Oier Gomez eusko gudaria omendu dute, bere heriotzaren zazpigarren urteurrenean

Duela zapi urte, 2019ko urtarrilaren, zendu zen Oier Gomez, ‘Oiertxo’. Azken urteetan, JARDUN koordinadorako kideek bat egiten dute urtero-urtero Gasteizen, euskal preso politiko ohia omentzeko. Hala egin zuten larunbatean ere, dozenaka lagun bildu baitziren. Lehenego, kalejira bat egin zuten Gasteizko Alde Zaharretik eta hau bukatzean lore eskaintza egin zioten eusko gudariari. Beranduago, bertso-afaria egin zen.
2011ko apirilean atxilotu zituzten Oier Gomez eta Itziar Moreno, polizia-kontrol batetik ihes egiten saiatu ostean. Ihes egiteko ahaleginean, liskar bat izan zuten Frantziako Jendarmeriako agenteekin, eta polizia-agente bat zauritu zuten. Gertakari horiengatik, Parisko Krimen Arloko Auzitegi Bereziak 15 urteko kartzela-zigorra ezarri zion gasteiztarrari.
Oier Gomez Baionan hil zen 2019ko urtarrilaren, 35 urte zituela; asteak zeramatzan ospitalean haren osasun egoerak nabarmen egin zuelako okerrera. 2012an, preso zegoela, Hodgkinen linfoma diagnostikatu zioten, eta kimioterapia jaso zuen. 2017ko urtarrilean, Ewingen sarkoma topatu zioten, eta buruan eta aldakan metastasia aurkitu zioten. Haren gaitza "larria eta sendaezina" zela eta hilzorian zegoela jakinarazi zuten orduan medikuek.
Baina, larri egonda ere, preso mantendu zuten Gomez Meauxeko espetxean (Frantzia); apirilean, Parisko Pitie-Salpetriere ospitalera eraman zuten, eta hilabete horretan bertan askatu zuten, bere kondena eta bere aurka ezarritako euro-aginduak etetea onartu ondoren.







