AHT gelditzea eskatuko dute maiatzaren 31an


Ia bi urte pasa dira AHTko euskal Y-aren eta Nafarroako korridorearen arteko lotura erabakitzeko zundaketa kanpaina bat iragarri zutenetik. Zundaketa horiek AHTko proiektuaren obrak hasteko lehen urratsa dira, eta horren jakitun, oposizioak hauen kontrako dinamika parte hartzailea martxan jarri zuen Itza, Sakana, Lautada eta Goierriko herri mugimenduko beste hainbat eragileekin batera.
Zundaketen aurkako dinamikari esker Otxobin eta Izurdiagan ilegalki egindako zundaketa saiakerak bertan behera gelditzea lortu zen. Baina edozein unetan baimen legalekin joanen direla ohartarazi dute, eta horiek ere gelditzea saiatuko direla iragarri dute “zilegitasunik gabe eta indarrez inposatutakoak” direlako. Izan ere, AHTren aurkako jarrera orokorra da kaltetutako herrietan. Gobernu zentralak eta eskuinak “gezurrak zabaltzen” jarraitzen dutela salatu dute, “nahasmena eta intoxikazio kanpaina bultzatuz, herritarrak eta udalak kriminalizatuz”.
Azterketa arkeologikoak
Mobilizazioaren antolatzaileek jakitera eman dute Bianako Printzea Erakundeak Itza eta Sakanako hainbat udaletara bidalitako azken ebazpen batean jakinarazi diela AHTaren ibilbidean zehar hainbat azterketa arkeologiko egitea onartu duela. “Azterketa arkeologiko hauek aurpegi zuriketa hutsa direla ozen salatu nahi dugu, argi gelditu baita nola suntsitu dituzten urte luze hauetan hainbat aztarnategi arkeologiko, besteak beste Tafallako Castellum-aren desitxuraketa”.
Horregatik, AHTaren aurkako “erantzun zabal, anitz eta ozena” ematearen beharra ikusi dute eta horretarako maiatzaren 31an eguerdiko 12:30etan Altsasuko udaletxe aurrean egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute. “Herritarron hitza eta nahia garrantzitsua delako, eta esan eta errespetarazteko asko dagoelako.”