lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 28/07/2026

Atxiloketak Bizkaian, espainolismoari aurre egiteagatik

La Haine - Euskal Herria
Espainiako Poliziak gutxienez bi gazte atxilotu ditu munduko futbol txapelketako finalean jazotako gertakarien harira. Atxilotuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu dute Muskizen.

Pasa den uztailaren 19an, Espainiaren eta Argentinaren arteko Munduko Txapelketako finalaren atarian, milaka herritar atera ziren kalera Hego Euskal Herrian Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko. Era berean, espainiar probokatzaileei aurre egiteagatik sei pertsona atxilotu zituzten Gasteizen, Donostian eta Berrizen. Gasteizen, kalez jantzitako poliziak espainiar ikurrak erabili zituen Euskal Selekzioaren alde mobilizatu zirenak probokatzeko eta mehatxatzeko, eta, karga baten ostean, lau gazte atxilotu zituzten. Donostiako atxilotuari agintaritzaren aurkako atentatuaren delitua egotzi zion Ertzaintzak. Berrizko atxiloketa, berriz, finala amaitu eta ia bi ordura izan zen. Atxilotuak Espainiako bandera bat kendu omen zien bi espainolistei. Gainera, sei pertsona ikerketapean daude, espainiar futbol taldeko jarraitzaileekin edukitako eztabaiden harira.

Dirudienez, errepresioa ez da amaitu, eta atzo, uztailaren 27an, gutxienez bi gazte gehiago atxilotu zituen Bizkaian Espainiako Poliziak. Bata Erromokoa eta bestea Muskizkoa. Atxiloketok eskuin muturraren kanpaina baten ostean heldu dira; kanpaina horretan, Bilboko mobilizazioan parte hartu zuten hainbat lagunen aurpegiak zabaldu zituzten sare sozialetan. ASKE antolakundeak atxilotuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzera deitu du gaurko Muskizen (19:00), kultur etxearen aurrean.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal