Elkartasuna adierazi diete Munduko Kopako finaleko gertakarien harira atxilotutako bi lagunei

ASKE antolakundeak elkarretaratzea egin zuen atzo Muskizen (Bizkaia), Munduko Kopako finaleko Bilboko gertakarien harira atxilotutako bi gazteei babesa erakusteko. Uztailaren 19an, probokatzaile espainolisten eta Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren alde mobilizatu ziren gazteen artean tentsio une dezente izan ziren Bilbon. Gertakari horien harira, Espainiako selekzioaren jarraitzaile batek salaketa jarri zuen, eraso egin ziotela argudiatuz, eta Espainiako Poliziak bi lagun atxilotu ditu Muskizen eta Itzubaltzetan. Espainiako Polizia liskarren eguneko bideoak ikertzen ari da, jende gehiago identifikatze aldera, baina oraingoz ez du beste inor atxilotuko.
ASKE antolakundeak adierazi duenez, operazioa "espainiar nazionalismoaren oldarraldiarekin" lotu behar da: "Espainiar faxismoaren sektoreetatik egunak daramatzate Euskal Herriaren ukazioaren eta asimilazioaren ikurrak plazaratu eta normalizatu nahi izateaz gain, horri aurre egiteko mobilizatutako euskaldunen aurka jotzen".
Antolakundeak azaldu du hogei orduz ez zuela atxilotutakoetako baten inguruko informaziorik izan: "Ez genuen jakin non zegoen, ez zergatik atxilotu zuten, ez noiz igaroko zen epailearen aurretik, ezta noiz utziko zuten aske ere". Izan ere, Espainiako Poliziak ez zion telefono-deia egiteko eskubidea bermatu.
Lesioak, gorroto delitua eta desordena publikoak egotzi diete atxilotutako bi lagunei. Hala ere, antolakunde antirrepresiboaren ustez, atxiloketen arrazoia "militantzia politikoa" izan da: "Izan ere, mobilizazioan parte hartutakoen aurpegiak zein datu pertsonalak zabaltzen ibili dira inpunitate osoz".
Antolakundeak ohartarazi duenez, gertakari hauek ez dira kasu puntualak; "frantziar zein espainiar estatuek Euskal Herria azpiratuta zein sumituta mantentzeko martxan duten jazarpen estrategiaren baitan ulertu behar dira".
Bukatzeko, ASKE antolakundeak bere elkartasun osoa adierazi zien atxilotuei. Halaber, deia luzatu dio Euskal Herri Langileari atxiloketa hauen eta datozen egun zein asteetan eman daitezkeen oldarraldien aurrean antolatzeko.







