lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 20/09/2023

2013-2023 sufrimenduz eta duintasunez beteriko hamarkada

Asier Guridi Zaloña
Urte hauetako egoerak eta borrokak argi erakutsi dute 2014an babes, nortasun, eskubide, berme eta bizibiderik gabe uztea erabaki okerra izan zela.

2013ko irailak 20an goizeko lehen orduetan Venezuelako Turmero herrian semea eskolako bigarren egunera neramanean Interpolek arma erakustaldi eta show handi bat eginaz atxilotua izan nintzen; Interpoleko poliziek argiro erakutsi zuten kanpoko interesei jarraiki ari zirela eta gainean zituzten dokumentu guztiak Espainiako Polizia Nazionalak emanak zituzten. Turmerotik Caracaserako bidean hainbat argazki eta bideo grabatu zituzten; ni Caracasen Interpolen egoitzara eramana izan nintzenerako Espainian Barne Ministeritzak atxiloketaren berri eman zuen. Operazio hau Espainiaren informazioakin, Espainiak emaniko aginduekin eta eskainitako sari ekonomikoakin egin zen; eta asmoa egun horretan bertan hegazkin batean sartu eta deportatzea zen…. Bainan Caracasen Interpolen egoitzara sartu nindutenean haien arduradun batek, "kafesne" bat hartzera gonbidatuaz niretzat agindu berriak zeudela esan zida. Atxiloketa operazioan parte hartu zutenen arpegiak irribarretik arpegi serio eta tristeetara aldatuak zeuden. Venezuelako inteligentzia zerbitzuaren esku utzi ninduten eta hauen instalakuntzetan egingo nuen egonaldi bat. Argi ikusten denez Venezuelako Estatuak garaiz parte hartu zuen, deportazioa gelditu eta bestelako agindua eman; eta hori eskertu beharrekoa da.

2023ko azaroan 18 eguneko gose-egarri greba bat burutu nuen inteligentziako zerbitzuen egoitza barruan. Egoera aldatzeko negoziatzera etorri ziren eta handik hiru egunetara nire bikotea eta semea zeuden etxera eramana izan nintzen.

Kalean inolako nortasun agiririk gabe aurkitu nintzen; nere izenaz bizitza egiten, bainan nor nintzen erakusteko agiririk gabe. Berehala "Asier Guridirekin elkartasunean eta bere askatasunaren alde" izenakin sortua zen taldeaz bilera izan nuen, ordurarte egindakoa eskertu eta aurrerantzean egin beharrekoa aztertu genuen. Talde hau Fredy Gutiérrez abokatu Konstituzionalista eta Hugo Chavezen abokatua izanikoa, Rafael Uzcategui gerrilari ohia, Tamanaco de La Torre chavista, ezkerreko alderdietakoak, gerrilari izanikoak eta Venezuelako Euskal Errefuxiatu eta deportatu politikoen kolektiboko kidea. Bilera honetan aurrera begira zer egin ere aztertu zen eta ahobatez erabaki zen nortasuna, babesa, bermeak, eskubideak eta bizibaldintza duina emango zuen asilo polítikoa edo errefuxiatu izaera lortzea beharrezkotzat hartu zen. Eta horrela, 2013ko abenduan ordurako kantzileritzan eskatua zegoen asilo politikoari gehigarria egin zitzaion eta bestalde Errefuxiatu Izaera eskaria ere egin zen

2014ko urte hasieran Madrilen egoitza diplomátiko batean Amaiur eta EHbilduko hautetsiak izan ziren eta baldintza onartezinak asumitu zituzten. Asier Guridi Zaloña nortasun, babes, berme, eskubide eta bizibiderik gabe geratu behar zela asumitu zuten; honek Bere familiarengan ere ze ondorio zituen pentsatu gabe. 2014ko apirilean Iñako Goioaga Espainiako Senataria izan zen Madrileko egoitza diplomátikoan asumitua Caracasen inposatzera/ezartzera etorri zen unea; Hotel Albara deitu ninduen eta "solidario izanez" geldi gelditzeko agindu zidan, hau da, nortasun, berme, babes, bizibide eta eskubiderik gabe eriotza zibileko bizitzan geratzea inposatu zidan.

2014an hasi zen sufrimendua, eriotza zibila eta linboko egoera. Gatibu hartu nindutenerarte nuen lanbidea egin ezinik eta familia aurrera ateratzeko ezintasunakin. Poliziak nortasun agiria eskatzen zidan aldiro arazoak eta poliziei dirua eman beharra… Linboko egoeran, bizibiderik gabe, jakiak eskuratzeko arazoekin, semea instituzio eta kirol elkarteen aurrean nik ordezkatzeko ezintasuna. Handik laster Venezuelan egoera ekonomikoa guztiz okertu zen eta dendetan erosketak egin ahal izateko Nortasun agiria derrigorrezkoa bihurtu zen; halako agiririk ez nuenez jaki eta bestelakoen erosketetatik baztertua izan nintzen.

2020an Estatu Espainiarrean indarrean nituen kasu juridikoak preskribatu eta artxibatuak izan ziren. Une hau profitatu nuen Caracaseko Espainiako Kontsulatu orokorrean nire pasaportea eskatu eta ordaintzeko; bainan Estatu Espainiarrak nire Identifikazio eskubidea urratuz pasaporterik gabe utzi ninduten. 2021eko abenduak 3an lehen gose greba hasi nuen Espainiako Kontsulatu Orokorraren azpian eta abenduak 7an, Venezuelako Gobernuak errefuxiatu izaeraren aitorpena onartuaz erreakzionatu zuen.

2021-2022 urteetan, Errefuxiatu Izaeraren Aitortza aktak zioenari jarraiki Venezuelako Identifikazio agiria eskuratzeko tramiteak hasi nituen eta errefuxiatuontzat bete ezinezko baldintzekin aurkitu nintzen. SAIME edo Venezuelako Identifikazio Zerbitzuak Espainiako Pasaportea indarrean aurkeztea eta 1500$ ordaintzea eskatzen zidan besteak beste… Horrela 2022ko maiatzean martxoa-apirila aldera gose greba berri bat hasi nuen Caracasen Espainiako Kontsulatu orokorraren egoitza azpian, ordaindua nuen nire pasaportea eskatuz, Identifikazio bat izateko nire eskubidea aldarrikatuz. Espainiako kontsulak hartu ninduen eta ez emateko agindua zutela esan zidan; horrela 36 egun egin nituen gose greban eta Caracaseko Perez Leon hospitalean hospitaletaratua izan nintzen.

Gose greba gogorretik errekuperatuta, instituzio eta autoritate ezberdinengana idazkiak helarazi eta bestelako kontaktuak egin nituen. Ehun eta berrogeitahamar egun inguru iraungo zuen kale agerraldi edo plantoia ere hasi nuen; Nortasun agiriaren aldarrikapena batera eta bestera eramanez; Venezuelako Fiskaltza Orokorraren aurrean hilabetez gau eta eguneko bijilia edo egonaldia egin nuen.

Azkenean 2023ko maiatzak 3an Venezuelako Errepublika Bolibariarreko Asanblea Nazionalean izaniko ekitaldi ofizialean, Diputatuen Kanpo harremanetarako Komisioko diputatuen aurrean, Venezuelako Identifikazio Zerbitzuko zuzendaria den Gustavo Vizcainok Venezuelako Nortasun Agiri Nazionala eman zidan.

Eta egiazko nortasuna egiaztatzen duen Venezuelako Agiri Nazionala eskutan izanda zer?. Ba nire seme Ibanen jaiotza agiria zuzenduz bere eskubideak eta legalitatea bermatzea falta da. Iban oso kontextu berezian jaio zen; jazartua nintzen eta ihesi zegoen/nengoen aitaren seme izanik ezin izan zen erregistro zibileko aurkezte normal eta zuzenik egin. 2022ko ekainean sartu nuen epaitegian Ibanen jaiotze agiria erregistro Zibilean zuzentzeko eskakizuna eta epaileak forma arrazoiak medio "bidegabea" bezala ebatsi zuen eta bide administratibora bideratu ninduen. Venezuelako Aragua Estatuko Erregistro Zibilaren aurrean egin nuen zuzenketa eskakizuna eta 2022ko azaroak 31rako erantzungo zidatela esan zidaten; hainbat aldiz joan nintzen erantzun bila eta azkenean 2023ko apirilean nire expedientea galdu zutela eta ez zutela erantzungo esan zidaten. Horrela Venezuelako CNE-ko erregistro zibileko errektore Alexis Corredorengana jo nuen eta berakin elkarrizketa bat izan nuen. CNE-ko Erregistro Zibileko Zuzendari Orokorra den Irwing Gonzalezengana jo nuen eta hark idatziz erantzun zuen, Ibanen jaiotza agiria zuzentzeko "ez konpetentea" bezala agertuz eta epaibideetara itzularaziz…. 2023ko abuztuak 7an bigarren aldiz aurkeztu nuen epaitegian Ibanen jaiotze agiria Erregistro Zibilean zuzentzeko agindu dezan eskakizuna eta gaur egun tramite honetan gaude… Era berean arazoa ikustaratzeko kale agerraldiak hasi ditut, Ibanen interes gorena eta eskubideak aldarrikatuaz; elkartasuna eta konponbidea eskatuaz.

Ibanek eskubideak eta legalitatea izan ditzan borrokan jarraituko dut; 2014an errez asko konpondu zitekeen egoera hau Amaiur eta EHbilduko hautetsien erabakien erruz konpondu gabe dago. Erregistro Zibileko agiriak zuzenduz dagozkion eskubide eta legalitatearen jabe egin dadin; Oñatin bizita legezkanpoko egoeran den nerabea izatea utzi dezan; naziotasun bikoitza eskuratuz eskubide guztien jabe egin dadin …

Urte hauetako egoerak eta borrokak argi erakutsi dute 2014an babes, nortasun, eskubide, berme eta bizibiderik gabe uztea erabaki okerra izan zela. Fredy Gutiérrez abokatuak eta Rafael Uzcategui politikatiri eta gerrilari ohiak ere argi dute orain Ibanek dagokion eskubideak berehala izan behar dituela, eta berandu gabiltzala.

Nire bizitzan borroka izan da bidea, norabide eta ardatza; aurrerantzean ere dagozkidan/dagozkigun eskubideen jabe izan arte borrokan jarraituko dut Gure Euskal Herria zatitu eta zapalduaren askatasunaren alde egitea ahantzi dabe…

Asier Guridi Zaloña E-84.612.298

Euskal Errefuxiatu Politikoa

Venezuelako Errepublika Bolibariarra.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal