza da gure jardunaren ardatza, gure botere propioaren bitartez. Euskal Herriaren askapena lortzeko bide bakarra baita lotuta izan eta nahi gaituen burgesia eta estatuei aurre egiteko. Horretarako klase gisa jardun behar dugu, elkartasun sareak sortuz, burgesiari bere boterea desegin eta geroz eta espazio gehiago gure beharren arabera gestionatuz, tokian toki zapalduon agintea ezarriz. Baina bide horretan ezin gara sektorializatu, baturik behar dugu egon borroka orotan. Ezin dugu borroka nazional bat borroka orokor eta abstrakto gisa ulertu, tokian toki erantzuteko ere nazionalki aktibatu behar gara.

 

Mobilizazio nazionalak deitzean lelo orokor baten baitan egin ohi dugu, bada garaia problematika zehatzei ere nazionalki erantzuteko. Problematika lokalak tokian toki erantzuteari ekin genion ikasturte hasieran, badira lokalki irabazi diren borrokak, baina badira oraindik irabazi beharreko hamaika borroka. Borroka horiek aurrera eraman eta irabazi egingo ditugu, baina horretarako kolektiboki jardun beharko dugu. Klase elkartasuna hain ahul aurkitzen den testuinguruan inoiz baino gehiago denon laguntza behar dute Arrasateko kideek, haien borroka gure eginez gurea ere indartzen dugulako, bertan dugu hitzordua beraz langile klasearen alde lerratu garenok. Otsailaren 22an 12:30ean Arrasaten ikusiko dugu elkar!

 

Gora Arizmendiko ikasleon borroka!

 

Ez dugu atzera pausurik emango, Arizmendi zure hitza bete arte!

 

 

Ikasle Abertzaleak, Otsailaren 19an

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal