lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 20/07/2024

Arabako Foru Aldundiak TicketBAl ezarri nahi du Gasteizko Txoznetan

La Haine - Euskal Herria
Txozna Batzordeak jaiak pribatizatzeko saiakera salatu du eta egoera aldatu ezean, aurten ezingo dutela txosnarik jarri ohartarazi dute.

43 urtez milaka izan dira Gasteizko Txosnetaz gozatu duten herritarrak, izan ere, urte luzez hiriko jaietan erreferente izan dira hainbat kontzertu eta ekimen prestatuz. Aurten ere lan egiten jarraitu dute Gasteizko jaietan jendarte osoari espazio hau eskaintzeko, baina Txozna Batzordeak ohartarazi duenez, Gasteizko jaiak hasteko aste gutxi falta diren honetan, Arabako Foru Aldundiak txosnetan TicketBAl ezartzera derrigortu nahi die. “Parekatu egin nahi dituzte txosnak eta irabazi ekonomikoa helburu duen edozein jarduera pribatu” salatu dute eta egoera hau aldatu ezean, aurten ezingo dutela txosnarik jarri adierazi dute.

Hainbat eragileek egindako agerraldi batean txoznen “eredu herrikoi, kolektibo eta sozialak, enpresa pribatuekin parekatzea bidegabekeria eta arduragabekeria” gisa ikusten dutela esan dute eta “urte luzez gure hiriko jaietan erreferente izan diren jai herrikoiak kolokan jartzea” ekar dezakela gehitu dute. Segidan dozenaka kontzertu eta ekimen dituztela prest azaldu dute, “zazpi egunetan zehar txosnagunea musikaz eta bestelakoez betetzeko. Gasteizko jaietako kultur eskaintzaren zati handia txosnetan egiten da, eta milaka pertsona hurbiltzen dira urtero jai gune herrikoi honetara. Ehunka pertsonen borondatezko lanari esker eraikitzen ditugu txosnak, denok gozatu ahal izateko eremua izan daitezen.”

Hori horrela, erakunde publikoek txosnen jardunari jartzen ari dizkieten trabak salatu dituzte, kasu honetan, “zerga-normalizazioak eta iruzurraren aurkako lana aitzakia gisa erabiliz. Izan ere, jai herrikoiak eta txosnak babestu beharreko jai ereduaren oinarri dira, herriaren gehiengo zabalak partekatzen dituen kultura-balioen transmisore”

Ondoren, modu autogestionatuan antolatzen direla, eta irabazi asmorik gabekoa dela bere jarduna argudiatu dute. Horregatik, erakunde publikoei eskatu diete “arduraz joka dezatela jaiak pribatizatzeko batzuen interesaren aurrean, eta herritik eta herriarentzat sortutako jai parte-hartzaile eta herrikoien eredu hau modu autogestionatuan garatzeko oztoporik ez dezatela jarri”. Era berean, Gasteizko jaietako beste espazio batzuetan ez dutela TicketBAl aplikatzea eskatu seinalatu dute, beraz, haiek behartzea jai herrikoien eta txosnen aurkako neurri ideologiko bezala ikusten dute. Bukatzeko borondate politikoa eskatu diote Aldundiari, “jai herrikoiak ez oztopatzeko eta aterabidea erdiesteko”.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal