lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 10/01/2023

1.068 tortura kasu izan dira Nafarroan, Kriminologiaren Euskal Institutuaren arabera

Julen Aperribai

1960tik gaurdaino tortura eta tratu txarrak salatu dituzten 891 pertsona identifikatu dituzte Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako ikerketa batean. Horrenbestez, eta 2017an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei oraingoak gehituta, guztira 5.181 kasu erregistratuta dauzkate Hego Euskal Herrian.

Nafarroan 1979tik 2015era arte izandako tortura kasuak jasotzen dituen txostena eman dio Kriminologiaren Euskal Institutuak Nafarroako Gobernuari. Torturak eta tratu txarrak salatu dituzten 676 pertsona identifikatu dituzte ikerketaren egileek aldi horretan, eta kasuak gutxienez 825 izan direla uste dute. Dagoeneko aztertuak eta datu basean txertatuak dituzten espedienteetatik eratorri dute datua: 434 pertsonak jasandako 532 tortura kasu daude erregistratuta, eta proportzio horren arabera (%22) egin dute kalkulua.

Ikertutako lehen urteetan antzeman dituzte tortura kasu gehien. 1979tik 1984ra bitartean, esaterako, 180 izan ziren, eta 1980an, 46. Ondoko urteetan apaltze bat izan zen, baina atzera ere nabarmen egin zuten gora 1990eko hamarkadan. 1991tik 1996ra bitartean, 102 kasu izan ziren. Mende berriarekin batera, tortura kasuen kurbak behera egin zuen, baina, hala ere, 132 kasu 2000tik aurrerakoak dira; lautik bat. 2010etik aurrera zenbatutako kasuak hemezortzi dira.

Torturatuak non atxilotu zituzten ere jakin ahal izan dute ikerketaren egileek, hiru kasutan ez beste guztietan. Nafarroan, %81,6 atxilotu zituzten; Gipuzkoan, %9,2; Bizkaian, %4,7; Espainian, %3; eta handik kanpo, %0,9. Gehienak (%43,1) lau eta hamar egun artean eduki zituzten atxilotuta, eta hiru edo gutxiago beste asko: %37.8. Inkomunikazio aldian torturatuek zuten adinari behatuta, ikusten da 30 urtetik beherakoak zirela hamarretik ia zazpi; eta 18 eta 20 urte artekoak, %11,9.

Frankismoan eta trantsizio garaiko urteetan izandako tortura ikertua zuen Kriminologiaren Euskal Institutuak berak aurrez. Horiei orain argitaratutakoak gehituta, guztira 1.068 dira identifikatutako tortura kasuak; kaltetuak, berriz, 891 lagun. Horietako 621en espedienteak aztertuak dituztela jakinarazi du ikerlari taldeak, eta 254enak falta zaizkiela. Aurreikusten dute 310 tortura kasu eratorriko direla horietatik.

«Salatutako kasuen kopuruak eskala handiko abusuez hitz egitea baimentzen digu, zeinek, testuinguru jakin batean egin baziren ere —borroka antiterroristan, nagusiki—, hurbileko garaietara arte iraun duten, nahiz eta azken urteetan gutxiago egin diren», azaldu dute ikertzaileek txostenean. Torturatuek jasandako indarkeria «ukatua» izan dela salatu dute, gainera, eta, ondorioz, ez dutela ikertu, ezta zigortu ere. Azaldu dute horrek instituzioekiko eta justizia sistemarekiko «konfiantzarik eza» eragin duela biktimengan.

Ikerketa «amaitu gabe»

Edozein modutan, ikerketa «amaitu gabe» dagoela azpimarratu dute, eta proiektuari jarraipena izatea «komenigarria» litzatekeela uste dute, oraindik ikertu gabe dauden kasuak atzemate aldera. Hori egiteak, diotenez, lagunduko luke jakiten zein izan den torturaren «egiazko tamaina».

Laura Pego abokatuaren gidaritzapean egin dute ikerketa, eta hark eta Pako Etxeberria eta Jeannette Ruiz Kriminologiaren Euskal Institutuko kideek eman diete txostena gobernuko ordezkariei: Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari, Martin Zabalza Bake eta Elkarbizitza zuzendariari eta Txema Gonzalez Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuko zuzendariari. Izan ere, giza eskubideen urraketak aztertzeko diru laguntza baten deialdiaren ondorioz egin dute ikerketa.

Ikerketaren emaitzak argitaratuta, beraz, 1960tik gaurdaino Nafarroan izandako tortura kasuek aitortza ofiziala jaso dute Nafarroako Gobernuaren aldetik, eta, halaber, Hego Euskal Herrian izandako tortura kasuen argazkia ematen du. Izan ere, duela sei urte argitaratu zituen Etxeberriak gidatutako taldeak Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagozkion datuak. Ikerketa haren arabera, 4.113 tortura kasu izan dira 1960tik 2014ra bitartean: Espainiako Poliziak egindakoak, 1.792; Guardia Zibilak egindakoak, 1.785; eta Ertzaintzak egindakoak, 336. Orain argitara emandakoak ordukoei gehituta, 5.181 kasu dira guztira.

Kriminologiaren Euskal Institutuak ondutako lanaren balioa goretsi du Ollok, «goi kualifikazioa duen ikertzaile talde batek» egina delako eta azken hamarkadetan Nafarroan izandako «giza eskubideen urraketa handi bat ikusarazten» duelako. Halaber, adierazi du eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek egindako urraketen biktimak aitortzeko «tresna» izango dela Poliziaren Biktimen Legearen Balorazio eta Erreparazio Batzordearentzat.

Sarea: «Bide bat egiten hasi da»

Behin azterlana ezagututa, Nafarroako Torturatuen Sareak «positibotzat» jo du haren edukia, urteetan egindako eskaera bati azkenean erantzuteko gauza izan delako. «Ikerketa horren bidez, torturaren aitortzaren inguruan bide bat egiten hasia da. Gure herrialdean erreparaziorako lehenengo urratsak egiten hasi dira».

Sarearen irudiko, orain argitaratutako datuei aurretik frankismoan izandako tortura kasuen azterlana edo Eusko Jaurlaritzarentzat egindako bestea gehituz gero, 5.181 tortura kasu izan ziren Hego Euskal Herrian 1960tik gaurdaino, eta horiek «kopuru izugarriak» direla uste du.

Bere ustez, ikerketa guztiek balio izan dute azaleratzeko «isilean eta ezkutuan gordeta zegoen eta diseinatua izan den errealite ukatu bat». Sarearen arabera, «Espainiako Estatuak eragindako indarkeria politikoaren adierazpenetako bat izan da tortura» eta hainbat garaitan erabili. Hamarkadotako isiltasunaren aurrean, «tortura sistematikoa» izan dela nabarmendu dute, eta «inoiz ez bere kabuz aritzen diren funtzionario publikoek praktikatua».

Torturatuen Sareak uste du errealitatea «bere osotasunean» ezagutu behar dela eta haren ondorio guztiak aztertu «erreparaziorako bideak ireki daitezen eta ez errepikatzeko bermeak ezar daitezen». Bide bat egiten hasi dela-eta, Nafarroako torturatuen elkarteak dei egin dio Nafarroako Gobernuari bide horretan jarraitzeko, «EHUko Kriminologia Institutuak proiektua guztiz garatu dezan» eta «torturaren dimentsio osoa ezagutu ahal izateko».

Foro Sozialarentzat, aurrerapausoa

Foro Soziala ere mintzatu da txostenaz Twitterren, eta hark ere aipatu du Poliziaren biktimen Nafarroako legea, gogoratuta lege hori aurkeztu baino lehentxeago aurkeztu dutela ikerketa. «Aurrerapauso garrantzitsutzat» jo du, torturatuei «egia, justizia eta erreparazioa» emateko bidean. «Txosten honen bidez, biktima horien gainean zegon susmoaren itzala kentzen jarraitu behar da», adierazi du foroak. Halaber, azpimarratu du konponbideari «asko» lagunduko liokeela alderdi politikoek txostenari «harrera ona» egiteak.

https://www.berria.eus/albisteak/222910/1068-tortura-kasu-izan-dira-nafarroan-kriminologiaren-euskal-institutuaren-arabera.htm

compartir

                

Dirección corta: https://lahaine.org/gC9i

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal