lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 01/05/2023

2023ko Langileon Nazioarteko Eguneko JARDUN-en irakurketa

JARDUN
Kapitalismoaren neurrirako gizarteko instituzio burgesen aurrean, langile kontraboterea eraiki!

Krisi garaian omen gaude. Langileon bizi baldintzen kaskartzea, langabezia, prekarietatea, pobretzea, soldata errealaren jaitsiera, inflazioa, etxebizitzara jotzeko ezintasuna titularretan… denon ahotan dauden aferak dira, ustekabeak edo nobedadeak bailiran. Baina langile klaseak pairatzen duen esplotazioaren hamaika aurpegi besterik ez dira. Izan ere, langileok sistema kapitalistaren pean pairatzen dugun azpirazioa dela eta, krisia ez da kapitalismoak ziklikoki pairatzen duen gertakaria. Langile klasea krisi egoera konstantean murgilduta biziko da, langileon odolaz eta izerdiaren kontura bizi diren bitartean. Esplotazioa eguneroko gizarte kapitalistaren oinarri eta sistema ekonomikoaren motorra den bitartean, hauek ez dira izaera koiunturaleko gertakariak izango. Burgesiak bere posizioari eutsi eta, aldi berean, etekinak areagotzeko beharrezkoa duen esplotazioan sakontzean, denboran zehar ondorioek hartzen duten forma ezberdinak izango dira.

Hala ere, ezinezkoa da langile klasearen zapalkuntza izaera ekonomiko hutseko parametroetan ulertzea edota hauetara murriztea. Klase gatazkak erro ekonomikoa badu ere, langileriaren zapalkuntzak motibazio ideologikoa eta politikoa ere badu. Azaldu ezina suertatzen da, bestela, Euskal Herriko langile klaseak, asimilazio helburu, estatuen aldetik pairatzen duen ukazioa. Edota langile klasearen egoera iraultzeko, bere esplotazioari eta miseriari aurre egiteko edozelako antolakuntza adierazpenek estatuaren borreroengatik, txakurrengatik zein beren instituzioengatik jasaten duen jazarpen sistematikoa.

Ez baikaitezen inozoak izan, estatua ez da ongizatearen gizartea eta zerbitzu publikoak bermatzearren gizartearen osotasunarentzat diharduen instituzioen multzoa. Estatua burgesiaren posizioa bermatu, bere nagusitasunari eutsi eta honen proiektu politikoaren gauzapenerako halabeharrezko menderakuntzarako tresna da; klase izaera duena eta burgesiaren mesedepean diharduena; gizarte kapitalistaren esplotazio dinamika birproduzitzea ahalbidetu, eta honi legediaren bitartez babes juridikoa ematen diona; ugazaben jabetzak babestu, eta desjabetuak miseriara kondenatzen duena. Esplotazioaren bitartez garatzen diren harreman ekonomiko eta sozialen emaitza den gizarte kapitalistan, injustizia eta jazarpena direlako hau sostengatu eta honi forma ematen diotenak; jazarpena eta injustizia direlako kapitalismoaren eta burgesiaren lengoaia.

Horiek horrela, gorrotoa eta beldurra sustatzen dute, langileon arteko batasuna galarazi eta banaketa sustatzeko; langile klasearen arazoen erruduntasuna euren gain hartu beharrean langile sektore konkretuen gain utziz, langile klasearen banaketa sustatu eta areagotzeko. Baina gorrotoaren eta beldurraren aurrean, elkartasuna eta antolakuntza dira langile klaseak sostengatu behar dituen baloreak. Hizkeraz, jatorriaz, arrazaz, sexuaz edota generoaz haratago, Euskal Herria, eraiki nahi dugun Euskal Herri independente eta sozialista, bertan bizi eta lan egiten dugun langile guztion eskutik eraikia izango baita, langileon artean bereizketen gainetik denok klase beraren parte garen heinean.

Hori dela eta, Maiatzaren lehenean langileok geurean berresten gara. Gure aurretik aritutakoen borroka geure eginez eta honi eutsiko diogula argi utziz, esplotazioarekin amaitu behar duen klaserik gabeko gizartea erdietsi arte. Hori baita Euskal Herri Langilearen azken helburua, bide hori jorratzeko independentzia eta sozialismoa ezinbestekoak suertatzen direlarik, Euskal Herriko langileon erabateko askapenari ekin ahal izateko. Kapitalismoaren neurrirako gizarteko instituzio burgesen aurrean, langile kontraboterea eraiki!

Gora Maiatzaren lehena!

Gora munduko langileria!

Gora Euskal Herri independente eta sozialista!

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal