7BAIETZ! Plataformak elkarretaratzeak antolatu ditu Euskal Herriko hamaika txokotan ekainaren 13rako
"Espainiar eta Frantziako estatuei hortzak erakusteko", eta Euskal Selekzioa aldarrikatzeko mobilizatuko dira. Plataformako kide batekin hitz egin dugu mobilizazioen harira.
Ekainaren 11an hasiko den Munduko Koparen harira, 7BAIETZ! plataformak elkarretaratzeak deitu ditu Euskal Herriko hamaika txokotan larunbat honetarako. Algortan, Gasteizen, Hendaian, Portugaleten, Basaurin edota Gopegin arratsaldeko 19:01etan izango dira. Hauetan, Euskal Herrian inposatu nahi dituzten selekzio arrotzen asimilazioa salatu eta Euskal Selekzioa aldarrikatuko dute. Mobilizazioen harira, elkarrizketa egin diogu 7BAIETZ plataformako Asier Ansoleagari.
-Nolatan sortu duzue 7baietz! ekimena? Zein da taldearen jatorria?
Gure selekzioaren zokoratzeak kezkaturiko kidez osaturiko taldeagara, jatorriz Algortan eratua, baina aurka Euskal Herrira hedatze bidean dena. Ideia nagusi baten baitan elkartu ginen: Euskal Selekzioen ofizialtasunaren alde jardutea.
-Zein da taldearen asmo edo helburu nagusia?
Esan bezala, Euskal Selekzioen ofizialtasuna lortzea, ez soilik futbolean, kirol guztietan baizik. Gizonezkoen munduko futbol txapelketaren atarian, beste behin ere gure selekzioari bertan egotea galaraziko zaio, eta hori salatu nahi genuke, han izan arte hemen izango gaituztela esanez.
Horrez gain, gure izaera ukatzen diguten bi estatuen zanpakeria salatzea dugu xede, eta kaleetan geroz eta ohikoagoa den haien ikurren presentzia desnormalizatu. Euskal Herritarrok selekzio bakarra daukagu, eta hori agerian utzi nahi genuke; hargatik gure leloa: “Gure herria, gure koloreak, gure selekzioa”.
-Zein ekimen mota prestatzeko asmoa duzue?
Gure ideia Euskal Herriko ahalik eta toki gehienetan kontzentrazioak egitea da, Ekainaren 13an, egun horretan hasiko baita gizonezkoen mundu kopa. Bateratzeak 19:01etarako deitu ditugu sinbolikoki, zazpi baietz izendapenarekin lotuz. Horrez gain, tokian tokiko egitarauak antolatuko dira: hitzaldiak, kirol- zein kultur-ikuskizunak, kromo zein bestelako merchandising banaketa…
-Batzuek diote futbola eta politika bereizi egin behar direla. Beste batzuek kontrakoa uste dute. Zuen iritziz, futbola politika al da?
Futbola, kirola, erabat kontu politikoak dira, eta kontrakoa adieraztea bera politika egitea da. Munduko fubol txapelketa AEBtan ospatzea ez al da politika? Bertan estatuak ordezkatzea, ereserkiak entzun bitartean emozionatzea politika da, eta Euskal Selekzioak ez dauka joku politiko horretatik kanpo geratzerik. Kirola elementu kultural bat ere bada, eta baita gauzak aldatzeko tresna ere. Oso presente daukagu hori.
-Euskal Selekzioaren aldarrikapen historikoa ofizialtasuna izan da. Nola lor daiteke?
Selekzio ofiziala edukitzeko herrialde independentea izan behar zara, edo liga propioa eduki. Egun, Euskal Herriak ez dauka ez bata ez bestea. Dena dela, badira nazioartean lehiatzeko eskubidea duten zenbait estatu gabeko nazio: Gales, Eskozia, Feroe Uharteak…Galdeketen arabera, EAEko biztanleen %75a Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren alde dago; hortaz, borondate demokratikoa ordezkatzea dagokigu.
-2030eko Munduko Futbol Txapelketaren egoitza posibleen artean Anoeta eta San Mames daude. Zer iruditzen zaizue hori?
Bereziki tristea eta hipokrita. Jokalari euskaldunak selekzio arrotzen kamisetekin jokatzen ikustea beti da mingarria, baina are okerragoa da hori bera etxean ikustea. Dena den, ikusteko dago oraindik ere hori egiaz gertatuko ote den, euskal herritarrok argi utziko baitugu gure aurkakotasuna.
-Azken boladan entzute handiena izan duena esku pilotaren kasua izan da, izan ere, hainbat urteko borrokaren ondoren, munduko txapelketan lehiatzea lortu dute. Nola baloratzen duzue lorpen hau? Uste duzue horrek lagundu dezakeela beste kirol batzuetan, futbolean adibidez, ofizialtasuna lortzen?
Euskal Herrian hain errotze handia duen kirol bateko kirolariek haien selekzioa ofizialki ordezkatzeko aukera izango zutela jakitea, dudarik gabe albiste pozgarria izan zen. Badakigu oraindik asko dagoela egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko selekzioari soilik onartu diotelako ofizialtasuna, baina bide onean emandako urrats gisa ulertzen dugu. Bidea ireki dugu, orain gainerako kirolak bide horretan kokatu eta 7 herrialdeetara zabaltzea dagokigu.
-Eta, aurrera begira, baduzue sakondu nahiko zenuketen ideiarik?
Ekainak 13koa hastapen bat besterik ez da, herri ekimen baten lehen pausoa. Ikusiko dugu herriak nola erantzuten duen, baina etorkizuna ziurgabea izan arren, ekinenari jarraipena emateko gogoekin gaude.
-Besterik gehitu nahi duzue?
Berriz ere futbolera itzuliz, aipamena egin nahiko genioke Euskal Futbol Federazioko zuzendaritza berriari. Konpromiso handia erakutsi du, aspaldian federazioaren partetik ikusi ez duguna, orain kaleetan ere ofizialtasunaren aldeko aldarria berpiztea dagokigu.







