Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak espetxeratzeko agindua heman dute

Astearte arratsaldean EFE albiste agentziak jakinarazi duenez, eta urtarrilaren 28ko data duen auto baten bidez, Auzitegi Nazionalak Zulueta eta Enparantzaren espetxeratzea agindu du, falta zaien zigorraren zatia bete dezaten. Jakinarazpena jasotzen duten unetik hamar eguneko epea ematen die espetxean beren kabuz azaltzeko, eta egin ezean bilatze eta espetxeratze agindua emango duela ohartarazi du. Naiz-ek aurreratu duenez, bi abokatuek helegitea aurkeztuko dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, baina horrek ez du espetxeratze agindua eteten.
Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi abokatuei Auzitegi Gorenak zigorrak arindu zizkien, bi urtera eta urte eta erdira, ardura "txikiagoa" zutela argudiatuta. Zigorrak bi urte baino luzeagoak ez izanik, Auzitegi Nazionalak aukera eman die espetxeratzea ekiditeko.
2014an espetxeratuak
2014an zortzi euskal herritar atxilotu zituen Guardia Zibilak, EPPK-ko mintzakideen kontrako operazioan: Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak; Aitziber Sagarminaga, Jose Campo, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandoz. Zulueta eta Enparantza oso epe luzean eduki zituzten bakartuta –Zuluetaren kasuan hiru urtez–, beste presoekin harremanik izateko aukerarik gabe.
2022an egin zen 13/13 sumarioko epaiketa. Bertan, besteak beste, Naia Zuriarrainek eta Saioa Agirrek salatu zuten atxilotu zituztenean torturatuak izan zirela, eta defentsak Espainiako inteligentzia zerbitzuak legez kanpo jardun zuela salatu zuen, akusazioak bertan behera uztea eskatuz.







