lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 02/06/2026

"Probokazio poliziala"

Kai Karasatorre
Kai Karasatorre, ASKE Antolakundeko bozeramailearen iritzi artikulua azken boladan Ertzaintzaren bortizkeriaren inguruan.

Asteburu honetan Ertzaintzaren eskutik bi gertakari larri jazo dira Euskal Herrian. Batetik, torturak eta sekulako jazarpena jasanda iritsi berri ziren flotillako kideen aurka bortizki eta gupidarik gabe oldartu zen Ertzaintza, izugarrizko amorrua eta inpotentzia sorrarazten dituzten irudiak utziz. Bestetik, Alaveseko zaletuen aurka oldartu ziren, taldeari harrera egiten eta jai giroan zeuden bitartean. Asteburu honetako gertakariok segurtasuna eta poliziaren presentzia berdintzen dituztenen argudioak birrindu dituzte beste behin ere. Gertakariak eta testuingurua direna direlarik ere, biolentziaz eta bortizkeriaz ari garenean beti errepikatzen da aldagai bera: polizia.

Alta, polizia ez da delituen aurrean neurriak hartzeko edo neutraltasun batetik gizartearen ongizatea bermatzeko sortu. Polizia kapitalisten ordena soziala mantentzeko sortua izan da. Gauzak horrela, bere jatorrizko funtzioei uko egin gabe, ordena sozial hori auzitan jar dezakeen estratu sozialaren aurka egiten du, sistematikoki Euskal Herri Langilearen askatasun zibil eta politikoak urratuz.

Hasieran aipatutako bi gertaeretara joz gero, baliagarriak zaizkigu egoera berdinean poliziaren presentziarekin edo gabe emandako kasuistikak alderatzeko. Ez da flotillako kideei egindako lehendabiziko ongi etorria, ezta Alaveseko zaleek euren taldeari egindakoa ere. Beraz, horrelako ekintzak normaltasunez garatutako kasuen kontrara, zer aldatu da oraingoan? Ustez bertakoen segurtasuna eta arazorik ez egotea bermatu behar zutenen parte hartzea. Ederra, bai, eskaintzen diguten segurtasuna!

Gertaeren larritasunak eta sozialki izandako iskanbilak zein hauetatik eratorritako kale mobilizazioek Bingen Zupiria Segurtasun Sailburua adierazpen publikoak egitera behartu dute. Hala ere, “Ertzaintzaren jarduna gaizki egon da” eta “sentitzen dut” esateaz batera, flotillako kideen eskutik “probokazioa” egon zela esatera iritsi zen. Probokaziotzat har dezakegun bakarra, ordea, Ertzaintzaren presentzia izan zen. Entitate sionistaren eskuetan basakeriak pairatutako kideen harrerara hauekin harreman militarrak dituzten horiek bidaltzea... Hori bai probokazioa!

Horrekin gutxi ez, eta Zupiria flotillaren borrokaren zilegitasuna auzitan jartzen saiatu da, ETAren mamua astinduta hauetako kide baten ibilbide militantea baliatuz. Dena den, hau ez da harritzekoa. Izan ere, errepresioari beharrezkoa zaio jazarriko den pertsona edo taldearen gaineko kriminalizazioa, gerora datozen oldarra eta kolpeak zilegitzeko. Oraingoan, ordena baino ez dute irauli izan behar.

Halaber, oraindik “suak piztuta” mantendu nahi dituztenak daudela adierazi du sailburuak. Aitzitik, Euskal Herri Langilearen kontra jazarrita, polizia da su hori piztu eta gero eta handiago bilakatzen ari dena etxegabetzeak gauzatuz, langile borrokak jazarriz, antifaxistak jipoitu bitartean faxistak besarkatuz…

Hau dena ez da polizia eredu zehatz baten ondorio, ezta ardi beltz batzuen existentziarena ere. Are gutxiago, Euskal Herrira mugatzen den fenomenoa. Poliziak gizarte kapitalistan betetzen duen funtzio sozialaren ondorio zuzena dira. Azken finean, aurreko baieztapenek poliziaren egiturazko funtzioa ezkutatzea dute xede, polizia bera zurituz. Baina polizia kapitalismoarekin sistema armen bitartez defendatzeko sortua da eta bere egitekoa aurrera eramateko determinazio osoa du. Horrela, funtzio horretan, sistemaren kontraesanak azaleratu eta hauen kontra egiten dutenak poliziaren etsai zuzen bilakatu, eta jomuga besterik ez dira.

Nahikoa da horrelako jazarpen kasuak pairatu behar izateaz! Nahikoa biolentzia polizial basatiaz eta honek duen inpunitatearen babesaz! Nahikoa da horrelako jazarpen kasuen ostean ondorioak jazarrien gain egoteaz! Beharrezkoa dugu horrelako gertakari errepresiboen aurrean modu eraginkorrean erantzuteko tresna politikoak sortzea. Bide horretan, ekainaren 6an Amnistiaren aldarrikapenerako eta jazarpenaren aurkako borrokan hitzordua daukagu Durangon antolatutako Amnistia Egunean.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal