lahaine.org
Nafarroa :: 11/05/2026

Antsoaingo grebalari baten aurka abiatutako jazarpen poliziala salatu dute

Ahotsa
Martxoaren 17ko greba orokorrean Antsoaingo Udaltzaigoa izandako jokabidea salatu dute. Grebalari bati lau delitu egotzi dizkiote mobilizazio egun horretan izandako liskar batengatik.

Martxoaren 17an Hego Euskal Herrian egin zen 1.500€ko gutxieneko soldataren aldeko Greba Orokorrean Antsoainen izandako liskar baten ondorioz gazte baten aurkako jazarpen poliziala salatu du herri Greba Komiteak. Ostiralean egindako elkarretaratze batean jakitera eman zuten gertakariak: “Martxoaren 17ko goizean, Antsoaingo Udaltzaingoaren jokabide tamalgarria pairatu genuen. Goizeko lehen agerraldian bertan, hitzik esan gabe, bultzaka eta kolpeka hurbildu ziren. Tentsioa saihestu beharrean, doan sortu zuten, are gehiago, metalezko porra luzagarri batekin mehatxu egitera ere iritsi ziren. Ondoren, piketean geunden herritarrekiko jarrera bortitza eta errespetu gabea mantendu zuten”.

Grebalarien esanetan, gertatutakoa manipulatu eta poliziaren bertsioa zabaldu zen hainbat komunikabideetan. “Komunikabide atzerakoietan argitaratutako artikulu sentsazionalistak, kasuan kasuko sindikatu polizialaren babespean, kasu honetan, SPPMErena, eta jarraian aparatu errepresiboaren martxan” jarri zen. Horren ondorioz, grebalarietako bati lau delitu egotzi dizkiote “eta protesta kriminalizatzen saiatu dira isun ekonomikoen bidez”.

Enpatia falta

Grebalariek gogoratu dutenez, Antsoainen egun horretan egindako mobilizazioen bidez “gure bizi baldintzak hobetuko dituzten soldata duinak” aldarrikatu zituzten. “Eta ez da gutxiagorako, datuek eurek argi hitz egiten baitute: 1.935 auzotarrek, langileen %38k, 1.500 euro gordineko soldatatik behera kobratzen dute. Horietatik, 1.170 emakumeak dira (%60 baino gehiago); 955, 34 urtetik beherako gazteak (ia erdia); eta 362, migratutako pertsonak (%19). Greba hau haiengatik izan zen, guztiongatik”, azpimarratu zuten. Horren aurrean, udaltzain hauen “erabateko gaitasun eta enpatia falta” erakutsi izana salatu zuten. Izan ere, “piketeen jardun legitimoa” oztopatu zuten “eta orain egoera are gehiago larritu nahi dute, herritarren, batez ere gazteen, aurkako muntaiak eta salaketa faltsuak erabiliz, gertatu ez ziren ekintzak eta delituak egozten dizkietelarik”. Udaltzainek “herriari zerbitzua eman beharko lioketen langileen %38 horrek baino hainbat aldiz gehiago” kobratzen dutela gogoratu zuten.

Bukatzeko, Greba Batzordetik exijitzen dute “langileen borroka kriminalizatu nahi duen muntai honi berehala amaiera ematea”.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal