lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 08/06/2026

Amnistia Eguna burutu du ASKE Antolakundeak Durangon

La Haine - Euskal Herria
Antolakundeak salatu du Euskal Herrian biolentzia poliziala eta errepresioa areagotzen ari direla, eta egoera horri aurre egiteko errepresioaren aurkako tresna politiko baten beharra aldarrikatu du.

Larunbatean ASKE antolakundeak Amnistia Eguna burutu zuen Durangon (Bizkaia). Egunari hasiera eman zitzaion goizeko 11:00etan hitzaldi batekin. Horretan, Ivan Montemayor ikerlariak indar errepresiboek gizarte kapitalistan duten funtzioari buruz aritu zen. Bazkari herrikoiaren ostean, 16:00etan bigarren mahai inguruari hasiera eman zitzaion. Horretan, arma ez hilgarrien gaiaz hizketan aritu ziren, arma hauen ondorioak pairatu dituzten hainbat pertsona eta eragilerekin batera. Bertan parte hartu zuten Jon Pazosek, Iker Aranak, Stop Pelotas de Goma plataformako ordezkari batek eta ASKEko kide batek. Bukatzeko 18:00etan manifestazioa egin zuten "Errepresioaren aurrean, Amnistia osoa" lelopean.

ASKE antolakundeak salatu du Euskal Herrian biolentzia poliziala eta errepresioa areagotzen ari direla, eta egoera horri aurre egiteko "Euskal Herri mailan jardungo duen tresna politiko antierrepresibo bat" eraikitzearen beharra azpimarratu du Amnistia Egunaren harira plazaratutako adierazpenean.

Antolakundearen arabera, "ez dugu atxiloturik, karga polizialik, etxegabetzerik edo sarekadaren albisterik ez duen asterik", eta azken urteotan joera hori gero eta larriagoa bihurtu dela ohartarazi du. ASKEren ustez, jazarpena ez da poliziaren jardunera mugatzen, baizik eta "ertz ezberdinak dituen eta elkarlanean diharduten" egitura baten parte da.

Antolakundeak estatuaren aparatu errepresiboaren osagai gisa kokatzen ditu biolentzia poliziala, jazarpen juridikoa eta administratiboa zein errepresioa legitimatzeko mekanismo kultural eta politikoak. Haien esanetan, horien helburua da "estatuaren bitartez eratorritako biolentzia eta jazarpena naturalizatzea" eta, aldi berean, jazarriak diren pertsonak kriminalizatzea edo deshumanizatzea.

ASKEk nabarmendu du azken urteetan Espainiako eta Frantziako estatuek "militantzia politikoaren aurkako jazarpen zuzena berraktibatu" dutela. Antolakundearen iritziz, fenomeno hori lotuta dago kapitalismoaren krisiari eta estatuen joera autoritarioaren indartzeari. Bide horretan, "Euskal Herri Langilearen aspirazioak" zapaltzeko neurriak areagotuko direla aurreikusi dute.

Antolakundeak arreta berezia jarri du migratzaileen eta sektore prekarioenen aurkako diskurtso eta praktiken gorakadan. ASKEren arabera, estatuak "barne gatazkak sustatzen" ditu, etsaiaren figura langile klasearen barruan kokatuz eta diskurtso arrazistak hedatuz. Horrela, gizartearen arazoen erantzule gisa burgesia seinalatu beharrean, langile klaseko sektore ahulenak jartzen direla salatu dute.

Egoera horren aurrean, mobilizazio puntualak baino harago joateko deia egin du antolakundeak. Haien ustez, "ez da nahikoa kasu zehatz baten aurkako dinamika isolatuak martxan jartzearekin", eta beharrezkoa da estrategia integral baten baitan kokatutako tresna politiko antierrepresibo bat eratzea.

Amnistiaren aldeko aldarria ere berretsi dute adierazpenean. ASKEren hitzetan, "amnistia izan behar dugu ipar", errepresioa gainditzeko eta Euskal Herriko langile klasearen borrokaren zilegitasuna aitortzeko tresna estrategikotzat jotzen baitute.
Azkenik, antolakundeak jakinarazi du bide horretan lehen urratsak ematen hasi dela dagoeneko, eta independentzia eta sozialismoa helburu dituen askapen prozesuan parte hartzeko deia egin dio Euskal Herriko langile klaseari.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal