Euskal Herrian Euskarazeko lau auzipetuei elkartasuna erakutsi diete Baionan

Otsailaren 5ean, Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) lau lagun epaituko dituzte Baionan, euskararen aldeko ekintza baten harira. Izan ere, joan den irailaren 27an, lauek “Euskaraz bizi nahi dugu” margotu zuten Pirinio Atlantikoetako departamenduak Baionan duen egoitzan. Auzipetuei babesa erakusteko, berrehun pertsona inguru bildu ziren larunbatean Pirinio Atlantikoetako Departamenduko egoitzaren aurrean, Baionan. Elkarretaratzearekin bat egin zuten beste hizkuntza gutxitu batzuetako ordezkariek. Izan ere, Bretainiako, Ipar Kataluniako, Korsikako eta Okzitaniako hizkuntzaren militanteak Baionan egon ziren, euskaltzale talde batekin bilduta.
EHEk salatu du euskararen bazterketa egiturazkoa dela, eta gaitzetsi du Euskal Herria zatitzen duten “bi estatu kolonizatzaileek” bazterketa hori modu sistematikoan “elikatzen eta birsortzen” dutela. Horren aurrean, azpimarratu du euskaraz bizitzea hautatzea ezinbesteko desobedientzia-ariketa dela, estatu linguizida horiek zalantzan jartzeko eta Euskal Herri bidezkoago eta askeago bat eraikitzeko.
Dena den, euskararen biziberritzea errealitate bihurtzeko, funtsezkotzat jo dute Euskal Herriko erakunde publikoek eta alderdi politikoek benetako inplikazioa izatea, “gaur egun gertatzen ez den bezala”. EHEko kide batek gogorarazi zuen urtebete baino gehiago igaro dela euskalgintzak euskara larrialdi egoeran dagoela adierazi zuenetik, eta berretsi du larrialditik indarrera igarotzeko norabidean jarri beharra dagoela, abenduaren 27an milaka euskaltzale bildu zituen pizkundearen aldeko ekitaldia gogoan hartuta. “Mobilizazio hau ere testuinguru horretan ulertu behar da: herritarren kontzientziazioa eta aktibazioa ezinbestekoak dira”, adierazi zuen. Halaber, azpimarratu dute euskararen alde antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzea eta euskararen aldarria erdigunean jarrita kalera ateratzea funtsezkoa dela.
EHEk Frantziako Estatuaren jarrera jarri du jopuntuan: “Euskara eta hizkuntza gutxituak zapaltzen ditu; estatu linguizida da”, adierazi du. “Urteak daramatzagu estatu horren baitan eskariak egiten, baina etengabe horma beraren aurka jotzen dugu. Frantziako eta Espainiako konstituzioek euskara bigarren mailako hizkuntza gisa tratatzen dute”. Euskararen normalizazio-prozesua oztopatzeaz gain, euskara desagerrarazteko borondatea ikusten du jarrera horien atzean. EHEko kideen ustez, horixe da euskararen alde jar daitezkeen baliabide ekonomikoak mugatzearen arrazoia.
Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna lortzea ezinbestekotzat jotzen badute ere, EHEk ohartarazi du gaur egun agerian geratzen ari direla ofizialtasunak berak dituen mugak. “EHEk Euskararen Errepublika du helmuga, hau da, Euskal Herriaren independentzia; lege propioa behar dugu”.







