lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 12/06/2023

Tubacexeko grebalarien aldeko elkartasun dinamika aurkeztu dute

Zigor Olabarria Orreaga, Argia
Osotara 20 urteko espetxe zigorra eta isun ekonomikoak eskatzen ditu fiskaltzak Aiaraldeko greba mugimenduan parte hartu zuten zazpi herritarrentzat.

Tubacexeko auzipetuek, senideek eta lagunek antolatu dute agerraldia, eta enpresako langile batzordeak eta Erresistentzia Kutxak babestu dute ekimena. Bertan jakinarazi dute ekainaren 15ean, osteguna, langile bat epaituko dutela Gasteizko Epaitegietan, eta elkartasuna adierazteko kontzentrazioa egingo dutela epaitegien aurrean egun berean, goizeko 9:30etan. Fiskaltzak 21 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du langilearentzat, agintaritzaren kontrako atentatua eta desobedientzia leporatuta. Agerraldian salatu dutenez, ordea, Ertzaintza izan zen langilearekin bortitz jokatu zuena, eta betiereko lesio bat eragin zion atxiloketaren unean

Irailean beste bi epaiketa

Irailean bigaren epaiketa bat egongo dela iragarri dute prentsaurrekoan. Eskualdeko beste enpresa batzuetako hiru langile epaituko dituzte bertan greba mugimenduan parte hartu zutenak, eta orotara lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak hirurentzat. Auzipetze horrekin borrokaren eta elkartasunaren kriminalizazioa bilatzen dutela salatu dute.

Elkartasunerako deia

Aste honetan eta irailean auzipetuko dituzten lau grebalariez gain beste bi daude epaiketaren zain. Orotara fiskaltzak 20 urteko espetxe zigorrak eskatzen ditu guztientzako –bi ertzain akusazio partikular gisa aurkeztu dira grebalarietako baten aurkako prozeduran eta hiru urteko espetxe zigorra eskatzen dute, fiskaltzak 14 hilabeteko zigorra eskatzen duenean–.

Tubacexeko grebarekin lotuta egin zen jada lehenbiziko epaiketa bat, eta auzipetua errugabe izendatu zuen epaitegiak. Orduan epaitutako herritarrak hitza hartu du agerraldian, eta nabarmendu du epaiketan agerian geratu zirela “ertzainen gezurrak”. Datozen epaiketen aurrean, epaitu guztien absoluzioa exijitu dute agerraldian, eta elkartasuna agertzera deitu dituzte herritarrak.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal