22 gazte identifikatu ditu Guardia Zibilak Trebiñun, VOXen aurkako protestan

Atzo goizean, VOXek ekitaldi bat egin zuen Trebiñun (Araba), eta Santiago Abascal bertan izan zen. Hori dela eta, herriko hainbat gaztek elkarretaratzea egin zuten, "Trebiñu Antifaxista" lelopean. Gazteek salatu zuten faxistak Trebiñura joan zirela "mezu españolistak, arrazistak eta matxistak" zabaltzera. Era berean, gaitzetsi egin zuten egon zen "presentzia polizial itogarria", izan ere, Guardia Zibilak 22 gazte identifikatu zituen. Azkenik, faxismoaren aurka borrokatzeko deia egin eta Trebiñu Araba dela aldarrikatu zuten.
Mobilizazioaren zehar, indar errepresiboen jazarpenaz gain, probokatzaile bati aurre egin behar izan zioten ere. Probokatzaile hori, kamara batek uneoro jarraitzen zuena, antifaxistei galderak egiten saiatu zen, nahiz eta hauek behin baino gehiagotan esan zioten alde egiteko. Hala ere, probokatzailea bertan geratu zen Guardia Zibilak babesten zuen bitartean, eta behin eta berriz errepikatu zuen Trebiñu Burgos dela, eta beraz, Espainia.







