Palestinar erresistentziaren alde mobilizatu dira San Ferminetan

Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, ehunka lagunek elkartasuna eta babesa adierazi diote Palestinar Erresistentziari eta genozidioa gelditzeko eskaria zabaldu dute Iruñeko kaleetan. Manifestazioaren buruan, “Sionismoaren era inperialismoaren aurrean Erresistentzia aurrera” pankarta zeramaten, eta “Boikot Israel, Palestina askatu!” edo “itsasotik ibaira, Palestina aurrera” ohiukatu dute besteen artean. Manifestazioaren amaieran, antolatzaileek adierazi dute Palestinarren askatasuna lortzeko “berme bakarra” Israel desegitea dela. Halaber, presioa handitzeko deia egin dute: “presionatzen jarraitu behar dugu, sionismoaren konplize guztiak kolokan jartzeko eta harreman oro eteteko, mobilizazioaren, salaketaren, boikotaren eta beste konfrontazio-tresna batzuen bidez”.
Iruñekoa ez da mobilizazio bakarra izango. Gasteizen, abuztuaren 7an egingo dute protesta, 18:00etan, Andre Mari Zuria plazan hasita, eta Donostiakoa abuztuaren 9ean izango da —19:00etan, Bulebarrean—. Horietaz gainera, Bilbon manifestazio egingo dute, abuztuaren 21ean, 19:00etan, Eliptika plazan hasita.
(Irudia:Ahotsa)







