lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 16/11/2024

Algortako Julio Caro Baroja BHI "ikastetxe elitista eta ingelesa" bilakatzeko asmoa gaitzetsi dute

La Haine - Euskal Herria
EAEko 4 ikastetxetan Nazioarteko Batxilergoa ezartzeko prozesua abiarazi dute, 2026/2027 ikasturteari begira eta Euskara eta Lengua Castellana izan ezik, ikasgai guztiak ingelesez emango dira.

Hezkuntza Sailak azaroaren 8an Euskadiko aldizkari ofizialean (BOPV, 218 zenbakia) jasotzen duen 5108 aginduaren bitartez, 2026/2027 ikasturterako EAEn Nazioarteko Batxilergoa lau ikastetxe publikoetan (2 Bizkaian, bat Gipuzkoan ta beste bat Araban) ezartzeko prozesua abiarazi du. Nazioarteko Batxilergoan ikasgai guztiak, Euskara eta euskal Literatura eta Lengua y literatura castellana ikasgaiak izan ezik, ingelesez ematen dira eta hortaz ikasleei hizkuntza horretan maila altua eskatzen zaie, bestetik ere modalitateko ikasgaietan ohikoa baino exigentzia maila altuagoa eskatzen zaie eta ordu lektibo gehiago eskeini behar zaizkie.

Orain arte, Julio Caro Baroja institutuak A eta D ereduetako Batxilergoa izan du, baina 4 urte dira jada zuzendariak bertan eleaniztasun-eredua ezarri zuela DBHn. Eredu honek aukera ematen dute bizpahiru ikasgai ingelesez emateko. Hala ere, azaroaren 14ean izandako Eleaniztasun eta Berrikuntza Batzordeetan zuzendaritzak Nazioarteko Batxilergoa ezartzeko bere proiektua mahai gainean jarri zuen, haren hitzetan “Neguriko ikasleak erakartzeko”. Bertako irakasle euskaldunak adierazi dutenez, “beste ikastetxetako esperientziak argi uzten du modalitate hau ezartzeak ohiko Batxilergo modalitateak desagertzera kondenatzen dituela eta halabeharrez ere DBHko ikasleen/irakasleen profila aldatzera eramaten du ikastetxearen nortasuna goitik behera aldatuz, elitizazio eta bazterketa prozesu sakonak ezarriz”.

Era berean, neurri honekin “egungo ikasleak eta Algortakoak oro har Aixerrota ta Erromoko institutuetara joan behar" izango dutela salatu dute eta IES J C Baroja BHIn "euskara atzerriko hizkuntza baten rolera baztertzen joango dira oposaketetarako ez bada ezer gutxitarako balio ez duen produktu folkloriko ta apaingarri bihurtuta…ta horrek gaur egun herri erdaldun honetako gazteek euskararekiko duten jarrerari, ezagutzari eta erabilpenari buelta emateko oztopo gaindiezina” izango dela azpimarratu dute baita ere.

Azaldutako guztiarengatik eta “neurri hauek gure herrian ta geure hizkuntzarengan etorkizunean izango dituen ondorio larriengatik” berandu baino lehen oposaketa “irmo eta bateratua abiatu behar dela” adierazi dute hainbat irakasle euskaldun, eta hau “herriko elkarteetatik, eskoletatik, ikastolatik, guraso elkarteetatik eta herri mugimenduetatik” etorri behar dela gehitu dute.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal